Euskerearen 'kaleidoskopioa', batuaren aberasgarri
2019-03-15 08:07 Euskerea berbagaiEuskerearen aldaerak eta atlas linguistikoa, Euskaltzaindiaren II. Dialektologia Biltzarreko lehenengo eguneko gaiak.
Agintari ugari agertu dira Bilboko Euskal Museora, II. Nazinoarteko Dialektologia Jardunaldien lehenengo egunaren kontura. Bingen Zupiria Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburua, Lorea Bilbao Bizkaiko Kultura eta Euskera diputadua eta Koldo Narbaiza Bilboko Udaleko zinegotzia izan dira ekitaldiaren buruak, Andres Urrutia euskaltzainburuagaz batera.
Dialektoak eta euskalkiak dira biltzarraren gai nagusiak, eta horreek batu, aztertu eta gizarteratzeko moduak, atlas linguistikoak batez be. Hizkuntza baten aldaera herrikoiak sakon ezagutzea funtsezkoa da hizkera formalak aberasteko. Euskalkien eta euskera batuaren artean be, truke hori bultzatzeko deia egin dabe Biltzarraren hasieran.
Andres Urrutiak azpimarratu dau euskera batuak ez dauela euskerearen kaleidoskopioa ukatzen, kontrakoa baino: Batasuna osotu eta aberastu egiten da prisma horren kolore guztiak hartzen dituanean. Horregaitik, daukaguna ezagutzea ezinbestekotzat jo dau.
Lorea Bilbaok be euskerearen askotarikotasuna aldarrikatu dau: Kontua ez da aldaera bat ala euskera batua, kontua euskerea bera da, edonor eroso sentiduteko modukoa izatea. Bingen Zupiriaren ustez, erabiltzaileek egingo dabe euskera batua, bestela ez dau etorkizunik izango.
Euskerearen Herri Hizkeren Atlasa da, beharbada, hizkuntzearen aldaeren aberastasuna bere osotasunean ezagutzeko tresnarik baliotsuena. Aspaldi hasi zan Euskaltzaindia proiektu honetan lanean, eta dagoeneko hainbat ale atera ditu, danak mapa eta azalpen zehatzakaz horniduta. Adolfo Arejita euskaltzain eta egitasmoaren zuzendariak EHHAren historia eta balioa aitatu ditu Biltzarrean.
Pasadizo, ipuin eta bestelako kontakizunen bidez, euskerearen lekukotasun ikaragarria gordeten dau Atlasak, Arejitaren arabera, herri jakinduriaren altxorra da. 4.000 bat ordu grabazino dagoz, euskerearen eremu guztikoak. Aurrera begira, Euskaltzaindiaren beharren arabera zehaztuko ditue Atlasaren hurrengo pausuak, teknologia barriek emoten daben abantailea aprobetxauta.
Hain zuzen be, teknologia barriei esker, Atlaseko mapei erabilgarritasun handiagoa emoteko lanean dabiz. Xarles Videgain euskaltzain eta proiektuko arduradun teknikoak azaldu dauenez, mapetan ahotsak eta soinuak agertzeko aukerea egon leiteke.
Lehenengo egun mamintsuaren ostean, Dialektologia Biltzarraren bigarren egunean Euskerearen Herri Hizkeren Atlasaren X. liburukia aurkeztuko dabe. Gaur, barikua, izango da hori.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!