Apirilaren 1etik 11ra, 'Bidaiarien Txokoak' egitarau potoloa dakar

Bizkaie! 2019-03-27 11:50   Kulturea

Apirilaren 9an, Santutxuko Udaltegian, África en cinecicleta dokumentalaren estreinaldia izango da.

Bilboko Udalak Bidaiarien Txokoa egitarauaren beste edizino bat dakar datorren astean, apirilaren 1etik 11ra, bidaien eta abenturaren bestelako ikuspegia eskainiko deutse ikus-entzuleei, Santutxuko eta Begoñako udaltegietan: lehen personan emondako berbaldiak eta zinemea jasoko dituan bidaien eta abenturearen ikuspegi pertsonala eta desberdina, Mendi Film Festival jaialdian egon diran izenburu ezagunakaz eta África en cinecicleta dokumentalaren estreinaldiagaz, orain hiru urte Isabel Segurak eta Carmelo Lópezek bizikletaz Afrikan egindako bidaiaren emoitzea.

Programazinoa Australiari buruzko erakusketa bategaz osotuko da: Australia hurrago izenburupean, apirilaren 1etik 11ra Begoñako Liburutegian bisitau ahal izango dan erakusketea herrialde horretan oinarrituko da: bertako kulturea eta tradizinoak, baliabide turistikoak, naturea, ondarea eta arkitekturea, hain urrun daukagun herrialde horren historia eta gaurkotasuna apur bat hobeto ezagutzeko material grafikoen eta dokumentalen aukeraketeagaz.

Ohikoa danez, Begoñako Udaltegiak, euren bizitza esperientziagaitik edo egindako bidaien emoitzeagatik, beste mueta bateko ikuspegia eskainiko daben personak protagonista izango diran berbaldi zikloa jasoko dua. Juanra Madariaga idazle, kazetari eta mendizaleak aurkeztuko dituan berbaldiakaz batera ikus-entzunezko emonaldiak egongo dira, protagonistek eurek azaldutakoak.

Berbaldiak apirilaren 3an hasiko dira, Marta Abiegak eta Javier Secok Tadjikistanera bizikletaz egin eben bidaiaren kontakizunagaz. 2012an, Javik eta Martak bizikleta bidaia hasi eben Ekialde Ertaineko herrialde txiroena izan arren, edertasun naturalari jagokonez aberatsenetakoa dan horretara, Tajikistanera. Helburua Pamirreko mendikate handia ezagutzea zan, baina inguruko herrialdeetan dagozan gerren ondorioz bidaiak zailtasun asko izan zituan. Hori izango da ikus-entzuleakaz konpartiduko dabena, euskeraz izango dan topaketan.

David Fernándezek Asian eta Ozeanian zehar egindako bidaia kontauko dau apirilaren 5ean, Buscando a Superman: un viaje sin billete de vuelta por Asia y Oceanía izeneko berbaldian, izan be, eskola eredu barria sortzen laguntzeko asmoz, David Fernández irakasleak eta Amaia Maguregui argazkilariak itzulerako txartelik bako bidaiari ekin eutsien Asian eta Ozeanian zehar, hezkuntza egitasmo iradokitzaileen bila. Hamasei hilebetez presa barik ibili ziran Filipinetan, Indonesian, Australian, Zeelanda Barrian, Indian eta Nepalen.

Apirilaren 8an, Isabel Seguraren eta Carmelo Lópezen txandea izango da, Afrikan bizikletaz egindako eta dokumental batean irudikatutako bidaiari buruzko berbaldiagaz. Isabelek eta Carmelok euren bizitzearen ardatz izango zan bidaia iragarri eben. Hainbat bizikleta-bidaia egin ostean, azken horretan euren beste pasino handia be jasotea erabagi eben: zinemea. Pedalei eraginez funtzionetan ebenez, energiaren ikuspegitik jasangarria zan zinema ekipo eroangarria gainean hartuta, Afrika planetako 14 herrialde zeharkatu zituen, dobako zinema emonaldiak eskainiz, jateko zeozeren eta deskantsua hartzeko leku seguruaren truke; 25 hilebete, bizimodu nomada-tiritero antzean, 18.000 km eta irribarrez betetako 217 emonaldi. Euren zakutoak esker onez, abegikortasunez eta gizatasunez bete zituen. TCM kanalaren laguntzinoagaz produzidutako África en cinecicleta dokumentala apirilaren 9an estreinauko da Santutxuko Udaltegian, 19:30etik aurrera.

Berbaldi zikloa apirilaren 10ean amaituko da, Paula Muga gazte bilbotarraren zuzeneko kontakizunagaz. Joan dan zezeilean amaitu zan Hong-Kongetik Bilbora autostopez egindako bidaiari: bakarrik, errepidez, eta ekipaje bakar legez eskolako motxila bat eroanez egindako hamar mila kilometro baino gehiago. Karteran, 2.000 eurora mugatutako aurrekontua. Txinako mendikate, Indiako errepide, Irango basamortu artean, mundua uste genduana baino abegikorragoa dala jakin dau.


Zinema emonaldiak

Programazinoa hiru zinema saiogaz osotuko da, Santutxuko Udaltegian, apirilaren 2an, 14an eta 9an. Saio horreetan, Isabel Seguraren eta Carmelo Lópezen dokumentalaz gan, aurretik Mendi Film Festivalean ikusitako filmak eskainiko dira; esangura horretan, datorren martitzenerako, This Mountain Life programau dabe, Grant Baldwin-en Kanadako produkzinoa, Kanadako mendebaldeko kostaldean dagozan mendi gogorretan eski gainean egindako sei hilebeteko ibilbidea erakusten dauena. Apirilaren 4an, Ben Sturgulewskiren Wallmapu film labur estadubatuarra eta Martín Campoyren Ara Salvaje film luzea eskainiko dira.

Egitarauak, beste lekuetako soinuak ezagutzeko kontzertua be jasoko dau: country-a, bluegrass-a eta rockabilly-tik hur dagozan soinuak buztartzen dituan Bilboko Mud Candies taldea izango da protagonistea; kontzertua apirilaren 11n izango da Santutxuko Udaltegian arratsaldeko 19:00etan.

Ekitaldi guztietan sartzea librea izango da, aretoko leku guztiak bete arte.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu