Ahozko sormenaren ikerketea bultzatzeko deialdia martxan
2019-03-22 13:38 BertsolaritzeaMintzola Ahozko Lantegia eta Mikel Laboa Katedrea dira antolatzaileak.
Deialdi bikotxa egin dabe Mintzolak eta EHUren Laboa Katedreak oraingo honetan. Kasu bietan, ahozko kultura sorkuntzearen inguruko ikerketea sustatzea da helburua. Bertsolaritzea ez eze, antzerkigintzea, kantugintzea, kontalaritzea eta ahoz sortzen diran beste adierazpideak be onartuko ditue gai nagusitzat.
Deialdietako bat proiektu sari bi emoteko izango da. Ahozko kultura adierazpideren bat aztertzeko asmoa daben lan monografikoak aurkeztu leitekez atal honetara. Ikertzaile gazteak edo hasibarriak doktore tesiraino eroango dituan ibilbidean laguntzea izango da sarien helburua. 2.000 euro emongo deutsiez irabazle bakotxari.
Bigarren deialdia doktorego tesia egingo daben ikertzaileentzat da. Mintzolako eta Mikel Laboa Katedrako ordezkariek azaldu dabenez, sari honetako finantziazinoaren bidez, doktoregai bat kontratauko dabe, EHUn bere ikerketea egin deian. Urtebeteko kontratua izango da, baina hiru urtera luzatu leiteke.
Deialdi baterako zein besterako hautagaitzak maiatzaren 3ra arte aurkeztu leitekez. Proiektu sarien kasuan, jarraibideak eta izena emoteko agiriak hemen dagoz. Ikerketa kontraturako, hemen.
Deialdiok bide luzea egin dabe dagoeneko: 2013an egin zan ikerketa kontraturako lehen deialdia, eta 2014an proiektu sariei jagokena. Harrezkero nabarmen hazi da bertsolaritzearen inguruan egindako ikerketa kopurua. Baina oraingo deialdia, bertsolaritzaz gan, antzerkigintzea, kantagintzea, kontalaritzea edo ahoz emoteko sortzen dan beste kultura adierazpide bat aztertzeko proiektuei be zabaldu deutsie.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!