EHUk eta Bizkaiko Batzar Nagusiek hitzarmena sinatu dabe gazteen artelanak erakusteko

Bizkaie! 2019-03-15 14:03   Kulturea

Artista belaunaldi barrien sorkuntza lanak zabaltzeko lankidetza hitzarmena da.



Bizkaiko Batzar Nagusi
ek eta Euskal Herriko Unibersidadeak sendotu egin dabe artista belaunaldi barrien sorkuntza lanak zabaltzeko lankidetza hitzarmena sinatuta. Bizkaiko Batzar Nagusietako presidente Ana Otaduik, eta Euskal Herriko Unibersidadeko errektore Nekane Balluerkak sinatu dabe gaur, hilak 15, Arte Eder Fakultadeko ikasleen artelanak Foru Kameran erakusteko akordioa

Gaur beste aurrerapausu bat emon dogu gure erakundearen eta Euskal Herriko Unibersidadearen, bertako Arte Eder Fakultadearen bitartez, arteko lankidetzearen ibilbide emonkorrean. Azkenengo hamarkadan, berrogei artista gazte inguruk euren lanak erakutsi ahal izan ditue umila izan arren uriaren erdialdean dagoan erakusketa areto honetan, esan dau Ana Otaduik. Bizkaiko Batzar Nagusietako ordezkari nagusiak azpimarratu dauenez, hitzarmen horren sinadurak Batzarretako Mahaiko indar politiko guztien aho bateko adostasuna jaso dau, eta XXI. mendeko batzar moduan daukagun betebeharra osotzen daben kultur jardueren garrantzia be azpimarratu dau.

Nekane Balluerka UPV/EHUko errektorea pozik agertu da hitzarmenaren sinadureagaitik eta azpimarratu dauenez, hitzarmen horregaz finkatu egiten da Bizkaiko Batzar Nagusien eta Euskal Herriko Unibersidadearen apustua, Arte Ederretako geure ikasleen sorkuntza lana bultzatzeko. Helburua arte sorkuntzeari lagunduko deutson ingurunea sortzea da, eta akordio hau horretara garoazan beste pausu bat da.

Lau urteko indarraldiko hitzarmenak, modu automatikoan beste lau urtean luzatu ahal izango dana, sendotu egiten dau erakunde bien arteko lankidetzea. Ganera, urtean hiru erakusketa inguru antolatzeko aukerea emongo dau, ikasle birena, Arte Ikerketa eta Sorkuntzea, Pinturea, Arte Garaikidearen Konserbazinoa eta Zeramikea eta Funtzinoa, eta Erakusketa Masterretako sortzaile gazteena, artelanen arteko alkarrizketan oinarrituta. Hitzarmenaren barruan, Batzar Nagusiek erakusketa baten katalogoa egin eta artelan bat erosiko dabe, bilduman sartzeko.

Hitzarmena, Batzar Nagusietako erakusketa aretoan sinatu dabe. 2010eko garagarrilean zabaldu zanetik gaur arte, hogei bat arte erakusketa jaso ditu, UPV/EHUgaz lankidetzan; lehenengoak, Exposición Cero izenekoak, Fito Ramírez-Escudero, Iñaki Bilbao eta David García Arte Ederren Fakultadeko irakasleen pintura lana batu eban. ESO izeneko azkenak, Ane Zelaia eta Maider Santos artistek hainbat euskarritan egindako 20 orio-pintura jaso ditu, joan dan hilaren amaierara arte. Erakusketa bi horreen artean, Bizkaiko Batzar Nagusietako erakusketa aretoak hainbat estilotako eta diziplinatako artelanak jaso ditu Jon Martín, Jon Ander García Benítez, María García Benítez, Gabriel Camino, Leire Sánchez, Izaskun Araluzea eta Iranzu Aldabere artista gazteenak, beste batzuen artean. Usoa Fullaondo eta Txus Meléndez irakasleek antolatu ditue erakusketa asko.

Bizkaiko Batzar Nagusietan, 1985ean hasitako arte bilduma azpimarragarria dago, eta urtetik urtera gora egiten dau, UPV/EHUko Arte Ederren Fakultadeko sortzaile gazteen erakusketa bakotxean artelan bat erosten dauelako: Jorge Oteiza, Gabriel Ramos Uranga, Mikel Díez Alaba, Daniel Tamaño, Alfonso Gortázar eta Jesús Mari Lazkano dira Bilboko Hurtado de Amézaga kaleko 6. zenbakian dagoan Bizkaiko Batzar Nagusien administrazino egoitzako bulegoetan, igarobideetan eta egongeletan ikus daitekezan artelanak egin dituen artistetako batzuk.

Bilduman, azpimarragarriak dira XX. eta XXI. mendeetako emakume margolarien, eskulturagileen eta argazkilarien 40 artelan baino gehiago; horrek argi erakusten dau Bizkaiko Batzar Nagusiek artea erosteko politikan izan dauen ikuspegi bardinzale aitzindaria.

Mari Puri Herrero, Juana Cima, Mertxe Olabe, Asun Goikoetxea, Abigail Lazkoz, Dora Salazar, Begoña Zubero, Damaris Pan, Lide Kaltzada edo Andrea Abalia artisten sorkuntza lanak, beste batzuen artean, ibilaldi parebakoa dakarskue emakumeek egindako euskal arte garaikidean barrena.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu