Fant-ek 3 erakusketa inaugurauko ditu

Bizkaie! 2019-04-01 11:58   Zinemea

Metro Bilbaogaz lankidetzan, formatu handiko 22 panelek osotutako erakusketea bisitau ahal izango da.

Bilboko Udalak antolatzen dauen Fantasiazko Zinemaldiak, maiatzaren 2tik 11ra ospatuko dau 25. edizinoa, eta ezustekoen eta ekitaldi berezien bitartez egingo dau; horreen artean, aurreko hileotan zenbait ospakizun jarduera egingo dira, horreetako asko uriko beste jaialdi edo erakunde batzuekaz lankidetzan.

Testuinguru horretan, bihar, Donostiako Fantasiazko eta Bildurrezko Zinema Astearen laguntzinoagaz helduko diran erakusketa bi inaugurauko dira Abandoko eta Zazpi Kaleetako Udaltegietan. Lehenengoak, 70eko hamarkadako estaduko zinemearen ikonoetako batzuk erakutsiko ditu argazkien bitartez; bigarrenak Raquel Lagartos marrazkilariaren irudien aukeraketa bat erakutsiko dau, Julio César Iglesiasegaz batera egindako Mary Shelley: La muerte del monstruo (Diábolo Ediciones) liburukoak. Beste alde batetik, hirugarren erakusketa batek Bilboko Metroaren Unamuno plazarako urteerea hartuko dau, Bilboko jaialditik igaro diran personalidadeetako batzuen kartelen eta argazkien aukeraketeagaz. Danak be maiatzaren erdialdera arte bisitau ahal izango dira.

Mil gritos en la noche, Pedro Usabiaga argazkilari gipuzkoarra komisario dauen argazki erakusketea da, eta 70eko hamarkadan Espainiako bildurrezko zineman lan egin eben antzezleak hurreratuko deuskuz. Abandoko Udaltegian (Elkano, 20) bihar ateak edegiko dituan erakusketeak zinema horren urrezko garaiko genero bati eskaini gura deutso omenaldia. Bertan, fantasiazko generoa, destapea izenekoa eta askatasun nahia batu eta nahastau ziran, eta edertasun handiko irudiak itxi zituen etorkizunerako.

Errodajeetako argazkiek, promozino irudiek eta garai haretako eta ondorengo erretratuek osotzen dabe erakusketea, set-etan edo jaialdietan egindakoak. Protagonistak, Ágata Lys, Helga Line, Ewa Aulin, Inma de Santis, Maria Perschy edo María José Cantudo emakumeak eta Chris Mitchum, Renaud Verlay edo Espartaco Santoni gizonak dira, beste batzuen artean. Argazki horreetako asko inoiz argitaratu bakoak dira, Europako hainbat artxibotatik eta bilduma pribatutatik jasotakoak.

Bihartik aurrera Burtsako Udaltegian bisitau ahal izango dan erakusketeari jagokonez, Julio César Iglesiasen eta Raquel Lagartoren Mary Shelley: La muerte del monstruo lan ilustratuan oinarritzen da. Mary Shelleyren bizitza tragikoa eta egilearen ispilu hausia dan munstroaren psikean aztertzen dauen biografia espekulatiboa da. 200. urteurrena dala eta, edizino berraztertu berezi honek zirriborroak, baztertutako eszenak, Mary Shelleyren kronobiografia bat eta personaien gidea jasoten ditu. Erakusketeak Raquel Lagartos komiki marrazkilari eta ilustratzailearen zenbait irudi batzen ditu. Bere lanak hainbat lekutan egon dira aztergai, Sitgeseko Zinemaldian, Donostiako Fantasiazko eta Bildurrezko Zinema Astean, Avileseko Komiki Jardunaldian edo Arte eta Kultura Garaikideko Aragoiko Pablo Serrano Institutuan.

Horrezaz gan, eta Metro Bilbaogaz lankidetzan, bihartik aurrera formatu handiko 22 panelek osotutako erakusketea bisitau ahal izango da Zazpi Kaleetako geltokian, Unamuno plazako urteeran. Bertan, 25 edizino honeetako karteletako batzuk ikusi ahal izango dira, oso egile, estilo eta lengoaia anitzetakoak, Bilboko zimenaldiaren historiatik ibilbide plastikoa egiteko aukerea emoten dabenak. Kartelakaz batera, estaduko eta nazinoarteko zinema personalidadeak FANTetik igaro izana dokumentetan daben argazkiak be badagoz.

Beste alde batetik, Fantasiazko Bilboko Zinemaldiak TCM kanalak eta Fnac-ek Stanley Kubrik-en 2001: Una Odisea del Espacio filma estreinau zaneko 50. urteurrena ospatuko dabe, TCM kanalak produzidutako animazinoko 2001 destellos en la oscuridad dokumentalaren eszenetako batzuk erakusten dituan erakusketeagaz. 1968ko apirilaren 4an, Stanley Kubrickek 2001: una odisea del espacio filma estreinau eban. Filma harriduraz jaso eben, eta, itxuraz, kritikearen parte handiak ez eban ulertu zientzia fikzinoa metafisikatik edo filosofiatik hurrago egozan lurraldeetan sartzerik. Erakusketa maiatzaren 31ra arte bisitau ahal izango da Fnac-en.


Bideo-jokoak eta zinemea

FANTen 25. urteurrena dala eta, Azkuna Zentroak fantasiazko eta bildurrezko bideo-jokoen atzera begirako erakusketea jarriko dau martxan Jokuplay gunean, joko tradizionalen eta teknologikoen bitartez esperientziak konpartiduteko aukerea emongo dauen jokoei eskainitako lekuan. Apirilaren 8tik maiatzaren 11ra Mediatekan bisitau ahal izango dan erakusketea Mini NES Classic-ean hasiko da, Metroid-egaz (1986) eta Castlevania-gaz (1986), eragin gehieneko bideo-joko serieetako bi. Biak alkartu ondoren Metroidvania berbea sortu zan.

Ibilbideak PS4an jarraitzen dau, Grim Fandangogaz (1998) –remastered–, mitologia barruko heriotzean sinistean oinarritutako abentura grafikoa, noir filmen estilo indartsuagaz. Ordenagailuak indie joko modernoetarako geratzen dira: grafiko koloristakaz psikearen eta fobien txoko sakonenetan sartzen dan Figment (2017); neskato txiki bat protagonista dan eta ezaugarri nagusi legez estilo groteskoa dauen Little Nightmares (2017); eta, amaitzeko The mask of Atlantis (PC).

Izan be, maiatzaren 9an, arratsaldeko 19:00etan, Fantasiazko Zinema esperimentaletik bideo-jokoetara topaketa egingo da, Mikel Calvogaz eta Jorge Núñezegaz, Jorge Núñez zinemagilearen The Mask of Atlantis (2013) film esperimentalaren moldaketea dan The Mask of Atlantis bideo-jokoaren egileakaz, hain zuzen be. VHS formatuan grabauta, desagertzeko zorian dagoan Z serieko zinematik datorren narrazino planteamendua dau. Jorge Núñezek eta Mikel Calvok sorkuntza prozesua eta esparru esperimentalaren barruan ikus-entzunezkoaren eta jokagarriaren arteko aldeak azalduko ditue. Jarduerak sarrera librea izango dau, Azkuna Zentroko Mediatekako Medialab 2 aretoan.

Azkenik, DigiPen Institute of Technology Europe – Bilbaogaz lankidetzan, ikasleek Bilboren ikuspegi post-apokaliptikoakaz egindako lanen erakusketea antolatuko da. Vía de Fuga tabernan egongo da zinemaldiak irauten dauen bitartean.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu