Jaiotz Osa eta Sigrid Stigsdatter Mathiassen koreografoek egingo ditue jantza egonaldiak

Bizkaie! 2019-03-12 12:23   Kulturea

Azkuna Zentroan eta Dansateliers Rotterdamen egingo ditue egonaldiak.

Sigrid Stigsdatter Mathiasse | Ikusi handiago | Argazki originala

Bilboko Gizarte eta Kultura Garaikideko Azkuna Zentroak eta jantza garaikideko sorkuntza eta erakusketako Dansateliers Rotterdam zentroak Jaiotz Osa koreografoari eta Sigrid Stigsdatter Mathiassen koreografoari emon deutsee zentro biek alkarregaz eskaintzen daben jantza garaikideko egonaldia.

Marta Oliveres, creative managerrak, Kristin de Groot, Dansatelierreko zuzendariak eta Fernando Pérez, Azkuna Zentroko zuzendariak osotutako epai-mahaiak Jaiotz Osa hautatu dau, 2019ko irailean Azkuna Zentroan eta 2020ko urtearen hasieran Dansateliers Rotterdamen-en izango dan egonaldi honetarako.

Jaiotz Osa

Jaiotz Osak OSA+MUJIKA konpainiakoa da, Xabier Mujikagaz batera. Sortzaile biren batuketea da, jantza eta eszenografia/jantzitegiaren buztarketea. Jaiotz jantzaria eta koreografia da; Xabier Mujika, barriz, jantzitegi eta espazio eszenikoaren diseinatzailea. Bien artean, istorio bisualak kontau nahi dituan taldea eratzen dabe. Buruko irudi guztiak sortu nahi ditue, forma eta esangurea emon, eta gauzatu nahi ditue, mobimentu aldetik eta ikus-entzunezkoen formatuan.

Bestetik, jantza garaikideko sorkuntzea eta erakusketako Dansateliers Rotterdam zentroak Sigrid Stigsdatter Mathiassen (1990, DM) koreografoa hautatu dau, espazio bietan egiten dan egonaldirako. Artista honek Bilbon izango dau egonaldia, irailaren 2tik 30era, Jaiotz Osagaz hartu-emonetan.

Sigrid Stigsdatter Mathiassen (1990, DM) koreografoa, performer-a eta bokalistea da. SNDO-n amaitu zituan ikasketak (School for New Dance Development – AHK) Remembrane soloagaz. Sortzaile legez, Sigridek tresna modura erabilten ditu berbak eta mobimentuak, errealidadearen eta sormenaren arteko mugak lausotzeko.


Egonaldiak Azkuna Zentroan

Azkuna Zentroak era askotako ekimenak antolatzen ditu, zuzeneko eta erakusketako arteen inguruko ikerketea, sorkuntzea eta produkzinoa sustatzeko, artelanen sorkuntzea bultzatu, eta ikus-entzuleakana hurreratzeko, egindako obrak zein sorkuntzako prozesuak erakutsiz.

Programa honek baldintza material egokiak eskaintzen deutsee sortzaileei, zentroaren programazinoei lotutako proiektuak garatzeko. Gainera, hurreko sorkuntza-ehuna nazinoarteko kultura-inguruneakaz lotu, eta truke, erlazino eta lankidetza iraunkorrak eta alkarren artekoak bilatzen ditu.

Zeregin horretan, ahalegina egiten dau beste zentro batzuekaz alkarlanean ibilteko, adibidez, Habanako Carlos Garaicoa estudioagaz eta Rotterdamgo Dansateliers jantza garaikideko zentroagaz. Sare horreek bide emoten dabe prozesu artistikoak trukatzeko eta jarraipena izan leikien lanbide-harremanak ehuntzeko. Esangura horretan, Praktika artistikoen egonaldiaren deialdiak edegita jarraitzen dau martiaren 17ra arte. Egonaldi honek Kubako eta Euskadiko artisten arteko trukea sustatzen dau, espazio bietan ikerketa-aldi bat eginez, testuinguru artistiko desbardinetan eta bertakoetan ikerkuntzea eta lana bultzatzeko asmoz.

Consonni argitaletxeak, Zentroko kolektibo egoilarrak, consonni radio con Az irratiagaz jarraitzen dau martitzenero, irratia entzutea esperimentazinorako tresnatzat hartuta. Irrati honek podcast-en parrilea dau, kultura kritikoa zabaltzeko.

Bestalde, Azkuna Zentroak Artista alkartekide programea jarri dau abian, sorkuntza artistikoa sendotu eta zabaltzen dauen programea, sortzaileak lagundu eta babesteko helburuagaz. 2019ko urtarrilean hasita Sra Polaroiska eta Oscar Gómez artista alkarkideak ditugu.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu


Twitter ikonoa Facebook ikonoa