Herri Hizkeren Atlasaren X. liburukia aurkeztu dabe
2019-03-15 14:34 Kulturea145 herri, 2.857 galdera, 320 lekuko.
Bilbon aurkeztu dabe, gaur, Euskararen Herri Hizkeren Atlasaren (#EHHA) hamargarren liburukia, eta horregaz batera argitaratu dan CDa. Aurrekoak legez, Laboral Kutxaren babesagaz argitaratu du Euskaltzaindiak lan mardul, zabal eta aberats hau. 239 mapaz osotutako liburuki barrian, ondorengo gaiak jorratu dira: jokoak, kirolak, bertudeak eta bizioak, gorputzeko bakotasunak, larruazaleko gatxak, gaixotasunak, heriotzea, ezkontzea, gizarte-bizitzea, ahaidegoa, erlijinoa, sinisteak, lana eta beharginak...
Euskararen Herri Hizkeren Atlasak (#EHHA) ahozko euskerearen aldaerak mapetan jasotea dau helburu eta argitaraturiko liburuki guztiak konsulta daitekez Euskaltzaindiaren webgunean (www.euskaltzaindia.eus/ehha), 5. eta 6. liburukiko audioakaz batera.
- Andres Urrutia (euskaltzainburua): Ez daigun euskerearen arkeologia egin. Egin daigun biologia.
- Xabier Egibar (Laboral Kutxako zuzendaria): Laboral Kutxak euskal kultureagaz dauen konpromisoa berretsi eta hainbeste baloretan dauen Euskaltzaindiaren lan akademikoa gizarteratzeko ekarpenak egiten jarraitu nahi dau.
- Adolfo Arejita (EHHA proiektuaren zuzendaria): Atlas guztiak ez dira modu berean landu. Hobetzen joan gara, eta jasoten diran oharretan testuak be badau garrantzia, ez bakarrik berbak. Eta maminak be badau garrantzia. Hizkuntzearen hazurdurea mamiz osotzen be lagundu nahi dau Atlasak.
- Xarles Videgain (EHHA proiektuaren arduradun teknikoa): Euskaltzaindia altxor baten jaube da eta baldintzak batuak dira, Euskaltzaindia izan daiten federatzaile. Tenorea da eta Euskaltzaindiak badau indarra ahaleginak batzeko eta harreman intelektualak zabaltzeko. Izan daitela hamargarren liburukia helburu horren mugarri.
Hona hemen landutako gai bakotxean dan galdera-kopurua:
67: jokoak (26 galdera).
68: kirolak (23 galdera)
69: bertuteak eta bizioak (15 galdera).
70: gorputzaren gabeziak (9 galdera).
71: azaleko gaixotasunak (16 galdera).
72: gaixotasunak (36 galdera).
73: heriotza (15 galdera).
74: ezkontza (18 galdera).
75: gizarte-bizitza (16 galera).
76: ahaidegoa (24 galdera).
77: erlijioa (16 galdera).
78: sinesteak (12 galdera).
79: lana eta beharginak (13 galdera).
Sareko bersinoa eta soinuak
EHHAren hamar liburuki kaleratu dira, eta guztiak dagoz konsultagai, PDF formatuan, Euskaltzaindiaren webgunean, izan be, hamargarrena gaur bertan jarri da publikoaren eskura.
Horrezaz gan, V. eta VI. liburukiak ikusgai eta entzungai dagoz webgunean: batetik, liburukien testu osoak PDF formatuan irakur daitekez, osorik; eta, bestetik, lekukoek emondako erantzunak entzun daitekez V. zein VI. liburukiaren audioak be behera kargauta dagozalako Akademiaren webgunean bertan.
145 herri, 2.857 galdera, 320 lekuko
Euskerearen Herri Hizkeren Atlasak (EHHA) ahozko euskerearen aldaerak mapetan jasotea dau helburu. Egitasmoa 1984an jarri zan abian, galdeketa puntuen sarea, galde-bildumea eta lan metodologia finkatu ziralarik. Galde-bilduma horrek hizkuntzearen datu guztiak batzen ditu: lexikoa, fonetikea, morfologia eta sintaxia. Datuak batzeko Euskal Herri osoko 145 herri hautatu ziran, 145 herri horreetan eginiko inkestakaz 2.400 zinta grabau ziran. Euskaltzaindiak batuta dituan grabazinoak 4.000 ordutik gora dira (batez beste, 27 ordu herriko).
- 2010ean kaleratu ziran I. eta II. liburukiak. Lehenak, honako gai honeek jorratzen ditu: insektuak, itsas arrainak, ibai arrainak eta ibai arrantzako tresnak, narrastiak eta urpekoak, txoriak, basa animaliak eta kazako arteak, eguzkia eta zerua, eguraldia, edurra eta hotza.
- Bigarren liburukian aztertu eta landutako esparruak hiru dira: denpora kronologikoa, topografia eta landaretzearen lehen atala. Denporearenean, esaterako: astegunak, hilebeteak, urte sasoiak eta urteak, eta euretariko bakotxaren parteak landu dira; baita oraingo, lehengo eta geroko denpora-unidadeak be.
- Hirugarren liburukian (2011) tradizinoko bizimodu eta ingurumenaren inguruko gai edo kontzeptuak landu ziran: batetik, lurra, euskal gizakia bizi dan lurra; lur horretan ernetako bedar, landare, zuhaixka eta zuhaitzak; lurrak berez edo gizakiaren eraginez emoten dituan uztak; eta bestetik, euskal gizakiagaz belaunez belaun bizikidetza estuan bizi izan diran animaliak, euren parte esanguratsuak eta euren inguruko prozesuak.
- Laugarren liburukian (2012) kontzeptu ugari batu eta landu ziran, eremu biren inguruan: etxe-abereak eta etxea bera. Holan, liburukiaren lehen partea hainbat etxe-abereri eskainia dago (txerriak, hegaztiak, txakurrak, erleak), eta, bigarren partea, batez be, etxearen esparruari jagoko.
- Bosgarren liburukian (2013) izenaren morfologia landu eben. Parterik handiena deklinabideak hartu eban.
- Seigarrenak, (2015) aditz morfologia jaso eban; gehien erabilten diran aditzaren forma jokatuak aztertu ziran.
- Zazpigarren liburukiaren (2016) lehen atalean baserriaren, etxearen, lur lantzearen, goldearen eta garraioaren eta inguruko edo etxeko zenbait kontzeptu landu dira. Liburua baserri-etxe bateko sukaldetik abiatzen da eta horren osogarriak, etxe inguruko edo etxeko zenbait elementu edo toki garrantzitsu, sukaldeko tresneria edota ontzi eta tresnak, jorratzen ditu. Laborantzako lanabes asko be landu dira liburu honetan. Liburukiaren bigarren partean, gramatika kategoria oinarrizko batzuk eta aditzaren inguruko zenbait alderdi, batez be, sintaxiari jagokozanak, landu dira.
- Zortzigarren liburukian (2017) 250 mapa argitaratu ziran, eta lexikoaren arloa lantzen da, batez be, esparru desbardinetako berba eta esamoldeak jaso zituen. Alde batetik, baserriko zenbait lanabesen izenak batu dira liburuki honetan (sega-potoak, eskubareak, segak...); bestalde, arlo desbardinetako prozesu eta langintzei buruzko informazino baliaogarria be agiri da (ardaogintzea, ogia eta bizkotxoa, lixiba, artilea eta lihoa...), eta zelan ez, prozesu horreekaz guztiakaz loturiko lexikoa be jasoten da zortzigarren ale honetan.
- Bederatzigarren liburukian (2018), besteak beste, giza gorputzagaz, janzkereagaz, norberaren apainketeagaz, sexualidadeagaz eta umezaroagaz zerikusia dauen lexikoa landu da eta zernahi esparrutako berba eta esamoldeak dagoz jasota.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!