Aste Santuan, #Gaztekluba Bilbon
2019-03-12 11:00 KultureaIzena emoteko epea martiaren 25ean hasiko da.
#Gaztekluba programeari 2018an ekin eutsien eta, urte horretan zehar, 9.980 gaztek parte hartu eben jardueretan, bai asteburuetan bai udako, Aste Santuko eta Gabonetako egitarau berezietan. Parte-hartzaileek programa oso modu positiboan balorau eben, 5 puntutik 4,47 puntu emonez.
Gaztekluba, Guneberri, Kideberri, Udaberri eta Aste Santuan Kilorez blai programakaz batera dator eta, holan, guztira Udalak 2.900 plaza baino gehiago eskainiko ditu Aste Santuan, lanaren eta bizitza personalaren buztarketea sustatu eta umeei zein gazteei dibertiduteko, kirola egiteko eta ikasteko aukerea emotearren.
Kontuak kontu, 12 eta 17 urte arteko gazteek, #Gaztekluba-ren Aste Santuko oporretan, Bilboko Udalak antolatutako gazte-aisiako programan parte hartu ahal izango dabe. Danetara, 19 jarduera ezbardin programau ditue eta 1.283 plaza dagoz, besteak beste, musika elektronikoa, astronomia eta robotika tailerrak, kirol-ekintzak, bideo-jokoen inguruko jarduerak, jantza urbanoa, magia eta eguna Bilbotik kanpo emoteko ibilaldiak egongo dira. Jarduerak Aste Santuko eskola-oporretako lanegunetan egingo dira, hau da, apirilaren 15etik 17ra eta 23tik 27ra.
Bilboko Udalaren helburuak dira:
- Nerabeei aisialdirako eskaintza bat aurkeztu, euren jakin-mina pizteko, irudimena eta sormena garatu eta beste gazte batzuekaz esperientzia barriak bizi deiezan kirolean, artean, kulturan, zientzian eta teknologian.
- Gazteen artean aisia osasuntsuaren kulturea sortzen lagundu, arriskuzko jokabideak eta jarrerei aurre eginez, bardinen artean errespetuzko harremanak sortu, eta uria eta herritarrak errespetau.
- Uriko auzo ezbardinetako neska-mutilen arteko hartu-emonak erraztea.
- Familia-kontziliazinoa babestu.
#Gaztekluba programa gure uriko hainbat auzotan egiten da, Deustun, Abandon, Matikon, Basurtun, Errekalden, Txurdinagan, Uribitarten eta Bilbo Zaharrean. Gazteguneetako ohiko espazioetan ez eze, #Gaztekluba-ren programazinoa beste udal ekipamendu eta espazio batzuetan egiten da. Holan, Bilboko Udalak erantzuna emoten deutso gazteen eskaereari, uriko hainbat ekipamendu eta toki espazio propio legez erabili nahi baititue: antzokiak, musika-ekipamenduak, estali bako kirol-espazioak, itsasadarra eta abar.
#Gazteklubaren jarduerak
Aste Santuko 8 egun honeetarako, udalak 19 jarduera ezbardin antolatu ditu, gazteen gustuak kontuan izanda; danetara, 1.283 gaztek jarduera horreetakoren bat gozauko dabe.
Gaztekluba txartela
Barritasuna da izena emotea, informazinoa eta jardueren diseinuan parte-hartzea errazteko eta udalaren gazte-aisiako programetako parte-hartzaileen datuen babesa hobetzeko helburuz, Bilboko Udalak Gaztekluba txartela sortu dauela; horri esker, nerabeek errazago eta azkarrago ikusiko ditue atondutako jarduerak, txartel horregaz antolatzaileek parte hartzen daben gazteen oinarrizko informazinoa daukielako, baita gurasoen baimenak be. Gainera, datuen babesaren segurtasuna hobetzen dau txartelak.
Gaztekluba txartela eskuratzeko eskaerea martiaren 14tik aurrera egin ahalko da bilbaogazte.bilbao.eus webgunean. Txartela doban da eta izena emotea beharrezkoa diran jardueretan eta gazteguneetan parte hartzeko nahitaezkoa da, eta Bilbon erroldauta dagozan 12 eta 17 urte arteko personentzat da.
Gazteklubaren 2018ko balantzea
Gaztekluba programea 2018an hasi zan, eta urte horretan zehar 9.980 gaztek parte hartu eben: 2.356 asteburuetako tailerretan eta 7.624 udako, Aste Santuko eta Gabonetako oporretarako atondutako jardueretan.
Ume eta gazteentzako eskaintzea
Gaztekluba ez da Bilboko Udalak antolatutako ume eta gazteentzako aisia-eskaintzako programa bakarra. Eskaintza horretan da Guneberri, Kideberri eta Udaberri 4 eta 12 urte bitarteko ume eta gazteentzako programea eta Aste Santuan Kilorez blai 6 eta 18 urte bitartekoei kirola egiteko aukerea emoten deutsena be badagoz.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!