Maider Zabalegi: 'Orainari erreparetan deutsat geroari baino gehiago'

Koldo Isusi Zuazo 2019-03-11 08:10   Barriketan

Maider Zabalegi gipuzkoar abeslaria 14 urte zituala Alaitz Telletxeagaz trikiti bikotea osotu eta 1990 hamarkadearen amaieran upealako erantzuna izan eben. Hiru disko kaleratu zituen 2004an zaleei agur esan arte. Tarte luzean isilik egon ostean, ama be izan zan Maider baina, halan da be, bakarka ekin eutson hamarkada bat aurrerago, 2017. urtean eta Zuei izeneko diskoa kaleratu eban. Oraintsu, barriz, bakarkako bigarren lana: Bidean aurkeztu dau.

 

1.- Pozik bigarren diskoak orain arte emon dauenagaz? Zelako kritikak jaso dozuz? Dana ona, dana txarra?

Gauza txarrik ez. Urte eta erdian egindako lanagaz oso gustora geratu gara eta bakotxak idea personalak eta gustoak izan leikezan arren, berba onak, kritika onak entzun dodaz. Bakarlari agertzen banaz be, talde lana egin dogu Urbil Artolak, Gorka Urrak eta hirurok.


2.- Orain urte batzuk bikoteari agur esan eta ama izatea erabagi zenduan baina halan da be, musikearen saltsan sartzea erabagi zenduan 2017an. Kontzertuak, grabazinoak eta enparauak gogorrago egingo jatzuz orain...

Hamar bat urtean umeakaz ibili nintzan jo eta su baina Koxkortuta dagoz honezkero eta polito nabil, ohitu gara. Beste etapa bat bizi dogu orain baina egia da ez dala bape erraza buztarketea, erritmoak aldatzen dira; neskok, emakumeok motxila bat daroagu beti aldean eta egia da gorabehera batzuk badagozala. Makinatxu bat hausnarketa egin dodaz eta badakit gizonezkoen mundua dala musikearena baina zorionez astiro baina badoaz gauzak aldatzen. Pasa dan astean izandako Emakumeen Nazinoarteko Egunaren harian, grebeagaz bat egin neban eta esango neuke polito gabizela, eszenatokietan be gero eta gehiago gara; ganerakoan, kontzientzia kontua da eta bardintasunaren bidean pausu asko emon behar doguz.


3.- Maider izan zinan, zara baina aurrerantzean Maider Zabalegi izango da aldaketa estetikoa dakarren zure izen artistikoa. Zerk eragin dau aldaketa hori?

Berez etorri da. Lehenengo diskoa argitaratzeko momentuan be dudak izan genduzan diskoa zelan sinatu eta bestelakoak baina ezelako asmo berezi barik etorri da orain Maider Zabalegi izen artistikoa. Bateren batek pentsau leike ibilbide luze eta emonkor baten hasierea izan daitekeela baina oraingoz ezin dot ezer baieztatu edo guzurtatu. Luzerako ez dago ezer eta, esangura horretan, momentua bizi gura dot topera. Gero gerokoak.


4.- Zuzenekoak badatoz...Gogotsu martxan hasteko?

Bai. Martiaren 12an, Bilboko Ser irratiaren Arriagako galan, akustikoan eskainiko dot zeozertxu, martiaren 23an, Oiartzunen, 29an, Donostiako Lugaritzen; apirilean, barriz, 7an, Tolosako Bonberenean eta 12an, Bilborock Aretoan dira laster datozenak baina etorriko dira gehiago udabarrian eta udan. Taldekideok oso ondo konpontzen gara, pozik gagoz martxan hasteko. Persona eta musikari ezin hobeak dira eta ez dot besterik behar.


5.- Herririk herri, jairik jai kontzertuak emotea da asmoa?

Bai edo, ilusino handia daukat, mugak ez jataz gustetan eta kontzertuetarako prest nago, ahal dodazan guztiak eskaintzeko. Bakarlari izaten ikasten nago, lagun handiak ditut alboan eta kritika onak jaso doguz, besterik ez dot behar.


6.- Kontzertuetarako ze errepertorio lantzen zabiz? Eta zeintzuk izango dira taldekideak zuzenean?

Errepertorioan kantu zaharren bat eta disko barrikoak dagoz. Zuzenean, Urbil Artola, Gorka Urra, Maria Soriazu, Andoni Etxebeste eta Santi Romano ibiliko gara. Diskoan parte hartu daben kolaboratzaileak ez dira azalduko baina hartu-emonak oso onak dira, berbarako, Alaitz Telletxeagaz, nahiz eta diskoan Xabi Solanok parte hartu.


7.- Cristina Vertizen biolina, biolontxelo doinuak eta pianoa be entzuten dira kantu batzuetan. Vertiz Euskadiko Orkestra Sinfonikoko biolin jolea da. Zein da asmoa?

Biolinista bikaina da eta persona zoragarria, liluratuta itxi eustan. Kasualidadea izan zan gurera batzea, izan be, beste mutil bat egoan estudion grabetan eta harek emon euskun erreferentzia; harremanetan jarri eta berehala egin eban bat geugaz, gogotsu azaldu zan eta emoitzeagaz oso pozik gagoz.


8.- Kantuetako berbak zeureak dira; baladak, edadekoak, errefuxiatuak, mina, ume motxiladunak... Ze gai jorratu dozu disko barrian?

Hemen ez bada, han kantuko berbak Beñat Igerabiderenak dira baina ganerakoak nireak, bizi dodazan eta nire inguruan ikusitako gaiak jorratzen dodaz, zeozelan eragiten deustiezanak. Diskoa personala da eta azken urteetako bizipenak kanporatu gura izan dodaz.


9.- Musikeari jagokonez, Popa, rocka, rockabillya, folka, countrya entzun daiteke diskoan. Zu zeu zeinetan zabiz gustorago?

Popa eta folka nabarmenduko neukez, besteak ahaztu barik; kontuan izan kantuak neuk sortu arren, gero Urbil eta Gorkaren laguntzino handia daukadala. Urbilek kutsu folkia, akustikea joteko modu berezia dauka; Gorkak, barriz, rock kutsua dauka, makarraxeagoa da eta nik neuk be barruan daroat hori dana. Buztarketa ederra erakusten dogu diskoan. Ganera, Gorka Urrak lan handia egin dau diskoan, produkzinoan, moldaketa eta nahasketatan eta argazkilari be ibili da.


10.- Bihar etzirako ze esperantza dozu?

Oraingoz Bidean aurrera goaz eta bihar etzi zer etorriko dan ez dakigu. Baina oso pozik nabil, ilusino eta pasino handiagaz eta musikea sortzen eta zuzenean erakusten gozetan jarraitzen dodan bitartean, ez dot etenik egingo. Hori bai, indar horrek behera egiten dauela ikusi ezkero, ez neuke arazorik izango agur esateko, bizitzan dana hasi eta amaitzen da. Orainari erreparetan deutsat geroari baino gehiago. Sasoi batean amaierea emon neutson proiektu bati eta orain hemen nago barriro.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu