Loraldia Festibalak Bilboko Verdes liburudendea omenduko dau
2019-03-22 09:15 KultureaVerdes Liburudendea euskal kulturgileen topagune izan zan eta hauspoa emon eutson euskereari Bilbon.
Loraldia Festibalak Bilboko Verdes liburudendako azken kudeatzaileei omenaldia eskainiko deutse martiaren 24an, Arriaga Antzokian eta Loraldia Festibalaren 5. edizinoaren barruan (12:30ean).
1973. urtean, garai gogor eta ilunetan, Verdes Liburudendeak ate bat zabaldu eutson euskal kultureari eta euskaltzaleen topagune bilakatu zan.
Javi Escuderok eta Asun Zuloagak liburuz inguraturik oasi erakargarri bat eratu eben Bilboko 7 kaleetako bihotzean. Berehala liburudendea alkargune ezinbesteko bihurtu zan euskal kulturgileentzat: lehen ikastolako testu debekatuak, Euskaltzaindiaren eskariak, Atxaga eta Arestiren arteko lehenengo hartu-emon historikoak eta akorduen laino artean Pott Bandaren sormen garaia be azaltzen da.
Ekitaldi horretan, Verdes liburudendako hainbat lagun batuko dira merezidutako omenaldia eskaintzeko asmoagaz. Euskaltzaleok zorretan dagoz eta eskertu behar deutsee emondako guztia.
Ikuskaria
Ekitaldi honen idea Bernardo Atxagarena da. Loraldia Festibalari proponidu eta honen arduradunek atsegin handiz hartu eben antolatzeko erronkea. Ekintza xume eta hunkigarria izango da Loraldia Festibalaren programazinoaren barruan. Idazleek, musikariek eta kultur gizon-andreek parte hartuko dabe, batzuetan kantuen bitartez eta bestetan testuak irakurteko. Omenaldian zehar Loraldia Kultur Alkarteagaz batera izango dira: Bernardo Atxaga, Natxo De Felipe, Ruper Ordorika, Juan Carlos Perez, Miren Agur Meabe, Joseba Sarrionandia eta Patxo Telleria.
Verdes familia eta liburudendearen historia
1930.eko hamarkadan Emeterio Verdes liburu-dendearen sortzailea izan zan. Liburu-dendea eta inprimategia zan. 1936an, Emeterio hil zanean, haren semea Pepek hartu eban lekukoa. Gerraostean, ostera, kartzelan sartu eta heriotza zigorra ezarri eutsien. Zorionez zigorra ez eben bete eta 1942an itxi eben libre. Baina ez eban lortu baimenik inprimategia martxan jarteko.
1970ean, azkenik, lokala zatitu eta erdia saldu eben. Inprimategia desargertu ondoren, liburu-dendea baino ez zan geratu.
1973an, Javier Escudero eta Asun Zuluaga bikoteak alokatu eben Verdesen liburu-dendea. Garai haretan ikastoletan beharrezkoak zituen euskerazko eskola liburuak lortu eta gurasoei ezkutuan saltzen eutsiezan. 1977an, Batallon Vasco Español taldeak bonba bat zartarazo eban liburu-dendan.
Escudero eta Zuluagaren kudeaketeak euskal kulturearen sortzaile barritzaileen lagunak izango dira: Gabriel Aresti eta Pott Bandea (Atxaga, Sarrionandia, Ordorika...) Bilbo inguruan sortu ziran idazle eta kulturgile barriek Verdes liburudendan izan eben leku erreferentziala (Miren Agur Meabe, Patxo Telleria...).
XXI. mendearen hasieran, ELKAR dendea heldu zan Bilboko Zazpi Kaletara eta Verdes amaitu egin zan.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!