K2 datorren urterako, Inshallah
2019-03-21 08:02 Euskaldunak munduanAlex Txikon: espedizinoari egur esan ostean, hainbat kontu garrantzitsu azpimarratu nahi ditut.
- Zaborra eta materiala batzearen garrantziari lotuta, Nuri kidea helikopteroz eroan behar izan ebenean, atzamar bat izoztuta ebalako, 3 kilo zabor sartu genduzan helikopteroan bertan. Jente askok zoriondu gintuan Pakistanen, orain arte sekula ez baitzan helikopteroan zaborrik bajatu.
- Metereologoek lan ikaragarria egin dabe, baina neguko K2 mendiak ezuste ugari emoten ditu egunero eta oso gatxa da asmetea. Horrexegaitik, datorren urteari begira, estazino metereologikoa behe Kanpalekuan jarteaz gan, altuerako kanpalekuetan be jarriko ditugu. Horixe izango da lehen hobekuntzetako bat.
- K2ko neguko espedizinoan izan diran lerro bikotxez ekipetako orduan gauza larregi esan da baina azpimarratu nahi dot negu honetan lerro barri bakar bat egon dala; hain zuzen be, 5.300 metrotik 7.150 metrora 3.000 metro soka ekipau ditugu 72 bileretan; horreetatik 46 grabauta daukaguz eta lerro bakarra dagoala argi ikusten den. Lehiakor izateaz epaitu jaku guzurretan ibilita. Ez genduan lerro paralelorik, bakarra egoan. Horrek, ganera arazoak sortu ditu gure espedizinoan, soka zaharrak egoera txarrean egonda, geure lerroagaz alkartzen ziralako eta ezin genduzanez ebagi, rapelak egiteko orduan arazoak geunkazan geure segurtasuna bermatzeko.
- Neure eretxiz, K2 mendia neguan igotekotan, martian izan beharko litzateke, eta negua zezeilean amaitzen dala pentsetan dabenek abenduaren hasieran edota urtarrileko lehen egunetan egin deiela ahalegina. Baina nik uste nahikoa dala Behe Kanpalekura zezeilaren lehen asteetan helduta, izan be, 3 edo 4 egunetan posible da 3. Kanpalekuraino heldu eta handik 6 egunetan 4. Kanpalekuraino. Etxera heldukeran, jentaurrean esango dogu geure estazio metereologikoak batu dituan datuak.
- Aukera bakarra izan daiteke Behe Kanpaleku edo Behe Kanpaleku Aurreratutik atera 3. Kanpalekuraino eta 7.400 metrotatik gailurrera heldu eta bertara bajatutea barriro. Edota, orain aste batzuk Reinhold Messnerrek esan euskun legez, 2. Kanpalekutik be jo daitekeela tontor saiakerea. Finantziazinoa lortu ezkero, gogor lan egitea eta entrenetea tokauko jaku bertara itzuli ahal izateko eta 2. Kanpalekutik saiatzeko, bakotxean gehiago konbentziduten bainau teoria horrek.
- Espero dot beste alpinista batzuek be igluen eta haizearen kontrako harresien asmoei jarraipena emotea. Igluek, hain zuzen be, udabarrian zehar mantenduko dira eta neguak edurraz ondo estaltzen baldin baditue, baita udan be.
Mila esker, bihotzez, babesle eta kolaboratzaile guztiei alpinismoaren historiaren parte izateagaitik, hedabide guztiei abentura honi oihartzuna emoteagaitik eta jarraitzaile guztiei geugaz batera egunero neguko zehetasun guztiakaz bat egiteagaitik.
Tristura handia dot bueltau behar izanagaitik
Prest gara K2 mendiko (8611 m) azken gailur saiakerarako, ez azkena, ostera, neronek nahi dodalako, asko hausnartu eta aukera barriak konsultau ostean, neguaren amaieran, etxera bueltan joateko ordua dalako. Horrenbeste lan eginda, tristura handia dot bueltau behar izanagaitik. Geure gauzak batu eta Behe Kanpaleku guztia desegin ostean, Baltoron behera goaz. Geure etxea izan da hiru hilebetez eta hori ez da hain erraz ahazten. Ganera, mendi ikaragarri honeek aurrean ditudala, tontor saiakerako emozino guztiak ditut gori-gorian eta zuekaz konpartidu nahi ditut.
Martiaren 14an, 10:00etan, Behe Kanpalekutik urten dogu, nahikoa geldo, esfortsu handiegirik ez egiteko datozen egunei begira eta 7 ordu gorabehera, Lehen Kanpalekura heldu gara. Zezeilean haizeak ez deusku aukerarik emon. Orain urte bi esan neban legez, K2 mendia benetan igon nahi ahal izateko, hiru urtez jarraian etorri beharko litzateke.
Lehen Kanpalekura heldu gara, 6100 metrora. Cheppalm Wallung, Geljen, Pasang eta biok koordinazino onean goaz Felix eta Ignaciogaz batera. Ostean, Behe Kanpalekura itzuli ziran datozen egunetan 2. Kanpalekutik beherakoa garbitu eta batzeko.
Egunak aurreikusitakoak baino itxura txarragoa dauka, baina ondo gabiz eta talde bitan banatu gara lo egiteko. Martiaren 15eko goizean, giro hobea igarri dogu baina minutuek aurrera egin ahala, aldatzen doa. Taldekideetako bat ez dago ondo. Geljenek gau txarra igaro dau ta mina eukan sahiets aldean. Behera joateko esna genion eta Behe Kanpalekuko kideei deitu geuntsen gorantz abiatu etalaguntzeko. Besteok aurrera jarraitu eta hiru orduan Behe kanpalekura heldu ginan. Geure asmoa aurrera egitea zan, baina eguraldiak ez euskun aukerarik emon eta 6.500 metroan hartu genduan deskantsua. Hurrengo goizean, Wallung ez zan ondo sentiduten, gau txarra igaro eban botaka eta botaka eta Behe kanpalekura bueltetako esan neutson, holan ez neutsola itxiko gorantz igoten.
Martiaren 16an, goizeko 5:30ean izartu eta harrituta geratu nintzan begi-bistan neukan paisajeagaz. Aurrera egin genduan Cheppal, Pasang eta hirurok. Pisu asko geunkan aldean, ekipetan jarraitzen gendualako, soka zaharrak baino ez genduzan topetan, itxura eskasagaz, ganera.
Chimenea House izenekoan, 2. Kanpaleku altutik jarraitu eta mendian geratutako hainbat alpinistaren arrastoak topau doguz... . Ekipetan jarraitu dogu soka zaharretako hiru lerrotik eta línea barri bat ekipau dogu 7.020 metroraino. Denda montau dogu Jet Stream badatorrela igarrikeran. Babestu eta Karakorumeko neguak eskaintzen dituan paisaje ederretan sartzen zara. Kamerea atera eta sekulako argazki eta bideoak egin nituan. Cheppal dendan geratu da min dauelako atzamar batean, eta Pasang eta nik sokak hartu eta hurrengo metroak ekipetan jarraitu dogu. 7.150 metroraino heldu ginan eta bagenkian hemendik aurrera soka zaharrak egozala. Halan da be, itzelak izan dira Pasang eta biok bizitako momentuak.
Dendan sartu eta gau guztia lorik egin barik emon ostean, jakin bagenkian tontorra ia ezinezkoa zala, baina jakin bagenkian laugarren Kanpalekura 5 ordutan heltzeko modua geunkala eta handik beste lau ordutan botila-lepoa izeneko leku ezagun eta arriskutsura.
Oso baliogarria izango litzateke bertara heltzea mendi hau hobeto ulertzeko eta beste alpinistei esateko zelan igon ahal dan benetan K2 mendia neguan. Baina orduek aurrera egin eta haizeak 50 km/ordu baino gehiagoko abiaduran joten eban. Ez dot gure bizitza arriskuan jarri gura beste inor baino gorago heldu garela esateko, nik eta taldeko kide guztiak bizirik jarraitzea eta holako abenturakaz amesten jarraitu gura dot. Erabagia beherantz jotea da.
Momentu gogorrak dira 3. Kanpalekua desegiterakoan
Hiruron artean 200 soka daroaguz, 4 piolets wuark, 8 izotzezko torloju, 5 epigas primus bereziak neguan izotza urtuteko 40 gradu zero azpiko tenperaturetan, 3 saku, 3 esterilla, msr reactor bat, denda bat eta janari apur bat eta edari asko.
Beherantz hasi eta oso azkar egin genduzan rapelak 2. Kanpalekura heldu arte. Bertan, 15 kg zabor batu genduzan Behe Kanpalekura eroateko. Handik 1. Kanpelkura eta azken denda eta igluen moldea bajatu ditugu. Pena handia da ezin bertan muntau izana iglua behe kanpaleku eta behe kanpaleku aurreratuan bezela. Ikasketa guztiak aukera barri bat dirala esango neuke, beraz aurrera, hurrengorako. Geure lerrotik rapelatzen jarraitzen dogu Felixek eta Ignaciok tarte hau guztiz garbitu ebelako. Behe Kanpalekura heldu gara.
Azpimarragarria da ekipautako 3.000 metro soketatik 1.200 geureakaz egin dogula behera, 200 bat metro glaziarrean eta ganerakoa goian. Sortutako zabor guztia behera eroan dogu, baita mendian topautako zaborraren parte bat be, tartean, 200 metro koreana, 4 saku hori eta 30 kg zabor. Horretarako, Felix eta Ignacioren laguntzinoa ezinbestekoa izan da.
Bestalde, Behe Kanpalekuan, ganerako kideek dana batu eta erreziklau dabe, gitxi gora behera, 200 kg, 25 kiloko boltsetan latak eta zaborra bereiztuta. Mendian 1.800 metro soka itxi eta ganerakoa eroan dogu beherantz. Oso garrantzitsua begitantzen jat hau nabarmentzea, ez baita honetaz askorik berba egiten eta mendizaleok kontziente izan behar gara gehien maite douna ahalik eta garbien itxi behar dogula.
Ganera, K2 mendian, neguan, uste dot % 100 eraginkorra dala gainean bajatu ezin diran gauzak mendian behera botatea, izan be, ehunka kilo soka beherantz bota nituan jakinda mendi honetan egin daitekeela. Udan be batzuek asko eskertu ditue itxi ditugun soka barri horreek eta depositoa, batez be, 7 summiteko lagunek.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!