'Nardi eta Ballard, alpinismoaren historiaren parte izango zarie betirako'
2019-03-11 08:00 Euskaldunak munduanEsfortzu, sakrifizio eta konpromiso handiaren ondoren, topau genduzan.
Alex Txikonek jakinarazo dauenez, familiek eta Italiako Pakistango enbaxadoreak, Stefano Pontecorvok, jakinarazo ostean esan daiteke amaitu dirala Daniele Nardi eta Tom Ballarden erreskate lanak.
Esfortzu, sakrifizio eta konpromiso handiaren ondoren, topau genduzan; ez, ostera, erreskateko egun bakotxean amesten genduan legez. Martiaren 5ean gorpuak izan eitekezaren ustea geunkan teleskopio bidez ikusitako siluetak tarteko baina 6ra arte ezin izan genduan baieztatu.
Nanga Parbatek alpinista handi bi, eskalatzaile bikainak izango hemendik aurrera. Goiz joan dira, baina, duda barik gustokoen dabena egiten. Aukeratu eben ilbideari jagokonez, lerro inteligentea dala begitantzen jat.
Eskerrak emon nahi ditut bihotzez erreskateko talde guztiari, lan itzela egin dogu baldintza gogorretan. Asko sentiduten dugu eurakandik beste ezer egin geinkelakao. Geure doluminak Daniele Nardi eta Tom Ballarden familia eta taldeei. Betirako bihotzean eroango zaituet. Alpinismoaren historiaren parte izango zarie betirako.
Azken egunak Nanga Parbaten
Gorabehera handiko egunen ostean, Pakistango militarrek helikooteroakaz jaso gintuen K2ko Behe Kanpalekura. Martiaren 3, domekan, beraz, Nanga Parbatera abiatu ginan. Lehen helikopteroan, Felix eta Ignacio joan ziran, eta bigarrenean, Josep eta biok. Talde bion artean, 50 kilo baino gehiago eroan genduzan bilaketa lanak gauzatzeko, besteak beste, objetiboak, kamarak, dronak eta Nangako kanpalekuak ezartzeko materiala.
Concordia eta Goro1 arteko baldintzak ez dira onak, ez da askorik ikusten eta ezinbestekoa da helikopteroa bidaietarako.
Behin Skardun, Fearless5 bosgarren unidadeko gidariakaz egoerea aztertu eta Juglotera abiatu ginan; Diamirreko bailarara abiatu ginan Raikoteko bertientean Fairy Meadows inguruan baldintzak ez baitziran bape onak. Diamoroi inguruaren gainetik egin genduan hegaz eta bertatik Ser ingurura. Ez egoan arazo handirik, baina, bat-batean, Ser eta Kachal artean behelaino itsuak ez eban bertan lurreratzen ixten.
Behin Skardun giro eskasak eraginda ezin dogu geure helburura heldu. Geure pentsamendu guztiak Mummery espoloian dagoz. Martiak 4ko goizeko 9:30ean, hegan egingo genduala esan euskuen bat-batean eta azkar jantzi eta ordu erdian helikopteroan gengozan, Behe Kanpalekura bidean.
Eguraldia ona zan eta Raikoteko bertientetik Ganalo Peaken gainetik egin genduan hegaz Diamirreko bertientetik. A ze oroitzapenak Nanga Parbatera itzultzea 8126 m. hotzikara batek inguratzen gaitu gorputzak horrenbesteko edertasunaren aurrean. 5.800 eta 5.400 metrotatik egin dogu hegan Messner ibilbidetik Kinshofer ibilbidera.
Lehen Kanpalekuan, 4.850 metrotara, Mummery azpian Ali, Imtiyaz eta Dilawar helipuertoa eregi dabe eta gure zain dagoz. Behe Kanpalekurantz abiatu eta materiala ezarri Behe Kanpalekuko helipuertoan; hor Felix eta Ignacio lehenago lurreratu ziran maniobra arriskutsuak ziralako. Bakarrik gelditu naz helikopteroan eta 30 minutuan Mummery espoloi guztia begiratu neban 7.000tik 5.500 metrotaraino: helburu guztiz arriskutsua Nanga munduko mendirik handienetakoa baita.
Pareta ganean 12 aldiz hegan egin ostean, baldintzek okerrera egin eben eta, beraz, 1. Kanpalekura joan ginan. Ali Sadpara eta biok besarkada handi bat emon geuntsan alkarri, Ignacio, Felix eta Josep Lehen Kanpalekurantz igoten ziran bitartean.
Ali Sadpara, Dilawar eta hirurok ez dogu denbora galtzerik eta Mummery espoloian sartu ginan, Imtiyazek ganerako taldekideen zain geratu dan bitartean. Eskaletan hasi eta polito goaz, gogo handiagaz. Bigarren Kanpalekura heldu gara, 5.600 metroan gagoz eta edur jausi batek dana estali dau. Aurrera jarraitzen dogu Daniele eta Tomek 4. kanpalekutik konektau baitziran azkenekoz.
Toki nahiko segurura heldu eta drona bota dogu airera 500 metroko bilaketa bat egiteko. Erantzuna ez da ona izan. Suberte handia izan dogu benetan sekulako edur-jausia izan dalako. Neguko alpinismoak konpromiso handia eskatzen dau, egoera honeek bizi behar dira zer dan jakiteko.
Abiadura handiagaz egiten dogu aurrera arrisku egoerei aurre egiteko, pisu gitxi daroagu eta ez ditugu soka finkoak jarten. Arrisku handia baina gu be toki horretan egongo bagina geuk be laguntzinoa eskertu geunke eta, beraz, aurrera.
Bigarren Kanpalekura heldu eta euren material eta gauza guztiak daroaguz beherantz I. Kanpalekura. Bertan batu gara ganerako taldekideakaz.
Martiaren 5ean, pakistaniarrak I .Kanpalekura etorri dira gugana. Orain, Imtiyaz, Dilawar eta hirurok 3. Kanpalekura bidean sartu gara gara berriz espoloia prismatikoakaz begiratuz.
3. Kanpalekura hurreratu eta drona hegaz jarri dogu ingurua aztertzeko. Arrisku itzela egoan igoten jarraitzeko, edur-jausien mehatxua nabarmena zan. Halan da be, odola hotz, buruaargi eta aurrera jarraitu genduan. Ondoren, bueltea hartu eta beherantz joan ginan.
Martiaren 6an, Ali, Imtiyaz, Dilawar eta laurok Kinshofer ibilbideko 2. Kanpalekura abiatu gina. 6:00etan. Gogorra izan zan 2. Kanpalekura, 6.200 metroan dagoan horretara heltzea, 20 gradu zero azpiko tenperaturea eta edur asko egoan eta bildurra geunkan.
Beheko Kanpalekura bajatu eta Daniele-ren senideen aginduak noiz jaso zain geratzen gara. Egun horretan berean Behe Kanpalekua desegiten hasi ziran eta gitxi batzuk geratzen ginan. Hiru aldiz aireratzen saiatu dan helikopteroaren zain gengozan; gaua nahikoa txarra izan da, lo gitxi egin dogu, gutako bateren batek helikopteroetan pisua txikiagotzeko lo-zakurik eroan ez dauelako.
Martiaren 7an, Keroseno-suetan bape adituak ez garenez, batzuk lo gengozan bitartean, beste batzuk susto susto ederra hartu dabe, gitxigaitik ez gara erre. Helikopteroaren zain, eguraldia primerakoa izan arren, 2 edo 3 aldiz aireratu dala esan deuskue. 15.00ak aldera beherantz joatea erabagi dogu bakotxak te bat eta gaileta besterik ez dogu jan. Pisu asko daroagu aldean eta edurra bigun eta sakon egoan. Azkenik, Ser-era heldu eta gaua Gunther Messner eskolan pasau dogu.
Hau izan da azken egun luzeotan jazotakoaren zati bat, egun biziak eta karga emozional handikoak izan diera. Laster informazino gehiago emongo deutsuegu baina azken astean informazio gehiago zabaldu ez badogu, Daniele-ren eta Tom-en familiakazko errespetuagaitik izan da, edozein informazino euren komunikazino-taldetik aterako zalako konpromisoa hartu gendualako. Mendiak batzen gaitu.
WinterTopAppeal K2 winter AlexTxikon
Alex Txikon eta ganerako esopedizinokideak K2ko Behe Kanpalekuan dagoz. Aroak aukerea emoten dauenean, gora jotea da asmoa. Mila esker benetan zeuen babesagaitik, handiak zaree!
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!