XI. Udaltopek alkarlana izango dau aztergai
2019-03-29 13:29 Euskerea berbagaiAlkarlan ereduak eta gobernantza eredu barriak aztertuko ditue maiatzaren 16an eta 17an.
Udaltop alkarlanari begira jarriko da hamaikagarren edizinoan, holan iragarri dabe goizean egitaraua aurkezteko Donostian emondako prentsaurrekoan. Alkar ulertzetik alkarregaz lan egitera... Ados? izenburupean, alkarlan ereduak eta gobernantza eredu barriak aztertuko dira maiatzaren 16an eta 17an, Lasarte-Oriako Kultur Etxean egingo dan topaketan. Euskaraldiak be, aurreko bi edizinoetan legez, izango dau bere protagonismoa.
Udaltop bera be alkarlanaren ondorioa da eta aurten, sendotuta dator Eusko Jaurlaritzeak, Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Lasarte-Oriako Udalak osotzen eben Antolamendu Batzordera Euskal Urigune Alkargoa, Nafarroako Gobernua, Arabako Foru Aldundia eta Bizkaiko Foru Aldundia batu diralako.
Estitxu Alkorta Eusko Jaurlaritzako Euskerea Sustatzeko zuzendariak bat egitearen garrantzia azpimarratu dau: Euskerea sustatzeko politiken eraginkortasuna biderkatzen da baldin eta horreen oinarrian alkarlana badago. Erakundeen arteko lankidetzea behar-beharrezkoa da eta, horri esker, hizkuntza politika koherente bat sustatzen gabiz euskerearen eremu osoan, beti be leku bakotxaren errealidadea errespetauta.
Mikel Arregik, Euskarabidea-Euskerearen Nafar Institutuko zuzendariak, eta Beñat Arrabitek, Euskal Alkargoko Hizkuntza Politikarako arduradunak bat egin dabe Alkortaren baieztapenagaz. Arregik gogoratu dau Nafarroako Gobernuak azken urteetan diruz lagundu dauela Udaltop, eta aurten Antolamendu Batzordean sartu dala batetik, Udaltop topaketa ezin hobea dalako Nafarroako euskera teknikarien prestakuntzan sakontzeko, eta bestetik, sarea indartzeko. Beñat Arrabitek ondokoa adierazo dau: sano inportantea da Udaltop lako dimensino handiko proiektu batean lurralde guztiak ordezkatuta egotea, egiazko alkarlana gauzatzen gagozan seinalea dalako.
Prentsaurrekoan, 2019ko Udaltopeko egitaraua aurkeztu dabe; XI. edizinoko gaia aukeratzeko orduan Euskaraldiak indar handia izan dauela autortu dabe, nahiz eta garrantzia hori egitarauan bigarren mailan jaso. Euskaraldiak irakasgaien bat itxi badeusku, erakunde publikoen eta euskerearen alde lanean dabizen eragileen arteko alkarlana funtsezkoa dala izan da, eta horri heldu deutsagu aurtengoa antolatzeko. Holan, azken urteotan jarritako helburuagaz jarraituko dogu esperientziak alkarregaz abiatzeak dauen balioa eta garrantzia nabarmenduz.
Atal ezbardin bi izango dituala aurreratu dau: batetik, alkarlan eta Gobernantza eredu barrien inguruko ponentziak izango dira; eta bestetik, Euskaraldiari lotutakoak. Lehenengo blokean hitzaldi teoriko bi, lau esperientzia praktiko, mugaz gaindiko lankidetzearen inguruko ikuspegi kritikoa eta parte-hartzaileen
galderak, iradokizunak eta kezkak argitzeko tartea izango dirala aurreratu dabe.
Azkeneko edizino bietan legez Euskaraldiak be izango dau bere protagonismoa. Orain arteko esperientzia on eta txarretatik ikasteko hitzaldia antolatu dabe eta Euskaraldiaren antolatzaileei egindako inkestak itxitako ikerketa kualitatiboaren barri emongo da. Hain zuzen, ikerketa honek bide emongo deutso talde-lanari.
Izena emoteko epea zabalik
Egitaraua aurkeztu ondoren, izen-ematea gaurtik aurrera zabalik dagoala adierazo dabe. Matrikulazinoa www.udaltop.eus webgunean egin behar da, izena emotea atalean. Prezioa 65 € da, eta izena emoteko epea maiatzaren 3an zarratuko da. Prezio horren barruan sartzen dira: jardunaldien saioetako partaide izateko eskubidea, hasieran banatuko dan materiala, egueneko bazkaria, eta egun bietako aho-gozagarriak.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!