Loraldia Festibalak 'Mundubira. Elkano, Primus' produkzinoa aurkeztu dau

Bizkaie! 2019-03-11 13:27   Kulturea

Martiaren 22an estreinauko da formatu txikiko ikuskizun hau.



Loraldia
Mundubira. Elkano, Primus antzezlana aurkeztu dau gaur goizean prentsaurrekoan. Loraldiaren produkzino propioa da, formatu txikiko teatro-lana eta Lehen Mundu Bira espedizinoaren urtekerearen 500. urteurrena gogoratzen dau, ezinezko bidaia historiko haren jazoeretan oinarrituriko istorioa.

Aurkezpen honetan izan dira Aitor Narbaiza, Loraldiako produkzino arduraduna; Rafa Zulaika, Elkano Fundazinoaren proiektuen koordinatzailea; Patxo Telleria, gidoiaren egilea; Karlos Panera, lan honen eszena zuzendaria; eta horreekaz batera, ondoko artistak: Iñigo Aranburu eta Xabi Ortuzar aktoreak eta Ainara Ortega, kantaria.

Gure memoria berreskuratu eta plazaratu nahi dauen teatro lan honek igaz Anton Abbadia: Dublinetik Hendaiara sorkuntzeak zabaldutako bideari ekiten deutso. Formatu txikiko antzezlana da, musikea eta bakarrizketak tartekatzen dituana.

Teatro-lan honek transmisinoa dau helburu, Euskal Herriko historia ezagutarazotea ezinbestekoa da eta, hori dala eta, publiko orokorrari zuzendutako estreinaldia baino lehen, ikasleentzako emonaldia eskainiko da. Loraldiak gida pedagogiko bat sortu dau ikastetxeetan landu deien.

Dibulgazinoa Elkano 500 Fundazinoaren lan lerroetako bat da, jakinmina pizten daben estimuluen bitartez, esaterako Mundubira. Elkano, Primus ikuskizuna. Elkano eta munduari bueltea emoteko nabegazinoari lotutako jazoerak sano garrantzitsuak izan ziran arren, gitxi ezagutzen dira gure gizartean. Fundazinoak, ganera, ezagutza historikoan sakondu nahi dau, egungo gizartearen desafioak aztertzeko eta eredu sozio-ekonomikoak birpentsetako. Fundazinoa kultur, gizarte zein ekonomia arloko agenteakaz alkarlanean dabil, alkarlanerako sare iraunkor eta jasangarriak sortuz.

Orain dala 500 urte Victoria naoak bete eban munduaren birea lehenengo aldiz. Leman Juan Sebastian Elkano eta beragaz batera munduari bueltea emon eutsien beste euskaldun batzuk joiazan. 1519an, San Lucar de Barramedatik itsasoratu ziran 265 marineletatik 18 baino ez ziran itzuli.

Elkanoz gan hiru bizkaitar eta Victoria naoa, segurutik, Ondarroan eginiko itsasontzia zala kontuan izanik, Euskal Herria itsastarraren indarra agiri da historiako pasarte honetan.


Ikuskizuna

Teatro-lan honetan antzezpena eta musikea buztartuta dagoz; alde batetik, aktore biren bakarrizketen bidez istorioa kontauko dabe eta, bestetik, musikari bik antzezlanaren soinu bandea jarriko dabe: musikaria eta kantaria.

Patxo Telleriak idatzi dau teatro lan honen gidoia eta Karlos Panera da eszena zuzendaria. Oholtza gainean agertuko diran antzezleei jagokenez, Iñigo Aranburu Juan Sebastian Elkano bilakatuko da; Xabi Ortuzarrek Juan de Zubiletak itsasmutilaren papela hartuko dau; eta horreekaz batera, Ainara Ortega kantuan eta Nerea Alberdi musikaria be izango dira.

Soinu bandeari jagokonez, XVI. mendeko giroa islatu nahi dogu garaiko baladen bidez. Euskal balada historikoak ditugu teatro-lan honen ardatz ikusgarria. Biolina da baladon lemea.

Antzezpen honen sormenean aholkularitzea jaso dogu, bai musika alorrean, baita ikuspegi historikoa lantzeko be: Ander Berrojalbizek laguntzinoa eskaini deusku musikan eta historia aholkularitza Xabier Alberdi eta Julian Diazengandik jaso dogu. Alberdi Elkano 500 Fundazinoko Batzorde Zientifikoko kidea da, eta Julian Diezek Aholku Batzordean parte hartzen dau.

Egitasmo honek Eusko Jaurlaritzearen laguntzinoa jaso dau, Elkano 500 Fundazinoaren eskutik. Fundazinoaren Patronatoa honako erakundeek osotzen dabe: Eusko Jaurlaritzea, Gipuzkoako Foru Aldundia, Urola Kosta Mankomunidadea eta Getariako Udala.


Birearen helburua

Loradiaren helburua produkzino hau ahalik eta leku gehienetan ikusteko aukerea izatea da. Arrazoietan sakonduz: alde batetik, Juan Sebastian Elkanoren figurea aldarrikatzea da asmoa; bigarrenez, Euskal Herria itxastarraren izakerea berreskuratu eta plazaratzea, belaunaldi gazteei jakinarazotea; eta, horreekaz batera, gure historiaren pasarte ezinbesteko honen garrantzia nabarmentzea. Horregaitik, produkzino txiki eta jasangarria sortu da, baliabide tekniko gitxigaz eskaini eta Euskal Herriko edozein txokotan eskaini daitekeena.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu