Ardura sozialak berben bidez adierazo ditu Jenny Holzerrek

Dabi Piedra 2019-03-21 13:29   Kulturea

Bilboko Guggenheim Museoan egongo da Zera deskribaezina erakusketea, irailaren 9ra arte.

'Ram' (Ahari-burua). Jenny Holzer, 2016. Argazkia: Collin LaFleche/Artists Rights Society (ARS), NY / VEGAP | Ikusi handiago | Argazki originala

Guggenheim Museoa sortu zanetik egon da Jenny Holzerren artearen zati bat Bilbon, uriari eskainitako pieza ospetsua inaugurazinoaren egunean ipini eban eta. Orain, sortzaile amerikarra Bilbon dago barriro, baina bere ibilbide osoaren errepasoa egiten dauen erakusketa zabala dakar, lau hamarkadako tartea hartzen dauen Jenny Holzer. Zera deskribaezina erakusketea hain zuzen.

Era askotako formatuak erabilten ditu Holzerrek bere lanean, bideo, LED argi eta proiekzinoetatik hasi eta harri zein horma-irudietara. Euskarria aldatzen da, baina ez komunikazinorako bidea: Berbak, esaldiak, olerkiak... berba bidezko mezuak dagoz obra guztietan. Gehienbat ingelesez sortzen dau Holzerrek, baina Guggenheimen euskeraz, gaztelaniaz, frantsesez eta alemanieraz be irakurri leitekez hainbat.

Artelanetako mezuetan, ardura sozialak eta sasoi bakotxeko gai nagusien inguruko testuak sartzen ditu Holzerrek. Erakusketako komisario Petra Hoosen esanetan, enpatia eta sentimendu kritikoa ditu artisteak. Gai ugari landu ditu urteotan: Emakumeen kontrako indarkeria, igeslarien krisia, poterearen gehiegikeriak...

Juan Ignacio Vidarte Bilboko Guggenheim Museoko zuzendariaren esanetan, gatxa izan da erakusketako materiala batzea, baina eragile askoren eskuzabaltasunari esker ekarri ahal izan ditue 40 urtean egindako obrak. Batez be, Holzerren beraren konpromisoa azpimarratu dau Vidartek, pasinoz lagundu dau. Ganera, obretako batzuk Bilboko museoarentzat beren-beregi eginda dagoz.

Gizarteko kezkak indar betez zabaltzeko asmo horretan, bortxaketak edo gerrak jasan dituen personen lekukotzak dagoz obra batzuetan. Holzerren ustez, beharrezkoa da gauza atseginak eta gogorrak tartekatzea. Hori bai, zer salatu eta ze gairi heldu aukeratzea zientzia inperfektua dala onartu dau artisteak.

1970eko hamarkadearen amaieran Holzerrek New Yorkeko kaleetan lehenengo artelan mezudunak ipini zituanetik gaur egunera arte, kolore eta formatu ugariko bidaiea egingo dabe bisitariek museoko hirugarren solairuko galerietan zehar. Atzera begirakotzat jo leiteke erakusketea, baina Petra Hoosek dino berba hori ez dabela erabilten, Holzer beti dagoalako aurrera begira, unean uneko munduari begira.

Bitxia izan zan Holzerren lehenengo ekintza artistiko publikoa. New Yorkeko horma eta zutabeak mezudun posterrez bete zituan, orduko hainbat kezka gizarteratzeko. Herritarrek euren eretxia idazteko aukerea eukien papelean bertan. Gerora, kaletik aretoetara egin eban salto Holzerren arteak, baina helburua aldatu barik.

'Inflammatory Essays' (Saiakera supiztaileak). Jenny Holzer, 1979–82. Artisteak itxitako argazkia.

Bilboko Guggenheimetik be egin eutsien enkargua, museoa zabaldu aurretik. Bilbora etorri, eta ordura arte sekula ezagutu bako erronkea ikusi eban begi aurrean: Frank Gehryren eraikinaren metalezko hazurdurea, lerro zuzenik eukiko ez eban eraikin baten erakusgarri. Ni ona naz espazioa nire buruan irudikatzen, baina lerro zuzenak badira -azaldu dau Holzerrek-, nire obrea egongo zan hormea ez zan zuzena izango; lehenengo aldiz, artelan baten maketea egin behar izan neban, espazio bihurritu haretan zelan geratuko zan jakiteko. Holan jaio zan Bilborako instalazinoa (Installation for Bilbao, 1997).

Proiekzinoak egunotan

Hamarkada bi geroago, barriro lan egin dau Guggenheim Museoaren forma irregularrakaz. Oraingo honetan, kanpoko fatxadan aurkeztuko dau sorkuntza barria. Izan be, gaurtik martiaren 30era, gauero (20:30etan) proiekzinoak egingo ditu Holzerrek errekara emoten dauen horman. Argien bidez, hainbat testu handi ikusiko dira museoaren fatxadan.

Bertoko eta kanpoko idazleen olerkiak aukeratu ditu Holzerrek proiekzino berezietarako. Euskaldunen artean, Gabriel Aresti, Bernardo Atxaga, Itxaro Borda, Kirmen Uribe, Amaia Iturbide, Felipe Juaristi, Julia Otxoa eta Miren Agur Meabe dagoz. Danetara, 19 autoreren 169 olerki dira, hainbat hizkuntzatan.

Hogeita bi urte pasau dodaz museoko horman proiekzinoak egin nahian, azkenik lortu dot!, adierazo dau Holzerrek. Publikoak kanpotik ikusi ahal izango ditu proiekzinoak, martiaren 30era arte. Barruan, hirugarren solairuan, irailaren 9ra arte egongo da erakusketea bera, eta jarduera osogarriak egongo dirala aurreratu dabe.

Lau hamarkadako lanaren ostean, Jenny Holzerrek munduari begira segitzen dau, gizartean dagozan kezkei adi. Artearen bidez politikea egiten dauen galdetuta, zera erantzun dau: Baietz espero dot.

2019/03/22 - 2019/09/09

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu