Master Eguna Bilboko Bizkaia Aretoan

Bizkaie! 2019-04-02 13:30   Kulturea

2019/2020 ikasturteko graduondokoen eskaintzea aurkeztuko dabe apirilaren 4an.

UPV/EHUren 2019-2020 ikasturterako eskaintzea 106 unibersidade-masterrek eta 32 berezko masterrek osotzen dabe. Proposamen zabal eta askotariko horretan, unibersidade-masterrei jagokenez, nabarmendu egiten dira datorren ikasturtean UPV/EHUn egin ahal izango diran sei Erasmus Mundus masterrak; horreetatik hiru barriak dira: Mikrouhinetako Elektronika eta Optika Barritzaileak Erasmus Mundus, Uri eta Komunidade Adimenduak Erasmus Mundus eta Energiaren biltegiratze eta konbersinorako materialak Erasmus Mundus.

Europar Batasunak bultzatzen dau Erasmus Mundus programa entzutetsu hau, eta helburua da Europako goi-mailako hezkuntzearen kalidadea bultzatzea. Programearen ekintza nagusietako bat da laguntzinoa eskaintzea garrantziagaitik eta kalidade akademiko bikainagiatik hautatzen dituen master eta doktoretza-programa bateratuei, eta, ganera, horreetako batzuek finantziazinoa be lortzen dabe. Estaduko unibersidade bakar batek hartzen deutso aurrea UPV/EHUri Erasmus Mundus master-kopuruari jagokonez, Bartzelonako Unibersidade Autonomoak.

Lehendik eskainitako beste hiru Erasmus Mundus masterrei gehitzen jakez hiru barri horreek: Itsas Baliabide Biologikoak Erasmus Mundus, Itsas Ingurumena eta Baliabideak Erasmus Mundus eta Energia Berriztagarriak Itsas Ingurunean Erasmus Mundus. Aitatu beharra dago azken master bi horreek Good Practices Flag aintzatespena lortu ebela; Europar Batasunaren ebaluazinoa gainditu eben, gitxieneko notea (100etik 75) baino askoz puntuazino handiagoagaz: Eskaintza honek indartu egiten dau UPV/EHUk nazinoartekotzearen alde egin dauen apustua, gure ardatz estrategikoetako bat baita. Ganera, aukerea emongo deutse ikasleei Europako izen handiko unibersidade-programetan sartzeko; hori guztia oso funtsezkoa da gaur egungo mundu global honetarako, azaldu dau Araceli Garin Graduko eta Graduondoko Ikasketen arloko errektoreordeak. Hiru Erasmus Mundus master barriez gan, Subiranotasuna Europako Herrietan masterra eskainiko da lehen aldiz datorren ikasturtean, euskeraz.

Erasmus Mundus sei masterrez gan, UPV/EHUk baditu beste 16 master; bestalde, beste hamar masterrek nazinoarteko titulazino bikotxa lortzeko aukerea eskaintzen dabe, hau da, unibersidade alkartuan irakasgai batzuk eginez, ikasleek master bi unibersidade-titulu eskuratzen ditue: bata UPV/EHUrena, eta bestea, jagokon atzerriko unibersidadearena. Bestalde, UPV/EHUk sei master eskaintzen ditu Amerikako beste unibersidade batzuetan, Graduondoko Latinoamerikako Sarearen bidez.

Azkenik, formatu dualean emongo dira hiru master datorren ikasturtean: Multimedia Kazetaritza masterra, Sistema Txertatuen Injinerutzea masterra eta Fabrikazino Digitala masterra. Unibersidadearen asmoa da gure ikasleek aukera profesional arrakastatsuak izan deiezan bermatzea, dino Garinek. UPV/EHUk mueta askotako masterrak ditu lanbiderako ahalmena emoten dabenen artean: guztira 11, Abokatutza edo Industria Injinerutza masterretatik Arkitekturea, Nautikea eta Itsas Garraioa edo Laneko Segurtasun eta Osasuna masterretaraino.

Berezko masterrei jagokenez, UPV/EHUk sendo jarraitzen dau Unibersidadeak berak antolatutako irakaskuntza espezializatuen bidezko etenbako prestakuntzearen alde egiten, izan be, malgutasunez egokitzen dira gizarte-eskaeretara, eta modu erabagigarrian laguntzen dabe ibilbide profesionala bideratzen. Holan, datorren ikasturtean aurten baino berezko master gehiago eskainiko dira, 32, horreetatik hamar master barriak baitir: Sorkuntza Zinematografikoa eta Ikus-entzunezkoen Sorkuntzea, Kultura Zientifikoa, Datu Personalen Babesa, Zibersegurtasuna eta IKTen Zuzenbidea edo Ume eta Helduen Neuropsikologia Klinikoa. Formatu modularrean egin ahal izango dira beste hamaika master —ikasturte honetan estreinatu da formatu hori—. Formatu modularreko master horreek iraupen txikiagoko programetan zatitzen dira eta bereizita egin daitekez.


Master Eguna Bizkaia Aretoan

Eskaintza hau osorik aurkezteko, UPV/EHUk Master Eguna antolatu dau datorren eguenean, apirilaren 4an, 15:30etik 20:00etara, UPV/EHUko Bizkaia Aretoan (Abandoibarra 3, Bilbo). Jardunaldi horretan, master-arduradunek euren programak aurkeztuko ditue. Era berean, mobikortasunari, bekei, matrikulazino-prozesuari eta bestelakoei buruzko informazinoa lortu ahal izango da. Jardunaldia amaitzeko, 19:00etan aintzatespen ekitaldi bat izango da: diplomak emongo jakez 2017-2018 ikasturtean espediente akademiko onena izan daben UPV/EHUko master-ikasleei.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu