Bizkaiko zortzi eskualdetako bertsolariak, XXVII. BBK Sariketan

Dabi Piedra 2019-03-11 13:49   Bertsolaritzea

Martiaren 13an izango da lehenengo kanporaketea, Mungian.

Juanjo Respaldiza, Oihane Enbeita, Ixone Zubieta (BBK) eta Ione Narbaiza, aurkezpenean. | Ikusi handiago | Argazki originala

Bizkaiko bertsolari gazteak plazara urteteko eta euren edadeko beste bertsolari batzuk ezagutzeko aukera aproposa izaten da urtero BBK Sariketea. Aurten, 27. edizinoan, zortzi eskualdetako 48 bertsolarik hartuko dabe parte, lau kanporaketa, finalaurreko bi eta finala izango dituan txapelketan. Bizkai osoa hartzen dabe Arratia, Busturialdea, Durango, Enkarterri-Ezkerraldea, Hego Uribe, Lea-Artibai, Uribe-Butroe eta Uribe Kostako taldeek.

Juanjo Respaldiza antolatzaileak azaldu dauenez, gauza ederra da zortzi talde egotea, eta herrialde guztikoak. Oraintsu arte ez zan erraza eskualde batzuetan taldeak sortzea. Gaur egun, ostera, erraz antolatzen dituela azaldu dau Respaldizak, eta talderen bati bertsolari bat faltau bajako, beste eskualdeetakoak prest egoten dira euretako bat lagatzeko.

Urtero legez, aurten be sei bertsolari egongo dira talde bakotxean, maila bitan banatuta: 18 urtera artekoak eta 18 eta 25 urte bitartekoak. Kategoria bietako puntuazinoak aintzat hartuta erabagiko dabe saio bakotxeko irabazlea. Hortaz, talde lana funtsezkoa da.

Lehenengo kanporaketea martiaren 13an jokatuko da, goizeko 11:00etan, Mungiako Torrebillela aretoan. Saioak Bizkai osora eroaten ahalegintzen gara, sariketea zabaltzeko, azaldu dau Bizkaiko Bertsozale Alkarteko Ione Narbaizak. Mungian aspaldiko partez egongo da saio bat. Uribe-Butroe eta Busturialdea lehiatuko dira.

Hurrengo kanporaketak honeek izango dira: Martiaren 14an, Igorren, Hego Uribe-Arratia; 20an, Zallan, Enkarterri/Ezkerraldea-Uribe Kosta; martiaren 21ean, Markina-Xemeinen, Lea-Artibai-Durangaldea. Finalaurreak Deustun, 27an, eta Sopelan, 28an, jokatuko dira. Finala, Bilboko BBK Salan, apirilaren 3an. Talde irabazleari multiabentura ekintzea oparituko deutsie eta, ganera, finalista guztiei oroigarri bana emongo deutsie.

Onintza Enbeita, Bizkaiko gaur egungo txapelduna, BBK Sariketako lehenengo edizinoko finalistea izan zan, 1992an, Busturialdeko taldean. Finalista gazteenaren saria emon eutsien. 27 urte geroago, aurtengo edizinoaren aurkezpenean hartu dau parte. 1992ko sariketea erdi ahaztuta daukala onartu arren, oraindino gogoan dau zelan hasi zan dana: Jon Lopategik Kanpantxura eroan zituan hainbat bertsolari gazte, eta txapelketa modukoa egin eben, esperimentu legez. Handik sei hilera jaio zan BBK Sariketea.

Paniko eszenikoa gainditzen laguntzen dabe era honetako txapelketek, Enbeitaren ustez. Norberaren lana inportantea da, baina taldean lan egiten ikasten dala azpimarratu dau. Ganera, sariketeari esker Bizkaiko eskualdeetan sortu diran sareak nabarmendu ditu. Enkarterrietan taldea egongo zanik pentsau be ez eben egiten 1992an, eta orain badago. Hunkigarria da hori, txapeldunaren ustez. Erreferente gazteak behar dira bertsolaritzan.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu