Iñaki Viñasprek jantzi dau 2019ko Arabako Bertsolari Txapelketako txapela

Bizkaie! 2019-04-01 07:50   Bertsolaritzea

700 lagun batu dira Gasteizko Printzipal Antzokian.



Iñaki Viñaspre da aurtengo txapelduna, Manex Agirreregaz buruz burukoa kantau ondoren. Viñaspreri Lierni Altunak jantzi deutso. 700 lagun batu dira Gasteizko Printzipal Antzokian.

Zapatu arratsaldean, Gasteizen jokatu zan Arabako Bertsolari Txapelketako finala. Eszenatokian, arabar bertsogintzea irudikatzen dauen bidea: Iñaki Viñaspre Simon (Abetxuko); Oihane Perea Perez de Mendiola (Zalduondo); Aroa Arrizubieta Barredo (Gasteiz); Manex Agirre Arriolabengoa (Aramaio); Xabi Igoa Eriz (Aramaio); eta Peru Abarrategi Sarrionaindia (Aramaio).

Oier Suarez aurkezle eta Marta Ugarte gai-emoileren eskutik sei bertsolariek ariketa puntuagarriak amaituta, Iñaki Viñaspre eta Manex Agirre pasau ziran buruz-burukora. Azken ariketak bien artean jokatu ondoren, Viñaspre nagusitu da eta beraz 2019ko Arabako txapelduna da.

Finaleko epaimahaian ondokoak egon ziran: Ainhoa Aizpurua, Aitor Jimenez, Ekaitz Elorriaga, Iker Elexpuru eta Mikel Fernandez de Arroiabe. Idazkari lanetan Manex Garaio inili zan. Hoelan puntuau zituen 6 bertsolariak:

Iñaki Viñaspre Simon, 612 puntu.

Manex Agirre Arriolabengoa, 596,5 puntu.

Xabi Igoa Eriz, 409,5 puntu.

Oihane Perea Perez de Mendiola, 399 puntu.

Peru Abarrategi Sarrionandia 384,5 puntu.

Aroa Arrizubieta Barredo, 363 puntu.


Lierni Altuna

Lierni Altunak jantzi deutso txapela txapeldunari. Arabako bertsolaritzan ibilbidea dauena, 1997an hasi zan bertso eskolan eta egundaino antolatzaile moduan lan handia egin dau. Gai-jartzaile taldearen sustatzaile eta parte da. Urte askoan, egindako lan isila eskertu nahi dau Arabako Bertsozale Alkarteak.

Eskerrak luzatu nahi deutseguz, txapelketan parte hartu daben bertsolari, gai-jartzaile eta epaileei, besteak beste, txapelketa osoan zehar laguntzaile izandako bertsozaleei, bertso-eskolei, txapelketea hartu daben udalei, babesle, laguntzaile zein hedabideei.


Txapeldunaren amaierako agurra:

Bai garaia zen ja probatzeko
benetan hau da itzela,
ta ze marroia eskaintzearena
bakarrik bati txapela
bertso eskolantzat
izan ahal zen
baina uste dut ez dela
Lierni bisitan lagun, kidea
baina gaur dugu bestela
amarentzako, anaiarentzat
baina ez da horren epela.

Uste dut badakitela
Iñaki ez baita ergela
Iratxe eta Ekaitz argi dut
hau merezi duzuela
eta etxean nahi zaituztegu
txori libreak bezela.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu


Twitter ikonoa Facebook ikonoa