Kanpomartxo 2019 Erandion, martiaren 24an

Bizkaie! 2019-03-22 08:02   Euskerea berbagai

Kanpomartxo egunean euskerea, kulturea eta Erandio herria egin nahi doguz protagonista.

Erandioko euskaldunek alkar ezagutzeko, batzeko, herria euskeraz girotzeko eta gure hizkuntzearen erabilpen-esparruak zabaltzeko, jaio zan Berbots, Erandion euskeraz! Alkartea 1993. urtean. Beste ekimen batzuen artean, hainbat hamarkadatan galdutako Kanpomartxoa izeneko ohiturea berreskuratu eben 1994an. Beraz, aurtengoa hogeitaseigarren edizinoa da.

Euskerea gauza atseginei lotzeko asmoz antxina gure artean galdutako ohiturea berreskuratu genduan, bazkaria, musikea eta aniztasuna tarteko dirala.

Jatorriz, Inauteri edo Haratuzte aurreko domekan familiak, herriko taldeak eta bestelakoak joaten ziran mendira eta han alkarregaz sua egin eta bazkaldu egiten eben. Jatorrizko sasoia errespetetan ez dogula jakin arren, egun argi gehiago izateko eta eguraldi lagungarriagoa izateko asmoz garai honetan egiten dogu guk urtero. Gure Kanpomartxo gaurkotuan, ohitura hori oinarritzat hartuz, birmoldatu egin dogu eguna, inguruko euskaldunak batzeko deia eginez bertan euskerea ardatz dalarik. Herriko hainbat talderen alkarlanaz euskerearen inguruko jai-eguna antolatzen dogu, eta bakotxak ahal dauenagaz eta dakienagaz parte hartzen dau danok egun ederraz gozetako aukerea izan daigun.

Jaiaren helburua bikotxa da: euskeraz eta euskerea gozetako eguna, eta ganera gure herriko zenbait leku hobeto ezagutzeko eguna. 1994tik hona udalerriko txoko ezbardinetan egin da urterik urtera.

Kanpomartxo egunean euskerea, kulturea eta Erandio herria egin nahi ditue protagonista. Hiru osogai horreek buztartzeak emoten deutsoz Kanpomartxori berezitasuna eta aberastasuna. Kanpomartxo egunaren ezaugarri nagusia lankidetzea da, Erandioko alkarteen eta norbanakoen arteko lankidetzea. Euskal kulturea sustatu eta euskeraz bizi nahi daben erandioztarrek lekua dabe Kanpomartxoaren antolakuntzan eta ekintzetan; ezaugarri nagusiak ondokoak dira:

 Euskaldun eta euskaltzaleak batzeko lekua izatea.
 Herriko jente askoren agendan sartuta dago Kanpomartxo eguna.
 Harreman estuak izatea beste alkarte batzuekaz.
 Berbots bada nor. Euskalgintzearen erreferente herrian.
 Erdaldun askorentzat be Kanpomartxok badauka enkantua.


Kanpomartxo 2019, martiaren 24an, Kukularra auzoan, Altzaga Ikastolearen eremuan

Musika eskolako trikitilariek alaituta hasiko da eguna, ondoren herriko jantza taldeen emonaldiaz gozetako (Goi-alde, Trabudu eta Uztargi). Horren ostean, Altzaga Ikastolearen urteurren ekitaldia izango da eta jarraian Miren Amuriza eta Jone Uria bertsotan hasiko dira.

Sabela be bete behar danez, herri bazkaria izango da eta bazkalosteko kantuak Roberto Etxabarriagaz, Kanpomartxoren lagun zaharragaz, eta herriko Kantagunea taldeak lagunduta.

Umeek be euren lekua izango dabe eta eurentzako olgetak eta Arima diskofestea izango da; nagusiak Luhartz taldeak jantzan jarriko ditu, urtero-urtero legez.

Era berean, egun osoan, umeentzako olgetak, puzgarriak, koadrilen arteko jolasak, txosnea, musikea, taloa... izango dira.

Egun osoan autobus zerbitzua izango da auzoetatik bertaratzeko.

Berbots Erandioko euskaltzaleen topaguneak antolatzen dau Kanpomartxoa baina ezinezkoa litzateke aurrera eroatea eta ganoraz ospatzea herriko hainbat talde eta personaren laguntzino barike: Musika eskolako trikitilari eta pandero joleak, Goi-alde, Trabudu, Uztargi, ALBE Algortako bertso eskolea, Kantagunea, Ikastetxeetako guraso alkarteak, Auzokide alkarteak eta bestelakoak. Erandio Eleizateko Udala eta Bizkaiko Foru Aldundia be ezin ahaztu. Guztiei eskerrik asko 26 aldiz Kanpomartxoa posible egiteagaitik.


Altzaga Ikastolearen 50. urtemugea

Aurtengo Kanpomartxo Eguna Kukularra auzoan izango da, Altzaga Ikastolearen eremuan. Altzaga Ikastolea ikasturte honetan 50. urteurrena ospatzen dago, orain 50 urte, Euskal Herriko egoeraz arduratuta eta euskal nortasuna bultzatu eta indartu guran, guraso talde ausart batek beregan hartu eban herriko umeak euskeraz ikasteko, hazteko eta hezteko konpromisoa, nahiz eta euretariko askok erdaldunak izan. Ibilitako bidea luzea izan da, lehen urrats gogor baina sendoen ondoren beste batzuk etorri ziran, une gazi-gozoakaz, argi-ilunakaz, kokapen desbardinakaz, handitzen eta sendotzen joan zan. Altzaga Ikastolea Euskal Herriko lehen Hezkuntza Kooperatibea izan zan eta 1993-94 ikasturtean, Euskal Eskola Publikoaren sarearen parte izateko erabagia hartu eban. Hasieran neska-mutil talde txikia izan ebanak gaur egun 803 ikasle ditu, Haur Hezkuntza, Lehen Hezkuntza eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza zikloak beteten dabizenak. Herrian oso finkatuta dago ikastolea eta urte honeetan guztietan emoitza oparoa emon dau.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu