Euskaraldiaren ikerketarako hirugarren galdera bildumea beteteko epea zabaldu dabe

Bizkaie! 2019-03-05 11:54   Euskerea berbagai

Uda osterako espero dira ikerketearen emoitzak.

2018ko zemendiaren 23tik abenduaren 3ra, 225.154 lagunek parte hartu eben Euskaraldian, euskerearen inguruko ariketa sozial kolektibo erraldoian. Ekimen barritzailea izanagaitik eta lortutako parte-hartze handiagaitik, Ahobizi edo Belarriprest izan diranek zelan bizi daben eta hizkuntzearen erabileran eta ohituretan ze eragin izan dauen ezagutzea oinarrizkoa izango da Euskaraldiaren hurrengo edizinoei eta euskerearen sustapenerako beste ekimenei begira.

Soziolinguistika Klusterra ikerketa sakona egiten dago gaiaren inguruan; teknika kuantitatiboak zein kualitatiboak erabiliz. Ikerketa kuantitatiboari jagokonez, partaideek erantzundako galdera bildumetan oinarrituko dira emoitzak. Euskaraldia hasi aurretik bete eben lehen galdera bildumea; amaitu eta berehala bete eben bigarrena; orain, hiru hilebete pasauta, hirugarren galdera bildumea beteteko momentua da. Aurreko galdera bilduma biei erantzun deutseen personek bete behar dabe hirugarrena. Internet bidez beteko dira eta parte-hartzaileek emailez jasoko ditue edo bestela, helbidearen bidez egin daiteke.

Ikerketa kualitatiboari jagokonez, lagina osotu da ezaugarri desbardinetako herriak eta danetariko profilak dituen herritarrakaz. Horreek Euskaraldiaren antolaketa eta parte-hartzean izandako bizipenak azalduko ditue ikuspegi personal eta subjektibotik. Guztiak kontuan hartu eta aztertuta etorriko dira ondorioak.

Ikerketearen emoitza-txostenak irailaren hasieran argitaratuko dira. Arduradunek, ganera, aurreratu dabe hainbat gune eskainiko dituela interesa dauen edozeinek, euskerearen aldeko herritar zein eragileek eta beste hizkuntza gitxituetako ordezkariek Euskaraldiaren emoitzak alkarregaz eztabaidatu eta jagokezan ikasgaiak konpartiduteko. Hitzorduon barri hurrengo hilebeteetan emongo dabe Eusko Jaurlaritzeak, Topaguneak eta Soziolinguistika Klusterrak.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu