Triptiko musikal bi dakarz Hibai Etxebarriak
2019-03-25 13:28 MusikeaZuzeneko kontzertu bakarra joko dau, martiaren 31n, Bilbon.
Formatu barrien bila ibili da Hibai Etxebarria musikari gernikarra azkenaldion, disko tradizionalaren aroa amaitutzat jo dau eta. Albuma hil egin da, aldarrikatu dau, Trip Tics III-IV lan barria aurkezteko Bilbon egindako agerraldian. Jenteak ez dau diskorik nahi, abestiak konsumiduten ditu. Errealidade horri erantzuteko bide barrien bila abiatuta, triptikoaren formatura jotea otu jako. 2017an argitaratu zituan lehenengo biak, eta orain dakarz beste bi: Euskarazz eta Bouquet.
Triptiko bakotxean alkarren osogarri diran hiru abesti sartzen ditu Etxebarriak. Koadroetan aspaldikoa da triptikoak egitearena, musikan ez horrenbeste, azaldu dau. Kantu solte ugari sortzen ditu, diskoaren logikatik aparte, eta antzeko gaia edo estiloa lantzen daben hiru daukazala ikusten dauenean, batu egiten ditu triptikoan.
Trip Tic III, orain aurkeztu dauen triptikoetako bat, Euskarazz izenburuduna da. Euskerazko hiru kantu dira, euskal doinu tradizionaletan oinarrituak, baina guztiz itxuraldatuak. Errepertorio klasiko-klasikoa be ez da, Su Ta Gar eta Benito Lertxundiren doinuak be badagoz, dino Etxebarriak. Jazzaren bidetik jo dau, inprobisazinoari be tartea eginaz.
Beste triptikoa, Trip Tic IV, hiru hizkuntzatan egina dago, euskerazko, ingelesezko eta frantsesezko kantu bana dakarz eta. Bouquet izenburua dauka, lorei eskainitako piezak diralako. Pagotxa izeneko abestia da berezienetako bat, aitari, amari eta anaieari zuzendutako esker oneko kantua dalako. Dana dala, To a pale orchid da Hibai Etxebarria gusturen itxi dauena: Inoz egin dodan kanturik ederrena da, adierazo dau.
Oiartzungo Mecca estudioan grabau ditu triptiko biak, eta Gaztelupeko Hotsak etxeagaz plazaratu. Diskoen hasierara bueltau nahi izan dau, soinu organikoaren bila, analogikoaren ezaugarriak berreskuratu. Hori dala eta, kantuetan tresna guztiak batera grabauta dagoz, gaur egungo teknologiek dakarzen abantaila ugari alboratuta. Aldea igarten dala dino Etxebarriak.
Ez dau zuzeneko kontzerturik joteko asmorik euki, baina Loraldiaren proposamena jaso ebanean baiezkoa emon eban. Hartara, kontzertu bat eta bakarra emongo dau, berezia eta errepetidu ezina. Loraldiaren egitarauaren barruan, Bilboko Euskalduna Jauregian izango da, martiaren 31n.
Oholtzea beteko dau Hibai Etxebarriak kontzertu bakar horretan, hamabost musikari inguruk lagunduko deutsie eta. Bandea eukiko dau alboan, soka-sektorea be bai, Xabi Aburruzagaren trikitixea, gitarrea... Etxebarriak berak pianoa eta gitarra akustikoa joko ditu, abesteaz gan.
Hiru zati izango ditu kontzertuak: Batetik, pianoak lagunduta, jazz klasikotik hurreko piezak; bigarrenik, trikitixearen soinuan, folk ikutu gehiagoko zatia egongo da; hirugarrenik, harribitxiak helduko dira. Zuzenean sekula jo ez dituan kantu batzuk entzun ahal izango dira Euskaldunako emonaldian.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!