Euskerea Iparraldean sustatzeko 1.930.000 euroko lankidetzarako funtsa eratuko dabe

Bizkaie! 2019-04-03 13:40   Euskerea berbagai

Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikak eta Euskerearen Erakunde Publikoak berretsi dabe konpromisoa.

Bernadette Soulé, Beñat Arrabit eta Miren Dobaran | Ikusi handiago | Argazki originala

Miren Dobaran Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikako sailburuordeak eta Beñat Arrabit Iparraldeko Euskerearen Erakunde Publikoko (EEP) presidenteak euskerea alkarlanean sustatzeko erakunde bien konpromisoa berretsi dabe gaur, Baionan. 2017-2022 epealdirako hitzarmen markoaren barruan, gaurko ekitaldian 2019rako lankidetzearen lan-arloak ezagutzera emon eta, horregaz batera, erakunde bien diru-ekarpena zehaztu dabe. Erabagi dabe 1.930.000 euro bideratzea Ipar Euskal Herriko euskalgintzako eragile pribatuen lana diruz laguntzeko (igazko kopuru bera). Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak 400.000 euro jarriko ditu helburu horretarako.

Euskerearen Erakunde Publikoaren egoitzan egindako aurkezpenean, Bernadette Soulé EEPko zuzendaria be izan da. Miren Dobaran sailburuordeak nabarmendu dau erakunde bien arteko alkarlanaren eraginkortasuna: 'Sinatu dogun eranskinari esker, diruz lagunduko da euskerazko irakaskuntzan dabizen erakundeen lana, helduen euskalduntzean dabilenena, aisialdia euskeraz sustatzen daben eragileena edota euskerazko hedabideena. Argi dago dirua eta baliabideak jartea ezinbestekoa dala hizkuntza politika eraginkorra aurrera eroateko, baina, nire eretxiz, dirua baino garrantzitsuagoa da une honetan eratu dogun alkarlanerako gunea, alkarregaz egitasmo interesgarriak garatzeko oinarriak finkatzeko balio deuskuna'.

Bestalde, Beñat Arrabitek epe luzeko lankidetza honen izakera estrategikoa azpimarratu dau, bai finantza-laguntzinoari jagokonez, baita hizkuntza arloetako estrategien eta proiektuen lankidetza teknikoen aldetik.


Hitzarmen markoa

Gaur aurkeztutako akordio barri hau posible izan da 2017an Baionan sinatutako 2017-2022 epealdirako hitzarmen markoari esker. 2007an, hizkuntza politika gaietan erakunde bien arteko lankidetza jarraitua abian jarri zanetik hirugarren akordioa da hori. Lankidetza marko horren arabera, Eusko Jaurlaritzeak eta Ipar Euskal Herriko Euskerearen Erakunde Publikoak euskerearen gaineko hizkuntza politikako gaietan mugaz gaindiko lankidetza garatzearen aldeko borondatea berretsi eben. Era berean, alderdi biek zehaztu eben hizkuntza politikearen arloan sustatuko dan alkarlana, mugaz alde bietako ezaugarri juridikoak kontuan izanda garatuko dala, eta alkarren arteko ezbadintasunakazko errespetuan jarduteko borondatea agertu eben.

Hitzarmen markoak alkarlanerako lau arlo zehaztu zituen: euskerearen transmisinoa; hizkuntzearen presentzia eta erabilerea; hizkuntzearen kalidadea; eta, azkenik, euskerearen aldeko jarrerea. Hitzarmen markoak lankidetzarako testuinguru bat zehazten badau be, lankidetzea urtero-urtero zehaztu behar da eranskin baten bidez. Gaur 2019 urteari jagokon eranskina sinatu dabe, lau lan-arlo nagusi zehaztuz:

Lehenenengoa: Helduen euskalduntzea. Hizkuntza-gaitasunaren mugaz alde bietako egiaztagirien baliokidetzearen definizinoa eta antolaketea gauzatu. 2010ean, C1 mailako EGA agiriagaz egin zan moduan, 2019an EEPko zerbitzuek Eusko Jaurlaritzako zerbitzuakaz lankidetzan ibiliko dira B1 mailako agiriaren baliokidetzea gauzatzeko.

Bestalde, 2019ko martiaren 29ko EEPren Biltzar Nagusiak erabagi ondoren B2 mailako agiri barriaren sortze lanak abiatzea, Eusko Jaurlaritzako HABEko zerbitzuakaz alkarlanean egingo da lan hori 2019an. Agiri hau publiko zabalari orain arteko baldintzetan edegiteko helburuaz gan, ikasleentzat azterketa forma digitalean plantan ezartzeko helburuarekin, EEPk, Eusko Jaurlaritzako zerbitzuek garatutako Azternet aplikazioa egokitzeko aukerak eta egingarritasuna aztertuko ditu. Bestetik, EAEn egiten dabizen ikerketak erabiliz, EEPk dagozan laguntza dispositiboen diagnosia egin, ikasleen ikasketa prozesuaren jarraipena egiteko tresnak landu eta, hirugarrenik, ikasketa prozesuaren kalidadea jagoteko dispositibo bat landuko dau.

Bigarrena: EAS - Euskerearen Adierazle Sistemearen proiektua sustatu. 2019rako partaideek adostu dabe alkarregaz sortutako adierazle sistemearen garapena alkarregaz jarraitzea, eta proiektuaren garapenagaz sistemearen eta adierazle egokitzapen lanetan jardutea, lurralde bakotxaren errealidadeak hobeto kontuan hartuz. Bestalde, EAS webgunea elikatzeko lanek be jarraituko dabe.

Hirugarrena: Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikako sailburuordetzearen eta Euskerearen Erakunde Publikoaren zerbitzuen artean informazinoa trukatzea dago. Hizkuntza baieztapena eta terminologiari jagokenez, Ipar Euskal Herrian euskeraz produziduten daben profesionalei, EEPren kide diran erakundeei eta bizitza sozialaren alorreko EEPren partaideentzako hizkuntza aholkularitza zerbitzua eta hizkuntza-baliabideak dakarz EEPk. Erakunde horrek eskainitako zerbitzua optimizetako helburuagaz, 2019an Eusko Jaurlaritzako zerbitzuakazko lankidetzan ez da etenik izango: Itzulpenen kudeaketarako tresnak aztertuz, terminologia adituakaz lankidetzea egituratzeko eta egonkortzeko, Iparraldeko termino bereziak finkatzea helburu izanez.

Euskerearen Aholku Batzordearen Terminologia Batzorde Iraunkorreko Batzorde teknikoetan iparraldeko adituak sartuz, EEPk adituak proponiduta gaiaren arabera.

Era berean, HABE Liburutegia, Euskerearen Erakunde Publikoan dabizen teknikarien dokumentu-hornitzaile izango da. teknikariek dituen dokumentazino-beharrei erantzungo deutse HABE Liburutegiak. Alertak izeneko zerbitzu personalizatua be eskainiko jake. Azkenik, 2019rako erabagi da Eusko Jaurlaritzeak hedabideen arloko laguntza dispositiboetaz egindako azterketea, eta emondako laguntzinoa dispositibo barriari buruzko informazinoa EEPren esku ixtea.

Laugarrena: Inkesta Soziolinguistikoa. 2018an VI. Inkesta Soziolinguistikoaren behin betiko txostenak egin ostean, 2019an, zabalpenerako euskarri osotuak lau hizkuntzetan argitaratuko dira: euskeraz, frantsesez, gaztelaniaz eta ingelesez.

Bestetik, eranskinean Ipar Euskal Herriko euskalgintzeari loturiko eragile pribatuen lana diruz laguntzeko diru-ekarpena zehaztu da. Igaz bezela, 1.930.000 euro izango dira horretarako; Euskeraren Erakunde Publikoak 1.530.000 euro jarriko ditu, eta Eusko Jaurlaritzeak 400.000 euro. Lankidetzarako aurrekontu hori multzo bitan banatuko da:

- Hitzarmen baten bermea daben erakundeen artean 1.550.000 euro banatuko dira. Multzo honetan sar daitekezan eragile pribatuek eure urteko jarduereari loturiko diru-laguntzino bat jasoko dabe, hitzarmen baten bitartez.

- Bigarrenik, 380.000 euro jarriko dira diru-laguntzino deialdi baten bitartez eragile pribatuen euskereari loturiko proiektuak laguntzeko.

Diru-laguntzen banaketearen inguruko zehetasun guztiak udan jakinarazoko ditue. Igaz, hitzarmen baten bermea daben zortzi eragile pribaturen lana diruz lagundu eben; horregaz batera, 63 proiektu diruz lagundu ziran diru-laguntzino deialdiaren bidez.

Eusko Jaurlaritzearen eta Iparraldeko Euskerearen Erakunde Publikoaren arteko euskerea sustatzeko alkarlanak mugarri bat izan eban 2007an, hizkuntza politikako gaietan lankidetzan jarduteko hitzarmen markoa lehen aldiz sinatu baitzan. Lankidetza horren balantzea oso positibotzat jo da urte honeetan eta hitzarmen markoa epealdiz epealdi gaurkotzen joan da. Era berean, 2017ko garagarrilaren 3an Eusko Jaurlaritzeak, Nafarroako Gobernuak eta EEPk sinatu eben Hiruko Itunaren bidez erakundeok nabarmendu eben euren borondatea hizkuntza politika gaietan alkarregaz lan egiteko. Hiruko Itunaren ostean, hainbat izan dira hiru erakundeen artean aurrera ateratako proiektuak.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu