'Honela dantzatzen dira Bizcayan'

Bizkaie! 2019-04-04 10:02   Kulturea

Iñaki Irigoien Etxeberriak erakutsi gura izan dau emakumeek aurreskuak edo soka-jantzak gidatu izan dituela.

Iñaki Irigoien, liburua aurkezten. Argazkia: Oier Araolaza (Dantzan) | Ikusi handiago | Argazki originala

XVI. mendetik emakumeek euskal jantzetan izan daben parte-hartze aktiboa aldarrikatzen dau Iñaki Irigoienek aurkeztu barri dauen ikerketan. XIX. mendetik aurrera aurreskua gizonen jantzea izan dala esan bada be, historiari erreparauta erakutsi gura izan dau emakumeek aurreskuak edo soka-jantzak gidatu izan dituela.

Liburuaren egilea Iñaki Irigoien Etxeberria da eta adierazo dauenez, Honela dantzatzen dira emakumeak Bizcayan esaldia agiri ei da Christoph Weiditz (1498-1559) margolari alemaniarrak 1529. urte aldera eginiko marrazki baten goialdean. Neska gazte bat irudikatzen da, besoak goian dituala, jantzan. Irudi hori izango litzateke euskal emakume jantzarien lehen frogea. Horregaz hasi eta emakume jantzariak agertzen diran beste zenbait datu aurkeztu ditu Irigoienek. Horreetako batzuetan ikusi daiteke, historian zehar emakumeek jantzan egin dabela Euskal Herrian eta zenbait kasutan baita jantzak gidatu eta zuzendu be.

Datu historikoen ondoren azaltzen dau gaur egun be badirala Bizkaian emakumeek zuzendutako aurreskuak. Zehatz gaur egun emakumeek jantzan egiten daben honako herrietako kasuak aurkezten ditu: Lekeitio, Iurreta, Deustu, Otxandio eta Santurtzi.


Iñaki Irigoien Etxeberria

Historian zehar bikote mistoren batek zuzendu ete dauen soka-jantzarik planteetan dau Irigoienek; argi ikusten dago, bai neskek eta bai mutilek atera izan dituela aurreskuak, baina bakotxak euren aldetik. Oso ohikoa ez bazan be, dokumentu batzuen arabera leitekeena da bateren baten gizon-emakumeek alkarregaz gidatzea aurreskuak.

Irigoienek argi dauka, askotan errealidade hori ukatu bada be, emakumeek aurreskuak zuzendu izan dituela eta hori probau daitekeela, izan be, Bizkaiko zenbait herritan ohitura horri eutsi egin jako da eta beste batzuetan berreskuratu egin da.


Fitxea

Egilea: Iñaki Irigoien Etxeberria.
Urtea: 2019
Azala: Creastudio. Comunicación & Publicidad. Bilbao
Hizkuntzak: Euskeraz eta gaztelaniaz.
Edizinoa: Bilboko Euskal Museoa / Bizkaiko Jantzarien Biltzarra

Informazino gehiago hemen.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu