Loraldiak ikuspegi sozialeko Larart egitasmoa dakar apirilaren 6an

Bizkaie! 2019-03-26 11:10   Kulturea

Dantzaz izan da Larart-en sortzailea, Hotz Zarautz eta Txikota Komunikazinoaren laguntzinoagaz.

V. Loraldiaren azken asteburuak kutsu soziala izango dau. Anitzak dira Loraldiak bideratzen dituan ikuspegi sozialeko proiektuak, hezkuntza arlora zuzendutakoak batez be, baina orain migranteen egoereari eutsiz alkartasunezko jarduerea atondu dau apirilaren 6rako.

Dantzaz izan da Larart egitasmoaren bultzatzailea eta sortzailea, Hotz Zarautz eta Txikota Komunikazinoaren laguntzinoagaz. Ikuspegi eta helburu sozialekoa da eta kultura etasorkuntzearen bidez errefuxiatuei lekua emotea eta euren egoera gogorra arintzen laguntzea dau helburu.

Lehen urte honetan, 2019an, Hotz Zarautz, Dantzaz eta Txikota Komunikazinoaren alkarlanaren ondorioak ikusiko ditugu, eta Zarauzko Udalaren eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren babesa izan dabe lehen urte honetarako.

Artea, sormena eta kulturea bultzatzen ditu, beraz, migranteek egun bizi daben egoera baltzari aurre egiteko urtenbide eta arnasgune legez. Kulturak egoerea salatu, ezagutzera emon eta biztanleriaren ikuspegi kritiko eta hausnarketea pizteko balio dauela azpimarratzen dau.

Larart egitasmoak osogai ezbardinak ditu, ikus-entzunezkoak, jantza eta ekintza pedagokikoak batzen ditu. Batetik, Basotik itsasora izeneko ikus-entzunezkoa; bigarren, gigantografien erakusketea; Basoa, koreografia lana; eta, azkenik, mediazino prozesuak.

 

Ekintza artistiko bi Loraldia Festibalean

Loraldia Festibalean Larart proiektuko ekintza biren estreinaldia izango da apirilaren 6an; goizean, Basotik itsasora dokumentalaren emonaldia Golem zinema-aretoetan. Iluntzean, Basoa koreografiaren estreinaldia La Casillako pabilioian. Ekintza biak dobakoak izango badira be, Loraldiak alkartasuneko sarrera bat ezarri dau, lortuko dan dirua ALBOAN GKEri emoteko.

 

Basotik itsasora dokumentala

Apirilaren 6ko goizean Basotik itsasora dokumentala estreinauko da, Beñat Gerekak zuzendutakoa; errefuxiatuen errealidadea gizarteratzea dau helburu. Horretarako, basotik itsasora daroa ikuslea, Gursetik Mediterraneora, errefuxiatuek bizi izan eben eta egun bizi daben egoerea ezagutzera. Ikus-entzunezko bat izateaz harago, bide bat da memoria eta errealidadeak bat egiten dabena. Alkartasuna eta sorkuntza artistikoa. Metaforea eta hausnarketea. Begirada bat da, argigarria, poetikoa eta beharrezkoa.

Ikus-entzunezko honen produkzinoaren zati bat crowdfunding-ari esker finantziau da, izan be, Verkami plataforman aurkeztu eta 90 lagunen ekarpen ekonomikoei esker eskatzen ziran 5000€ko mugarria lortu eban.


Basoa koreografia

Basoa produkzino koreografikoa Josu Mujikaren koreografia eta Iñaki Salvador izan da musikearen sortzailea. Dantzaz konpainiako jantzariek interpretauko dabe. Apirilaren 6ko iluntzean, La Casilla pabilioian estreinauko da.


Dantzaz konpainia

2002an sortu zan Donostian Dantzaz; hasieratik lau lan arlo jorratzen ditu: alde batetik, jantzari gazteei nazinoarte mailan lehen esperientzia profesionalak egiteko aukerea eskaintzea; bigarren, Dantzaz Konpainia, ikuskizunak sortu eta eskaintzen dituana; hirugarren, berrikuntzarako laborategia, jantzak eta beste arlo eta sektoreen arteko kolaborazinoa eta sinergiak bilatu eta sustatzen dituana; eta, azkenik, Soka, helburu soziala dauen proiektua, hezkuntza eta gizartean isla dauena eta jantzea edonora eta edonorentzat eskaintzea helburu dauena.


ALBOAN GKEren kolaborazinoa

Apirilaren 6ko arratsaldeko ekintzaren antolaketan Loraldiak ALBOAN GKEren laguntzinoa jaso dau. ALBOAN jantza emonkizuna baino lehen eskainiko dan erakusketearen arduraduna eta antolatzailea da, baita migranteen egoereari buruzko testigantzea eskainiko deuskuenak be.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu