'Kalaportu', Joseba Sarrionandiaren inguruko sentikaria

Dabi Piedra 2019-03-01 12:51   Musikea

Martiaren 15ean estreinauko dabe, Bilbon, Loraldiaren eta Korrika Kulturalaren ekimenez.

Gaizka Insunza, Asier Amondo eta Aitor Narbaiza | Ikusi handiago | Argazki originala

Joseba Sarrionandia idazlea euskal kulturako erreferente nagusietako bat izan da azken hamarkadetan, berak idatzitako testuak era guztietako sortzaileen inspirazino-iturri izan dira. Oraingo honetan, Kalaportu sentikaria sortu dabe hainbat eragilek alkarlanea, eta hilaren 15ean ikusi ahal izango da, Bilboko Arriaga Antzokian.

Sentikariaren bultzatzaile nagusia Loraldia da, eta Korrika Kulturalaren parte be bada. Ikuskizunaren beraren hariari Audience taldeak eutsiko deutso oholtzan. Horrezaz gan, sortzaile ugarik hartuko dabe parte. Musikarien artean, Eñaut Elorrieta, Mikel Urdangarin, Ines Osinaga, Miren Narbaiza, Rafa Rueda, Dana, Joseba Irazoki eta Beñat Axiari agertuko dira. Uxue Alberdi eta Harkaitz Cano idazleak be bai. Zuzendaritzea eta eszenografia Mireia Gabilondo eta Fernando Bernuesen esku dagoz.

Arriaga Antzokian egindako agerraldian, Kalaportu-ren inguruko jakingarriak emon ditue Loraldiko Aitor Narbaizak, Korrikako Asier Amondok eta Audienceko Gaizka Insunzak. Sarrionandiaren berbek garrantzi handia dabe euskal musikan, azaldu dau Insunzak. 145 kantutan agiri dira iurretarrak idatzitakoak. Audience taldearentzat erronkea izango da kantu horreen bersinoak sentikarian jotea, errespetuz hartu daben zeregina da. Konfort eremutik urten dogu erronka honi heltzeko.

Horrezaz gan, sentikariari batasuna emoteaz arduratu beharko dira Audienceko kideak. Izan be, Insunzak gogoratu dauenez, sortzaile ugari pasauko dira oholtzatik, hainbat belaunaldi eta estilotako ordezkariak. Guk kohesinoa emongo deutsagu guztiari. Audiencek berak badauka loturea Sarrionandiagaz lehendik be. Isla diskoa grabetan Kuban egon ziran eta idazlearen ingurunea ezagutu eben.

Aitor Narbaizak gogoratu dau Loraldiak Joseba Sarrionandiaren ekarpenari keinu asko egingo deutsazala aurten. Lehenengo egunean, hilaren 12an, Iñigo Aranbarrik gidatuko dauen Lur bat idazteko saioaren oinarria izango da idazle iurretarra. 15ean, Kalaportu estreinauko dabe, eta 24an Verdes liburudendeari egingo deutsien omenaldian be gogoan izango dabe Sarrionandiaren figurea.

Ganera, Gure oroitzapenak egitasmoaren parte da Kalaportu. Sarrionandiak idatzitako izen bereko olerkitik abiatuta, proiektu hirukotxa da hori: Lehenengo, hamabi zinemagilek egindako film kolektiboa aurkeztu eben; ondoren, disko-liburua; hirugarren zatia da Kalaportu sentikaria.

Asier Amondok adierazo dau Korrikaren parte-hartzeak Bilbotik kanpora erakusteko aukerea emongo deutsala ikuskizunari. Euskal Herriko bost uriburutan beste horrenbeste kontzertu emongo ditue, lekuan lekuko antzoki enblematikoenetan. Korrika Kulturaleko ikuskizun bat bost uriburutako antzoki nagusietara heltzen dan lehenengo aldia da. Alkarlanari esker mugak apurtzen dirala azpimarratu dau Amondok.

Martiaren 15ean, 19:30ean, izango da Kalaportu-ren estreinaldia, Bilboko Arriaga Antzokian. 21ean Gasteizko Principalen egongo dira, 23an Baionako Antzoki Nagusian, 24an Donostiako Victoria Eugenian eta 28an Iruñeko Gayarren.

2019/03/15 19:30

Bilboko Arriaga Antzokian

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu