Labayruk ohorezko kide izentauko ditu Eguzki, Ariztondo eta Kaltzakorta

Bizkaie! 2019-04-04 08:57   Kulturea

Apirilaren 4an egingo dau Labayruk laguntzaileen urteko Batzar Nagusia.

Miren Josune Aristondo | Ikusi handiago | Argazki originala

Labayru Fundazioak apirilaren 4an egingo dau laguntzaileen urteko Batzar Nagusia, urteko jardueren eta diru-argibideen barri emon eta onartzeko.

Aurten, ganera, hiru laguntzaile Ohorezko kide izentauko ditu:

Jesus Eguzkiza Eguzkik esatari ibilbidea egin izan dau, irratian lehenengo eta bikoizle gero. Euskal hizkuntzearen sen apartekoa dauka, adierazkortasuna hizkuntza aberats-gozoagaz janzten dauela.

Miren Josune Aristondo irakaskuntzan eta politikan jardun dauen emakume aintzindaria dogu. Derioko Seminarioko ikastetxean irakasle ibilitako denporatik izan dau loturea Labayrugaz, eta erakundearen babesle handia izan da egon dan leku eta ardura guztietan.

Jabier Kaltzakorta Deustuko Unibersidadeko irakaslea da lanbidez, eta ikertzailea zaletasunez. Bigarren adar horretarako Labayru eta bertako liburutegia ezinbesteko bidelagun izan ditu. Labayrurentzat be haren lanak ekarpen ederrak dira.


Ohorezko kideen aurkezpena:

Jesus Eguzkiza Eguzki


Arrazolan jaioa da 1946an. Han daukaz zuztarrak sakon sartuta berak hain ondo darabilen euskereak. Baserri eta baso inguruan umezaroa emon eta ostean, Seminarioan egin zituan ikasketak.

Lanbidez ahozko komunikazinoagaz lotuta egin dau ibilbide profesionala. Herri Irratian lehenengo eta bikoizketan gero, Edertrack eta Mixer enpresetan. Euskal Telebistako makina bat saiotan entzunda daukagu.

Euskera irakasten be ibilita dago, Bilboko Hizkuntza Eskolan hain zuzen be.

Labayru Fundazioagazko loturea Seminario denporatik jatorko. Udako Derioko Ikastaroa sortu zanean, orain 50 urte beteten dirala, irakasle ibili zan, baita liburuginen be. Laguntasun hori orain arte heldu da, ointxe be, berak lanbide izandako zereginean, bideoei ahotsa ipinten, laguntzaile apartekoa dogu ta.
Labayruko ekitaldiak aurkezten gogoratzen dogu Eguzki betidanik, eta Derioko Udako Ikastaroan Intxauspeko alaba dendaria kantua Ander Manterolagaz abesten, ahots bitara, zeinek grabeago egin.

Hizkuntzeagaz olgetan dakienetakoa da Eguzki, berbak eta esaldiak ondo baino hobeto aukeratzen eta josten, gauzak esateko orduan edertasunaren lilurea transmitiduten. Ahozkoa dau harek komunikabide, doinuera, gozotasuna, adierazkortasuna berban berban dariola.


Miren Josune Aristondo


Ondarroan 1948an jaioa. Ikasketaz kimikan lizentziaduna da, eta zientziako gaiak irakasten ibilitakoa. Etxeko eta herriko giroak lagunduta, euskaltzalea da barru-barruraino.

Irakaskuntzatik momentu baten politikara salto egin, eta horretan hainbat ardura bete izan ditu, hizkuntza-plangintzako arloetan Eusko Jaurlaritzan eta Bizkaiko Foru Aldundian, EAJ alderdiaren barruan ardura politikoetan.

Gizartean agirian eta jentaurrean andrazko gitxi ikusten zan sasoietan, ostean etorri diranentzat bideak urratu ditu Miren Josunek, eragile eta tinko.

Gazte-gaztea zala hasi zan irakasle Derioko Seminarioko ikastetxean, eta bertan egoan Magisterio Eskolan gero. Ordutik jatorko Labayru Fundazinoagazko loturea, erakundea sortu zanetik bertatik, izan be, hango irakasleak Udako Ikastaroetako irakasle ziran, eta ikasleak be batean eta bestean ibilten ziran. Eta harrezkero, egon dan arduratan dagoala, beti euki dau Labayruren lana gogoan eta Bizkaian bultzatu beharreko erakundeetzat, euskal hizkuntzea eta euskal kulturearen alorretan.

Gaur egun be, igarri-igarrian dogu haren itzala, une honetan Artezkaritzako kide moduan.


Jabier Kaltzakorta


Markinan 1961ean jaioa, eta Labayru Fundazinoaren kolaboradorea aspaldi-aspalditik. Gazte-gaztetarik egon da Jabier maiteminduta euskal hizkuntzeagaz eta hizkuntza horren ahozko adierazpen literarioakaz. Unibersidadera Euskal Filologia ikasten joan zanerako, ikasle urtena zan, aurreko ikertzaileen lanak buruan ondo hartuta zituana. Baina liburuetatik ikasten bakarrik ez, euskaldun onen berbetea entzuten be ondo daki Jabierrek, herriko jentearen esanak eta esateko moduak harrapetako prest beti.

Unibersidadeko ikasle-denporan, Derioko Udako Ikastaroan irakasle ibili zan, literaturako gaiak irakasten, eta harrezkeroko guztian lotura horreri sendo eutsi deutso.

Lanbidez irakasle da Deustuko Unibersidadean, aurretik IVAPeko Itzulpen Eskolan eta ETBn sartu-urten batzuk egin bazituan be.

Baina zaletasunez ikertzailea da, horretan emoten ditu laneko orduak kenduta ganerako guztiak. Eta ikerketak egiteko leku eta giro ezin hobea topau ditu Labayruko liburutegian, gehien erabilten dauena bera da gure artean.

Idatzi eta idatzi, sortu eta sortu, agortuten ez dan jakituria-iturri dogu Kaltza, Labayruko argitalpenetan ikusten dan moduan. Harengana joten dogu pitean-pitean, hiztegia dala, bibliografia dala, edozein zalantza sortuten jakun bakotxean. Bai argibideak topau be, ordenadorearen beharrik barik jakingarri guztiak buruz eta zehatz emonda.

Hiruron irakatsiak eta laguntasuna gogoan hartuta, esker ona bihotz-bihotzez agertzeko, omenduten doguz gaur. Bilbon, 2019ko

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu