Hiru aramaioar, Abetxukoko bat eta gasteiztar bi finalean
2019-03-27 08:11 BertsolaritzeaArabako Bertsolari Txapelketako finala, bertsolariak eta Txapela prest!
Hilaren 30ean, zapatuan, jokatuko 2019ko Arabako Bertsolari Txapelketaren finala Gasteizko Printzipal Antzokian. Bart aurkeztu dau finala Arabako Bertsozale Alkarteak. Sei finalistak gogotsu eta prest saio on bat egin eta txapela janzteko. Lierni Altunak jantziko deutso txapela irabazleari.
Oier Suarezek aurkeztu ditu sei protagonistak:
- Xabi Igoa: 1992. urtean jaiotako aramaioarra. Hirugarren aldia da finalean parte hartuko duela.
- Manex Agirre 1982. urtean jaiotako aramaioarra. 2015eko txapelduna da. Birritan eskuratu dau txapela, 2011n be txapeldun izan zan. 2013ko Txapelketa Nagusian kantau eban.
- Peru Abarrategi: 1997an jaiotako aramaioarra. Lehen aldia da finalean parte hartuko dauela.
- Iñaki Viñaspre: Abetxukokoa, 1984an jaioa. 2004tik edizino guztietan finalista izan da. 2017an bosgarrena izan zan.
- Oihane Perea: 1977an Gasteizen jaiotakoa. 2017ko txapelduna. 2007an, 2009an eta 2013an be txapela jantzi eban. Txapelketa Nagusian be kantau dau.
- Aroa Arrizubieta: 2001ean jaiotako gasteiztarra. Lehen aldia da finalean parte hartuko dauela. Finalista seikoteko gazteena.
Finalisten hainbatetan nabarmendu dabe egindako ibilbidearen ondorio dala finala, belaunaldien arteko loturak goraipatuz, transmisinoa, irakasle eta ikasle izandako uneak, euren artean irakasle eta ikasle izan dira hamarkadetako Arabako bertsogintzearen bide honetan. Finalera arteko urduritasunez, bizitako estuasunez, jarritako helburuez, emozinoez berba egin dabe. Finalerako emongo dabenaz eta helburu dabenazl be ibili dira, esandakoen artean goraipatuz euretako edonork txapela jarrita be pozik hartuko dabela.
Arabako Bertsozale Alkarteak bistarazo nahi dau Arabako bertsogintzeak azken hamarkadetan egin dauen bidea.
Txapela Lierni Altuna Ugartek jantziko deutso aurtengo txapeldunari. Arabako bertsolaritzan ibilbidea dauena 1997an hasi zan bertso eskolan, gerora eta egundaino antolatzaile moduan lan handia egin dau eta gai-jartzaile taldearen sustatzaile eta parte da. Urte askoan egindako lan isila eskertu nahi deutso Arabako Bertsozale Alkarteak.
Beste sari banatzaileak Arabako bertsogintzan bidea egindako kideak izango dira.
Finalerako sarrerak erosteko Printzipal antzokiaren ohiko bideetatik eskuratu behar dira, ondokoak: lehiatilan, telefonoz eta antzokiaren webgunean. Sarrera guztiak zenbakituak izango dira.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!