‘Gernikako arbola. Gerra modernoaren landa-azterketa bat’ liburua aurkeztu dabe
2019-03-25 12:58 KultureaMikel Ayestaran kazetariak eta Steerren biografo Nicholas Rankinek hitzaurre bana idatzi dabe.
Gernikako Bonbardaketearen 82. urteurrenaren atarian, Eusko Jaurlaritzeak George Steerren The tree of Guernica. A fiel study of modern war lan ezagunaren euskerazko bersinoa aurkeztu dau: Gernikako arbola. Gerra modernoaren landa-azterketa bat. Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak bultzatutako bersinoan, Mikel Ayestaran kazetariak eta Steerren biografo Nicholas Rankin kazetariak hitzaurre bana idatzi dabe. Koro Navarro itzultzaile donostiarrak (Euskadi Literatura Saria irabazi eban 2003an) euskeratu dau lan hau.
Gernikako Batzarretxean egin da lanaren aurkezpena eta Batzar Nagusietako presidente Ana Otadui izan da buru. Beragaz izan dira Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburu Bingen Zupiria, Gernikako alkate José María Gorroño eta euskerazko edizino honetako hitzaurreen egile Nicholas Rankin eta Mikel Ayestaran. Gernikako arbola. Gerra modernoaren landa-azterketa bat liburua Steerren lan entzutetsuaren seigarren edizinoa da, The tree of Guernica. A fiel study of modern war lanaren edizino bien eta Frankismoaren garaian erbesteratutako zenbait euskaldunek Venezuelan bultzatu eben El árbol de Guernica. Ensayo sobre la guerra moderna lanaren hiru edizinoen ondoren baitator.
Bingen Zupiria sailburuak lan hau berreskuratzeak eta euskeraz eskaintzeak dauen garrantzia nabarmendu dau gaurko aurkezpenean: Erreferentziazko lan bat da euskal bibliografiaren barruan, gure gizartearentzat garrantzia handia izan eban. George Steerrek ekarpen garrantzitsua egin eban Gerra Zibilean zehar Euskadin jazotakoa transmitidutaz, eta egiagazko konpromiso sendoa agertu eban: garai haretako ‘fake news’-en kontra egin eban. 'Euskerazko edizino barri honek euskal gizartearen memoria demokratikoa berreskuratzen jarraitzen lagunduko dau.
Otaduik, barriz, George Steerren lana goratu eta nabarmendu dau Gernika ikur unibersala bihurtzeko egindako ekarpena: Gernikako Arbola – Gerra modernoaren landa-azterketa bat lanaren euskerazko edizino honegaz, aurrerapausu bat emon dogu gure memoria historikoaren berreskuratzean. Kazetari libre eta konprometidua izan zan Steer, objektiboa izan nahi ez zuen kazetari zintzoa, egia azalaraztea lortu eta Gernika nazinoarteko ikur bilakatzen lagunduko ebana, aitatu dau.
Eusko Jaurlaritzako Argitalpen Zerbitzu Nagusiak argitaratu dau lana eta datozen egunotan jarriko da salgai. Euskerazko edizino barri honek 390 orrialde ditu, eta Gerra Zibilean zehar Euskadin jazotakoak zehetasunez jasoten ditu. Bersino barri honek jatorrizko irudiak berreskuratu ditu, eta itzulpena ingelesezko jatorrizko liburutik egin da zuzenean. Bere bersino digitala eLiburutegia euskal liburutegi digitalean dago eskuragai. Aurretik liburuaren pasarte batzuk euskeratu baziran be, lehen aldia da lana osorik euskeratzen dala.
Gernikako Batzarretxean aurkezpenaren ostean, Bingen Zupiria sailburuak, José María Gorroño alkateak eta Mikel Ayestaran eta Nicholas Rankin kazetariek Bizkaiko Foru Kamarako Ohorezko Liburuan sinatu dabe eta Barrenkale kalera hurreratu dira. Bertan dagoan George Steerren bustoak herriaren bonbardaketearen barri mundu osora zabaldu eban kazetari britainiarra gogorarazoten dau.
Steer Euskadin
George Steer (Cambridge, Hegoafrika, 1909 – Rangun, Birmania, 1944) The Times eta The New York Times egunkarietako barriemoile berezia izan zan Gerra Zibilean eta bere lana funtsezkoa izan zan Gerran zehar euskal lurraldean jazotakoak zabaldu ahal izateko. The Times eta The New York Times egunkarietan -azken honetan, lehen orrian- argitaratutako Gernikako tragedia bere kronika oso garrantzitsua izan zan nazionalen bersinoa guzurtatzeko: Euskaldunen uri sakradua erabat suntsituta egoala zabaldu eban mundu osoan, aireko inbaditzaile matxinoen erasoaren ondorioz. Hiru ordu baino gehiagoko biztanleria zibilaren kontrako bonbardaketak eta tiroak deskribidu zituan kronika horretan.
Handik zenbait hilera, George L. Steerrek The tree of Guernica. A field study of modern war lana aurkeztu eban Londresen, saiakera luze eta zehatza. Bertan, Gerra Zibilean -1936ko udan Gipuzkoara heldu zanetik Bilbo menpeajn geratu arte- Euskadin bizitakoak azaltzen ditu. Mikel Ayestaranek bere hitzaurrean adierazoten dauen leghez, saiakera hori mundu osoan zabaldu izan zan kronika horren making of-a da, Steerrek egun horreetan idatzitako kronika ugarietako kronika zabala.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!