Miriam Urkiak Euskaltzaindiaren 29. aulkia hartu dau

Bizkaie! 2019-04-01 09:29   Euskerea berbagai

Aretxabaletan egin dau sarrerako berbaldia.

Andres Urrutiak dominea eta diplomea emon deutsoz Miriam Urkiari (argazkiak: Euskaltzaindia) | Ikusi handiago | Argazki originala

2018ko zezeilean izentau eben Miriam Urkia euskaltzain oso, baina asteburuan egin dau sarrerako berbaldia. Hortaz, modu ofizialean hartu dau Akademiaren 29. aulkia, orain arte Joan Mari Torrealdairena izandakoa. Euskaltzain emeritu izango da aurrerantzean Torrealdai. Aretxabaletan egin dau Urkiak berbaldia, eta Andres Urrutia euskaltzainburuak diplomea eta dominea emon deutsoz.

Lexikografian eta hiztegigintzan ibilbide luzea egin dau Urkiak, baina Hiztegitik kofradiara sarrerako berbaldian beste gai batzuk be jorratu ditu. Joan Mari Torrealdai gogoan hartu dau lehenengo, hari errespetua, esker ona eta miresmena erakutsiaz. 29. aulkia Torrealdaigaz konpartiduko dauela adierazo dau.

Aretxabaletako ikastoleak 50 urte bete dituanez, Urkiak gogoratu dau bera be ikastolakumea dala, ikasketa guzti-guztiak euskeraz egin dituan lehenengo euskaltzain osoa hain zuzen. Ondoren, bere alorrari, hiztegigintzeari heldu deutso. Hamarkada gitxian euskerazko hiztegien atalean egon dan aurrerakuntzea errepasau dau, Seber Altuberen ahaleginetik hasi eta gaur egungo Euskaltzaindiaren Hiztegiraino.

Euskaltzaindiaren Hiztegigintza Batzordea 1981ean sortu bazan be, Arantzazuko Biltzarrean bertan 625 berbako zerrendea onartu zala aitatu dau Urkiak, garai haretarako lorpen handia. Gaur egun, 46.000 berba dagoz Euskaltzaindiaren hiztegi arau-emolean. Berandu hartu genduan lexikografia modernoaren trena, baina heldu ginan, eta ez genduan jesarleku txarra hartu ganera. Baina, hori guztia, aurretik oinarriak ezarri zituenei zor deutsegu, treneko errailak prest itxi zituen-eta, baita abiadura handikoa hartzeko be, esan dau Urkiak.

Azken urteotan gizartea aldatu danez, hiztegiak egiteko modua be egokitu beharraz egin dau berba euskaltzain oso barriak. Informazinoa berehala emoteko ahalegina egin behar dau Akademiak, eta, alde horretatik, 2016an Euskaltzaindiaren Hiztegia sarean jarri izana mugarritzat jo dau.

Andoni Sagarna euskaltzainak emon deutso erantzuna Miriam Urkiaren berbaldiari. Azken 15 urteotan izentautako 14 euskaltzain oso barrietatik, bost emakumezkoak izan dirala gogoratu dau: Ez dira asko, baina sasoi bategaz alderatuta aldaketea egon da. Aurrera begira, bidezkoa litzateke emakumeen kopurua gizonezkoenagaz bardintzen joatea. Ez bakarrik justiziazkoa dalako, baita beharrezkoa eta naturala dalako be.

Horregaz lotuta, euskerearen alde lan handia egin baina gerizpean geratu diran emakumeak aldarrikatu ditu Sagarnak: Julia Fernandez-Zabaleta, Julia Berrojalbiz, Julene Azpeitia, Tene Mujika, Madeleine Jauregiberri... Miriam Urkiaren ibilbide profesionala be errepasau dau Sagarnak. Alkarregaz sarri lan egindakoak dira.

Miriam Urkia (1965) Filologian Doktorea da, Lexikografia, corpusgintzea, morfologia konputazionala eta hizkuntza-teknologiak dira bere lan-esparruak. UZEIko langilea da 1983tik, Lexikografia saileko zuzendaria 1992tik. Hiztegi Batuko lantaldeko kide 1999tik, eta Euskaltzaindiaren Hiztegiaren arduradun 2013tik. Euskaltzain urgazle 2003an izentau eben, eta aurrerantzean euskaltzain oso izango da.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu