Gares prest dago 21. Korrikaren hasierarako
2019-04-02 08:05 Euskerea berbagaiEgun guztiko jaia antolatu dabe.
Eguenean, apirilaren 4an, hasiko da 21. Korrika, Nafarroako Gares herrian. Hamar egunez, eskurik esku, lekukoak Gasteizerainoko bidea egingo dau Euskal Herri guztian zehar, euskerearen alde. Milaka korrikalari erakarriko dituan ekimen ezagunaren lehenengo kilometroak bertan izango diranez, Garesko herriak eta Izarbeibarko eskualdeak jai handia antolatu dabe.
Arratsaldean, 17:00etan, hasiko da Korrika, baina goizetik egongo dira jarduerak Garesen. Dianea jo eta gero, folklorearen eztandea egongo da, laialari, joaldun eta abarregaz. Bazkari herrikoiaren ostean, kale animazinoa eta antzerkia antolatu ditue. 16:30ean, Anabel Arraizak gidatuta eta Demode Quartet taldeak girotuta, Hasiera Jaiari ekingo deutsie, lekukoa martxan hasi baino ordu erdi lehenagotik.
Lekukoari eta Korrikari agur esan eta gero, iluntzean, kontzertuak egongo dira, Afu eta Ezurte taldeen eskutik. Larrain jantzea be antolatu dabe, eta DJ Map-h-ek biribilduko dau gaua.
AEK-k 21. Korrikako lehenengo hamar kilometroetan lekukoa nork eroango dauen be zehaztu dau. Lehenengo kilometroan, Lizarbeibar eskualdeko 16 herrietako ordezkari banak hartuko dabe ardurea, euskeraz bizitzeko kemenaren adierazgarri. Hurrengo kilometroetan honeek eroango dabe lekukoa: Garesko Udalak, Guraso Alkarteak, eredu mistora pasau diran alkateek, Ezker Abertzaleak, Gazte Asanbladeak, Artazu herriak, Izarbeibarko Mankomunidadeak, eskolako irakasleek eta Emunek.
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!