Euskaltzaindiak bat egin dau 21. Korrikagaz
2019-03-28 10:27 Euskerea berbagaiEuskerearen bizibarritzea danon esku dagoala dino Akademiak.
Apirilaren 4an hasiko da, Garesen, 21. Korrika, eta Euskaltzaindiak bat egin dau euskerearen aldeko lasterketeagaz. Herritar guztiak, erakundeak zein eragileak animau ditu parte hartzera. AEK-ko Mertxe Mugika eta Korrikako koordinatzaile Asier Amondo Euskaltzaindiko hainbat kidegaz batu dira Bilbon, Andres Urrutia euskaltzainburua tartean.
Aspalditik babestu izan ditu Euskaltzaindiak Korrikaren edizinoak, euskerea gizarteratzeko eta normalizetako beste ekimen ugariren alboan egon dan modu berean. Mendeurrena beteten dabilen honetan, Euskaltzaindiak gogoratu dau bere babespean sortu zirala euskerearen etorkizunerako funtsezkoak diran ikastolak, euskaltegiak, bertso txapelketak, euskera tituluak eta abar.
Era berean, euskera batuaren 50. urteurrena aitatu dabe Akademiako kideek. Alkarlanari esker jaio zan euskaldun guztientzako euskera batua, eta hari esker hurrago dagoz orain Ipar eta Hego Euskal Herriko hiztunak. Korrikaren moduan, euskera batuak be Euskal Herri guztia dau helburu.
Euskerearen aurrerakuntzea eta normalizazinoa lortzeko bidean, lankidetzea beharrezkoa dala uste dau Euskaltzaindiak. Horregaitik, Korrikan parte hartzera dei egin deutse norbanako, erakunde, sindikatu, alderdi politiko eta ganerako eragileei. Gure hizkuntzeak, euskereak, gu guztiok alkartzen gaitu, eta danok behar gaitu!, adierazo dabe.
21. Korrikaren aurkezpen soziala
Gaur, martiak 28, 21. Korrikaren aurkezpen soziala egingo dabe Bilboko BBK Aretoan (Kale Nagusia, 19-21). Ekitaldia 19:00etan hasiko da, eta bertan izango dira Bizkaiko eta EAEko erakunde eta gizarte-eragileetako ordezkariak.
Berba egingo dabe Mertxe Mugika AEKren koordinatzaile nagusiak eta Asier Amondo 21. Korrikaren arduradunak.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!