Kepa Lizarraga: 'Ondo ibili gara baina ez dogu lana errematau'

Bizkaie! 2019-03-25 08:05   Barriketan

BFAko kirol-medikua.

Galdakoztarra, urteetan Bizkaiko Foru Alndundian kirol-medikua izan ostean, jubilau barri egoala hartu eban Alex Txikonen eskaintzea neguan K2ra joateko. Hiruzpalau aste barru emon eutson baiezkoa eta pozarren emon dau bertan ia hilebete. Han bizitako gorabeheren barri emongo deusku ondo barriketaldian:


1.- Munduan sekula lortu ez dana, K2 neguan igoteko helburua bete barik, Alex Txikon etxera bueltan da. Ze balorazino egin zeinke?

Ona, ederra ezin esan tontorra ez dogulako zapaldu. Baina gustora gagoz, pausu asko emon doguz arlo ezbardinetan eta bihar-etzirako sano garrantzitsuak izan daitekez: Gizarte mailan, medikuntzan, faktore genetikoak eta hipoxia hipobarikoak eragindako aldaketa fisiologikoak neurtu doguz eta giza eskubideen arloan oso positiboa izan da gure ekarpena ze Baltistan Fundazinoaren eta Cofares taldearen eskutik, medikuntzarako materiala eta jatekoak eroan doguz.

Eguzki panelak eta haize-errotak erabiliz, kerosenoaren konsumoa asko murriztu dogu; genomearen munduan be ikerketa lanak egin doguz eta hemendik aurrerakoa be ez da txarra izango.

Barrikuntza arloan iglu edo izotz-etxeena nabarmenduko neuke; oso erosoak dira, haizerik ez da entzuten eta kanpoko tenperaturea 25 gradu zeropekoa izan arren, barruan 5 azpikoa izan daiteke.

Bestelakoan, estazino metereologikoari jagokonez, sano inportantea izan da, Alexek estimazino batzuk egin ditu eta tontorrera heltzeko sano erabilgarriak izan daitekez.

Dronak be erabili izan doguz, sano erabilgarriak erreskate lanetan eta altuera handiko lekuak ikertzeko.

Dana dala, hango gauzak, balorazinoak eta inork baino hobeto Txikonek berak esango deutsuz.


2.- Izoztutako hatzamarrak zelan dagoz?

Ondo. Izozte arina izan zan eskumako eskuko hiru hatzamarretan. Baina lehenengo inurridurea igarri eta berehala hasi nintzan tratamenduagaz. Zeropetik 21 gradu egozala neurtu eta kozinerua etorri jatan hatzamarretatik odoletan eta di-da beharrean hasteko momentua izan zan; zauri sakonean zulorik ez geratzeko, eskularrua kendu eta tira eta tira nenbilela ez baina azkar hasi nintzan inurridurea sentiduten baina botikea hartzen hasi eta hemen gagoz.


3.- Komodin lanak egiten, zein izan da zure ekarpena? Disfrutau bai baina sufridu be sufriduko zenduan...

Espedizinoan parte hartzeko aukerea ez da ohikoa izan; hegazkina hartu baino 3-4 bat aste lehenago Alex Txikonek esan eustan, etorriko zinateke geugaz eta zurtz eginda geratu arren, idea gustau eta etxekoei ez jaken txarto begitandu, joateko esan eustien ganera, holako aukerak aprobetxau egin behar diralako. Hasierako pausuak horreek izan ziran baina azkar nire ekarpena zehazten hasi ginan. Beste mediku bat be baegoan taldean, Josep Sanchis eta nire ardurea kirola eta ikerketea bultzatzeko asmo horretan zein giza-laguntzan ibiltea zan.

 

4.- Zelan subertau jatzun WinterTopAppeal - K2 winter Alex Txikonen espedizinoan parte hartzeko aukerea?

Alexek proposamen egin eta erantzuna egun batetik bestera emon neutson, atara kontuak. Mediku lanak ez eze, botikinaren eta komunikazino sistema osoaren ardurea hartu nituan, ekipoak, antenak eta bestelakoak neuk zehaztu nituan, baita energia elektrikoa lortzeko eguzki panelen ardurea be.

Ganera, aspalditik ezagutzen gara, Alexen medikua naz zeozelan eta aholkularitza lanak be egin izan dodaz sarri.


5.- Astia izan zenduan erabagia hartzeko ala di-da egin beharrekoa izan zan?

Azkar emon neutson baiezkoa Txikoni baina pentsaizu azpiegitura guztia atonduta egoala eta nik neuk Jusep Sanchis medikuagaz alkarlana bideratzea izan zan oinarrizkoena, berbarako, botikinak eta zelan osotu.


6.- Txertoak, asegurua, bidaia, materiala... Zelan konpondu zara?

Txertoen arloan ez genduan burukomin handirik izan, neguan ganera birusak eta intsektuak lo dagoz eta, beraz, bildurrik ez.

Aseguruen kontuan, barriz, zehaztasun handiz ibili ginan ze han erreskate lanak ez dira edozelakoak, kontaktuak, baita Pakistango Espainiako enbajadeagaz eta bestelakoakaz. Kontua da ze aurreko lan horreetan izaten diran urduritasun eta burukominak hegazkinean sartzen zarenean desagertu egiten dirala, Alexek dinoan legez, buelta gehiago ez emon gaiari, ez dau merezidu eta.


7.- Zelakoa izan zan bidaiaren ostekoa, zenbat kilometro oinez, zenbat egun Beheko Kanpalekura heltzeko?

Islamabadera heldu, tramite guztiak bideratu, azken erosketak egin eta gaueko 21:00etan ekin geuntsan bideari autobus txiki bitan; hurrengo eguneko 11:00aldera, 26 bat ordu geroago heldu ginan eta tartean bi edo hiru geldialdi eginda. Karakorum Highway eta Baltistan Highway burdinbideak dira eta hor susto bat baino gehiago pasau genduzan, izan be, lurrezko eta hareazko bideak ziran, galipotik bakoak eta hondeatzeko makina bat egoan bidera jausitako hatxak kentzeko eta eskuman, barriz, 150 bat metroko troka bat. Lehenengo autobusa zelan edo halan pasau zan baina bigarrena, jenteagaz joiana, bihurgunean bertan geratu zan, lurrean trabauta. Danok kanpora egin genduan salto eta han egon ginan luzaro, argazkiak ateratzen eta denporea emoten. Ikusgarria izan zan ze hondeatzeko makineak palea ipini eban albotik, autobusa trokan behera hasi ezkero, paleagaz gora altzetako...

Skardura heldu eta Askolira orotariko ibilgailuetan joan ginan, momentu ederrak ze mediku lanak egin genduzan hurratzen jakuzan personakaz. Hortik aurrera oinez 7 egun izan ziran, egunean 6-9 ordu inguru eta dana aldean eroanez, edatekoa zein jatekoa. Bakardade sensazinoa osoa zan. Ederra.


8. Zelan egiten dira tratuak sherpakaz?

Dana dago zehaztuta edo. Loiun hegazkina hartu auretik egiten dira kudeaketa guztiak. Bertako agentzia batek egiten ditu lan horreek. Baina orain materilaren banaketea egiten dan momentuetan astrapalak sortzen dira kilo gitxien dauen fardela hartzeko eta. Alexek azkar emon eban konponbidea, fardelak iladan jarri eta iladako ordenean hartzea, berbarako, laugarrenak laugarren fardela.


9.- Beheko Kanpalekuan, 5.000 metroan, zeropetik 25 gradu egozan. Zer izan da gogorrena, hotza, altuereak dakarren zorabioa...?

Beheko Kanpalekura heldu aurreko eguna izan zan niretzako gogorrena; errementauta heldu nintzan. Zamaketari zaharrenakaz ibili ginan, erronka handia zan harentzako Beheko Kanpalekura heltzea, baimena be eskatu euskun baina justu-justu joian eta laguntzino beharretan eta, neu ibili nintzan baragarri; luzaroan zain eta ibili ostean, berandu egin jakun, ez eutsien aurrera egiten itxi eta bide zatia azkar egin behar hori gehiegizkoa izan zan niretzako; heldu nintzan baina errementauta.


10.- K2 mendiaren tontorra neguan ez dau inork zapaldu. Zer behar da hara goraino igon ahal izateko?

Subertea. Karakorumeko zortzi mila metrotik gorako mendiak, mendebaldean dagoz eta neguan haize boladek ez dabe trabarik izaten, korronteak etenik bakoak dira eta ez dago babesik. Beraz, haize boladak eta sensazino termiko basatiak dira arazo.

Maila fisikoan ondo egotea nahitaezkoa da baina burua be erabili behar da, esan gura dot, baldintza gogorren aurrean erabagiak hartzen jakin behar dalako.

Ganera, maila teknikoan be sano gatxa da K2.


11.- Tu apoo solouli solouli - two apo slowly slowly: aitita bi astiro-astiro Baltoroko glaziarrean, Essa Khan Ertzainen jarse gorria jantzita, logo edo ikur eta guzti... Holako anekdota eta pasadizoak mila izango dozuz...

Bai. Essa Khan, zamaketari zaharrenak jarse gorria eukan aldean, Ertzaintzearen logo eta guzti; zurtz eginda geratu nintzan baina tratu ona izan genduan beragaz, oso jatorra zan eta Tu apoo solouli solouli esaten euskun sarri, aitita bi astiro-astiro, barre-algara handiak eginez hor ibili ginan.

Bestetik, glaziarrean sartu eta bigarren egunetik aurrera material likido guztia izoztu egiten zan eta hor be izan genduzan tirabira batzuk, betadinea eta kolirioak gogortuta eta urtuteko patrikeratan eron behar izatea...


12.- Liburuak eta artikuluak be idatzi izan dozuz. Ibiltea: Erabilera terapeutikorako gogoeta teknikoak eta bitxikeriak horretatik zer nabarmenduko zeunke?

Bai, 500 bat artikulu eta liburu batzuk be baditut argitaratuta. Ibiltea horrezaz esango deutsut egunero egiten dogun jarduerea izanda, ez dogula behar beste martxan jarten. Medikuntzan gabizanontzako betiko aholkua da: oinez ibiltea lakorik ez dago eta zapatilak eta gogoa baino ez dira behar. Geldiro-geldiro han eta hemen oharrak hartzen hasi eta berehala jaubetu nintzan liburu bat egiteko beste material neukala. Holan etorri zan liburua.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu