Basque Team-ek badauka kantua

Dabi Piedra 2019-03-13 12:40   Kirola

Tokioko Joko Olinpikoetara bidean, euskal kirolariei animoak emoteko sortu dabe.

BAT-Basque Team proiektuko kirolariak 2020ko Tokioko Joko Olinpiko eta Paralinpikoetara sailkatzeko ahalegin betean dabizan ezkero, animoak emoteko eta Basque Teamen balioak gizarteratzeko kantua sortu dabe hainbat sortzailek alkarlanean. Andoni Egaña bertsolariak idatzi ditu berbak, Mikel Unzurrinzagak (DJ Makala) eta Juan Carlos Vidaurretak egin dabe doinua, eta Lidia Insaustik jarri dau ahotsa.

Bideoklipa be grabau dabe, Iñigo Asensioren zuzendaritzapean. Donostiako Axular Ikastolako umeek eta Basque Teameko hainbat kirolarik hartu dabe parte bideoklipean. Maialen Chourraut, Iñigo Peña, Aitor Francesena, Leticia Canales, Barbara Pla, Amaia Erbina, Uribarri Barrutieta, Carlos Tobalina, Trihas Gebre, Rakel Mateo eta abar agiri dira.

Euskal Herrian sarri entzuten diran rock doinuak eta gitarrak alboratuta, funk estilora jo dabe sortzaileek, DJ Makalak azaldu dauenez. Freskoa eta modernoa da kantua, erritmoduna, kirolariei animoak emoteko.

Berbetan euskal kirolaren eta Basque Teamen balioak erakusten ahalegindu da Andoni Egaña. Horregaitik, ni eta gu-ren arteko jokoa egin dau: Kirolariak, bakarrik dagoanean be, gizarte osoa atzean daukala kontau dot. Neskak eta mutilak aitatu ditu kantuan, eta lehia be bai, kirolean lehia ez da izkutatu behar, Egañaren arabera.

Kirolak erotzen gaitu lelopean, batez be umeak eta gazteak erakarri nahi ditue, Basque Teameko proiektua eta balioak ezagutu deiezan. Olatz Legarza Basque Teameko koordinatzaileak adierazo dauenez, goi mailako kirolaren balioak gizartean zabaldu nahi doguz, batez be ume eta gazteen artean. Kanpainearen helburua eta euskal kirolaren etorkizuna dira, azken baten.

Kantua eta bideoklipa asmo horren barruan sartzen dira. Horrezaz gan, ipuin eta komiki bana egin ditue, Basque Team eta ekaitz mekanikoa izenburudunak. Umeei zuzenduta dago ipuina, eta gazteei komikia. Paul Caballerok egin ditu marrazkiak, eta Iker de Arce Arechavalarena da gidoia. Protagonistak Basque Teameko kirolariak dira, eta kirola desagertuarazo nahi dauen pertsonaia gaizto bati aurre egin behar deutsie.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu