Ignacio Zuloagaren atzera begirakoa dakar 2019ko BBK/Museoa programeak
2019-03-06 13:25 KultureaHezkuntza eta zabalkunde jarduerak be sartzen dira hitzarmenean.
Bilboko Arte Eder Museoaren eta BBKren arteko alkarlana aspaldikoa da, eta 2019an be programazino oparoa ekarriko dau. Ignacio Zuloagari eskainitako erakusketea izango da aurtengo egitarauko nabarmenena, baina ez da ahaztu behar hezkuntzeagaz eta bildumearen zabalkundeagaz lotutako jarduera osogarriak be akordio horri esker egiten dirala, baita ikerketa artistikorako bekak be.
Miguel Zugaza museoko zuzendariak azaldu dauenez, askotarikoak eta aberatsak dira 2019ko BBK/Museoa programeak dakarzan proposamenak. BBK-ko hezkuntza ataleko arduradun Marivi Antoñanzasen arabera, eragile askogaz konplizidadeak eregiten luzaro ibili dira egitarau sendoa eskaintzeko, ez da inprobisazinoaren emoitzea.
Ignacio Zuloagaren atzera begirakoa maiatzaren 29an zabalduko dabe. Urteko inaugurazinorik garrantzitsuenetako bat izango da, margolari eibartarraren obrea ulertzeko mugarria izango dalako. Komisario biek, Mikel Lertxundik eta Javier Novok, ikerketa sakona egin dabe, Zuloagaren ibilbidea azaltzeko egon diran hutsune batzuk argitu eta artistearen obra ezezagunak topetako.
1950eko hamarkadan egindako azterlan mamintsua izan da orain arte Zuloagaren inguruko erreferentzia nagusia. Berau ondo aztertu dabe Lertxundik eta Novok, baina ikuspegi barria emon deutsie atzera begirakoari, zerotik hasi dira, Novoren esanetan: Zuloaga beste modu baten ulertuko dogu aurrerantzean, egin dogun ikerketeari eta planteamendu barriari esker.
Obra barri ugari berreskuratu ditue erakusketarako, Zuloagaren lanak oso sakabanatuta dagozalako. Amerika eta Europako herrialde askotan bila ibili dira, erakusketa, museo zein bilduma pribaduetan, baita Japonian be. Arkeologia lana izan da, dino Novok. Era horretara, Bilbon ikusiko diran pinturen % 60 aurretik publikoari erakutsi bakoak dira, edo Zuloaga hil ezkeroztik gordeta egon diranak.
Hortaz, Zuloagaren obrea ikuspegi zabalagotik jorratu ahal izan dabe Lertxundik eta Novok. Esate baterako, XX. mende hasierako Espainiako behe mailako gizartearen erakusgarri diran Segoviako erretratuak azaltzeko, beti koadro bi erabili izan ditue erakusketa eta azterlanek. Bilbon, serie horretako ia dozena bat obra egongo dira.
Hiru zati nagusitan banatuko dabe Zuloagaren atzera begirakoa, kronologiaren arabera. Lehenengo, 1898ra arteko lanak, eibartarrak korronte nagusietako artistak kopiau zituanean. Bigarren atalak Zuloaga bete-betean erakutsiko dau, bere estilo berezia unerik gorenean egoanekoa. Azkenik, 1925etik aurrera, eibartarraren azken aldiko obrek hartuko dabe hirugarren zatia.
Hezkuntza programea
Artea publikoari hurreratzeko asmoz, funtsezkoa da Arte Eder Museoaren hezkuntza programea. BBKren babesari esker, aspalditik dauka martxan egitasmo hori, orain dala 35 urte aitzindaria izan zan Bilboko museoa. Aurten, hainbat arlotan banatuko dabe egitaraua, Marivi Antoñanzasen arabera: Ikasleak, gazteak, familiak, helduak eta 60 urtetik gorakoak. Bakotxari egokitutako jarduerak atonduko ditue, gazteenen kasuan baloreei eta ingurumenari lotuak, eta nagusien kasuan esperientziei.
Beste alde batetik, bilduma eta erakusketen zabalkunderako jarduerek be hezkuntzea dabe ardatz. Esate baterako, aurtengo nobedadea da ABC sekretua izeneko tailerra, Kirmen Uriberen gidaritzapean ipinitako Museoaren alfabetoa erakusketearen ingurukoa. Ana Isabel Román eta Edu López artisten eskutik, bost ibilbide eskaintzen jakoz publiko helduari. Aitatzekoa da, ganera, erakusketeak berak 100.000 bisitari baino gehiago izan dituala zabaldu ebenetik hona.
Azkenik, artearen ikerketan hasi diranei laguntzeko bekak be BBK/Museoa programearen parte dira, 1982tik. Urte birik behin emoten deutsie unibersidadeko edo doktorautzako ikasle bati, museoko bildumearen atal esanguatsu baten inguruko ikerketea egin deian. Gaur egun, David Fuente Adrián dabil bekadun, Encuentros y desencuentros y estelas del grupo Emen. Arte en Bizkaia (1966-1980) izenburuko lana egiten.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!