'Euskaldunon Egunkaria'-ren ale guztiak, sarean
2019-03-01 13:41 Euskerea berbagai1990etik 2003ra arteko 3.789 zenbakiak digitalizau ditue.
Euskaldunon Egunkaria euskera hutsezko egunkari nazional bakarra izan zan 1990eko abendutik 2003ko zezeilera bitartean. Guardia Zibilak, Juan del Olmo epailearen aginduz, zarratu egin eban, gerora oinarri juridiko bako erabagia izan zala ebatzi zan arren. Berria-k eusten deutso 2003an indarrez etendako ondareari.
Aurrerantzean, baina, Euskaldunon Egunkaria-k barriro hartuko dau bizia, Egunkariaren Hemeroteka izeneko webgunearen bidez. Bertan, 1990etik 2003ra plazaratutako zenbaki guztiak doban konsultau ahal izango dira: 3.789 zenbaki eta 200.000 orrialdeko ondare zabala da. Orduko politikearen, gizartearen, ekonomiaren, kulturearen eta kirolaren lekuko izan ziran orriak barriro irakurri leitekez.
Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta Koldo Mitxelena Kulturunearen laguntzinoa euki dau Berria-k proiektu erraldoi hau martxan ipinteko. Webgunea erabiltzaileentzat erosoa izan daiten ahalegindu dira, Berria-ko zerbitzuburu Idurre Lazkanok azaldu dauenez. Egunaren edo berba jakinen arabera egin leitekez bilaketa azkarrak.
Gipuzkoako Kultura diputadu Denis Itxasok Euskaldunon Egunkaria-k egindako ekarpen itzela gogoratu dau. Foru Aldundia euskal kultureak sortutako ondarearen gordailu izateko asmoa agertu dau Itxasok. Joan Mari Torrealdaik, ostera, Egunkaria oraindino bizirik dagoala azpimarratu dau. Egunkaria-ren bultzatzaile nagusietako bat izan zan Torrealdai, eta 2003ko operazinoan atxilotu eta torturau egin eben. Urte batzuk geroago absolbidu egin eben. Torrealdaik berak gogoratu dau itxierearen ostean agertutako leloa: Itxia baina ez isildua.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!