Loraldian ospatuko dabe Munduko Poesia Kaieren 30. zenbakia
2019-03-22 08:07 KultureaZapatuan izango da ekitaldia, Bilboko Itsas Museoan.
Susa argitaletxeak nazinoarteko poeta handiak euskeraz irakurtzeko aukerea emoten dau Munduko Poesia Kaierak bildumearen bidez. Dagoeneko 30. zenbakira heldu diran ezkero, Loraldiagaz lankidetzan ospatuko dabe zifra biribila. Munduko Poesia Kaia izeneko jaia egingo dabe martiaren 23an, zapatua, iluntzeko 20:00etan hasita, Itsasadarra Itsas Museoan.
Prozesu esperimentala egin dau Susa argitaletxeak zapatuko ikuskizuna sortzeko. Lehenik eta behin, Munduko Poesia Kaierak bildumako material oparoa erabili dau: 30 poeta, 30 idazle, 30 itzultzaile. Ondoren, Beñat Sarasola editoreak kaier bakotxeko poema bat aukeratu dau, antologien antologia eginaz.
Editoreak aukeratutako sortearen ganean jolas esperimentala hasi da. Izan be, oholtzan hiru munduk egin dabe topo: Jose Luis Otamendi poetearen errezitatzaile ahotsak, Noemi Viana jantzari garaikidearen koreografiak eta Iraia Elias aktorearen teatro fisikorako eta umorerako jokereak. Idoia Beratarbide eta Oier Guillan ibili dira kanpoko begiradea emoten; proposamen plastiko eta espazialak egiten Beratarbide, proposamen dramaturgikoak eta aktoralak aurkezten Guillan.
Itsas Museoan egindako aurkezpenean azaldu dabenez, Munduko Poesia Kaia ikuskizun apala izango da, baina zintzoa. Publikoa hur-hurrean eukiko dabe protagonistek. Errezitaldi poetikoa ezohiko jantziz aurkeztuko dabe, gorputza eta poesia bisuala batuko deutsielako kaieretako berezko indarrari.
Ale barriak
Hain zuzen be, Munduko Poesia Kaierak bildumako argitalpen barri bi aurkeztu ditue Itsas Museoan egindako agerraldian. Horreetako bat Cesare Pavese italiarraren (1908-1950) antologia da. Euskerara gehien itzuli dan poetetako bat bada be, hauxe da lehenengo antologia. Bere sasoiko beste idazleen aldean, poesia narratiboa egin eban Pavesek, eta amodiozko testuak be idatzi zituan geroago. Ion Olano Carlosek itzuli ditu olerkiak euskerara.
Beste kaiera Idea Vilariño uruguaiarrari eskaini deutsie (1920-2009). Uruguaiko 45eko Belaunaldiko kide izan zan, eta gai ugari landu zituan. Poetea ez eze, itzultzaile oparoa izan zan. Garazi Arrula Ruizek euskeratu ditu Vilariñoren idazlan aukeratuak.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!