Marina Sagastizabal: 'Lanaren eskema tradizionalari bueltea emon behar deutsagu'

Dabi Piedra 2019-03-04 08:02   Barriketan

Martiaren 8an, Emakumeen Nazinoarteko Egunean, greba deialdi zabala egin dabe alkarte, sindikatu eta ekintzaile feministek, igazkoaren arrakastea gainditzeko asmoz. Etxean zein lanean emakumeek* egiten dituen lan guztiak aintzat hartzeko eta jagoken moduan autortzeko eskatuko dabe huelga eta mobilizazinoen bidez. Aurten, batez be, zaintzan jarri dabe arretea, familia gehienetan dagoan zeregina izanik, ia beti emakumeak diralako horren arduradun, egoera prekarioan eta bape errekonozimendu barik.

Bilgune Feministea da greba egunerako deia egin dauen alkarteetako bat. Bertako kide Marina Sagastizabalek esan deuskunez, emakume, bollera eta transak dira grebako protagonistak, hau da, heteropatriarkaduak zapaldutako subjektuak. Patriarkaduari, heteroarauari, kapitalismoari, kolonialismoari eta kapazitismoari planto egitera deitu dau Bilgune Feministak.

 

1.- Igazko deialdiagaz bat egin eben emakume askok. Aurten, bigarren ahaleginean, zein da zuen asmoa?

Igazko balorazinoan, Bilgune Feministak hainbat idea nabarmendu zituan. Batetik, arrakastatsua izan zala, baina ikarea be bai, aparra baino ez ete zan izan. Zuztarren bat itxi ete eban zalantzan geratu ginan, finkoagoa, egun bateko gaineztaldiaz harago. Ikusi genduan mobimendu feministarako, ahalduntzerako eta autoestimurako ariketa politiko erraldoia izan zala. Aldaketa sozialaren bidean pausuak egitea posible zala ikusi genduan. Bigarrenik, mobimendu feministea subjektu politiko indartsua dala garbi ikusi zan.


2.- Ze beste eragilek egin dabe bat deialdiagaz?

Deialdia Euskal Herriko mobimendu feministearen izenean egin da, hainbat kolektibo eta norbanako dagoz hor, aliantza anitzerako eremua dalako. Aurten bost ardatzetan antolatu dogu grebea: emakume pensionistak; gazteak; zaintzearen eremuan dabizan emakumeak; enplegua, hor batez be sindikatuek egin dabe bat; eta kontsumo grebea, egunean bertan nahi dogu konsumoan be igartea.


3.- Grebak lanera ez joateagaz lotzen dira. Baina kasu honetan, hori baino zabalagoa da deialdia, gizartearen alderdi guztietan eragiteko asmoz, ezta?

Greba feministea dan neurrian, eskema tradizionalari bueltea emon behar deutsagu. Beti aldarrikatu dogu lanaren esangurea zabaldu behar dogula. Barne Produktu Gordinean, enpleguaren estadistiketan... emakume asko inaktibo legez agertzen dira, etxeko lanak ez dira zenbatzen baina ezinbestekoak dira. Zaintza lanak be ezin dira ahaztu. Horregaitik, greba honen bidez, lan horreen guztien balioa autortzea eta ikusiarazotea nahi dogu. Ez da lan formalera mugatutako grebea, badira lan asko doban edo ekonomia ez-formalaren barruan egiten diranak, sarritan baldintza eskasetan. Hori salatu eta mahai ganean ipini behar da.

Hori dala eta, greba hau egiteko modu asko dagoz. Bata da lantokietan eta ikasgeletara ez joatea. Beste modu bat da herri zein urietako mobilizazinoetan parte hartzea. Jagoteari ixtea da beste bide bat, eta hor, amantala balkoian esegiteko deia egin dogu, adierazoteko etxe hori greban dagoala. Laugarren modu bat be badago, besoko edo txapa morea jaztea.


4.- Zaintzan eta etxe barruko lanetan arretea jarri dozue oraingoan. Gizarteak ze aldaketa behar ditu zeregin horreek ez daitezan ia beti emakumeen ardurea izan?

Gaur egun, dana dago antolatuta diru-ekonomiaren inguruan, ez deutsagu bizitzeari begiratzen. Eguneroko lan horreek ez dagoz ekonomiaren erdigunean. Ezinbestekoa da hori aldatzea, gaur egun ezinbestekoa da preminazko neurri batzuk hartzea: Bizitzarako ezinbestekoak diran lan horreen autortza politiko eta soziala, etxeko enpleguari balioa emotea, potere publikoek esku hartzea etxeko langileen baldintzak duinak izan daitezan... Ganera, etxeko barne-langileen figurea desagertzea eskatzen dogu, salbuespenezko baldintza onartezinak dituelako, esklabutzearen sasoikoen parekoak.


5.- Pentsinodunen burrukea be eredutzat dozue.

Burruka hori guztiz eredugarria da, bai. Emakume pensionistek euren garaian egindako burrukeari esker gagoz gaur egun hemen. Mobimendu feministeak jentea kalera ateratzeko gaitasun handia dauka, aurretik egindako lanari esker, zelanbait zorretan gagoz. Aurtengo deialdian, guretzat inportantea izan da aliantzak jostea, dagoeneko burrukan dabizan sektoreetara hurreratu eta aldarrikapenak batzea. Alde horretatik, pensinodunena giltzarria da guretzat.

Beste alde batetik, emakume pensinodun askoren egoerea oso larria da, kasu batzuetan ez dabelako kotizau, eta senarren % 30 baino ez dabe kobretan. Urte askoan egin daben ekarpena ez deutsie autortu eta pobreziara kondenatuak dagoz. Hori guztiz lotua dago lehen aitatutako zaintza lanagaz, eurak arduratu dira ingurukoak jagoteaz, baina ez danez modu ofizialean autortu, orain egoera horretara heldu dira. Pensino duinak eskatuko doguz greban.


6.- Martiaren 8an, emakumeak* deitu dozuez grebara. Zer esan nahi dau izartxuak?

Grebearen subjektuak dira heteropatriarkaduak zapaldutako guztiak, uste dogu emakume berbea ezin dala singularrean ulertu, plurala da kontzeptua. Emakumeak dira oinarri nagusia, baina izartxu horrek barruan hartzen ditu bollerak, transak... hori da aniztasuna.


7.- Gizonek, ostera, ze jarrera hartu behar dabe martiaren 8an?

Aurtengo ardatza zaintzea dan ezkero, gizonek lan hori hartu behar leukie, zaintza lanez arduratu. Aukera bat izan leiteke egun horretan soldatapeko lana itxi eta ingurukoen zaintzan geratzea. Hau da, ohiko lana egun batez alboratu, baina beste lan bat egiteko. Lankide edo ikaskide emakumeen hutsunea be bete leikie gizonek egun horretan, grebea erraztu eta babesteko. Modu ugari daukiez gizonek deialdian parte hartzeko, baina batez be zaintza lanari emoten deutsagu garrantzia.


8.- Azken aldion, emoten dau gero eta irain gehiago entzuten dirala feminismoaren kontra, batez be komunikabideetan. Agintari batzuk be argi eta garbi feminismoaren kontra dagoz, Brasilgo Bolsonaro edo Europako alderdi faxistak esaterako. Horren aurrean zer egin leiteke?

Mobimendu feministea azkenaldion egiten dabilen indar erakustaldiak eragindako erreakzinoa da neurri baten. Guk sakoneko eraldaketea aldarrikatzen dogu, zuztarretaraino heldu eta gauzak hankaz gora jarrita, gaur egungo sistemea guztiz bidebakoa dalako. Horrek kontrakotasunak eragin ditu sektore batzuetan, patriarkadua indartu nahi dauen jentea dagoalako. Martiaren 8ko grebearen bitartez horri aurre egingo deutsagu, erreakzino horri aurre egiteko gai izango dan jentartearen sektore handi bat badagoala erakutsi behar dogu.


9.- Martiaren 8an, hortaz, emakumeak* grebara. Martiaren 9tik aurrera, zer?

Eguneroko antolakuntzea eta burruka feminista kolektiboa ezinbestekoak dirala ikusten dogu Bilgune Feministan, ezin gara egun bakarreko mobilizazinoetan geratu, horreek be oso garrantzitsuak diran arren. Egunerokotasunean txindurri-lana egin behar dogu, talde-lanari eutsita, kolektibotasuna indartu behar dogu gaur egungo indibidualismoaren aurrean. Gutasunak eregi behar doguz. Mobimendu feministearen barruan, bestetik, egiturak indartu behar doguz, eguneroko lan horri ekiteko. Gure hurrengo pausua 2019ko udagoienean etorriko da, Euskal Herriko Jardunaldi Feministak. Gure antolakuntzea, metodoak eta estrategiak gaurkotzeko aukera bikaina izango da. Grebeari buruz be eztabaidatuko dogu, ze aurrerapausu egin doguzan eta egiteko zer faltau jakun aztertzeko.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu