Unai Mendiburu, Bertso Errondako irabazle

Bizkaie! 2019-03-01 08:46   Bertsolaritzea

Bederatzi bertsolari gaztek hartu eben parte 7Katu gaztetxeko finalean.

Unai Mendiburu irabazlea, komunean bertsotan (argazkiak: Oihana Bartra) | Ikusi handiago | Argazki originala

Bilboko Erronda kaleko ostalaritza-guneek antolatutako Bertso Erronda txapelketeak amaiera biribila izan eban atzo, 7Katu gaztetxean. Oholtzan, bederatzi finalista dana emoteko prest (sailkatutako hamargarrena, Ane Peñagarikano, ez zan egon, gaixotu egin zalako). Oholtzatik kanpo, pilo bat ikusle, gehienak gazteak, finalaz eta eguen gauaz disfrutetako gogotsu. Giroa parebakoa izan zan hasieratik amaierara.

Saioaren formatua ez zan ohikoa izan, umore ona eta idea freskoak nagusitu ziran seriotasunaren aurrean. Batetik, oholtzea bildurrezko dekorazino gotiko bategaz apaindu eben antolatzaileek eta, bestetik, bederatzi bertsolariak eta aurkezle biak mozorrotuta agertu ziran, heriotzeagaz lotutako jantziakaz. Helburua, ariketarik ariketa bizirik irautea, harik eta finalista bakarra geratu arte. Unai Mendiburu izan zan proba guztietan aurrera egitea lortu ebana, hortaz, bera da aurtengo Bertso Errondako txapeldun.

Lehenik eta behin, ariketa gatxak ipini eutsiezen finalistei: Errimea errepetidu barik kantau eta kantau, hainbat lagun belarrira berbetan eukiezela baleko bertsoak bota, berba jakin batzuk (eta, baina, bai, ez) esan barik puntutan egin... huts egiten ebana, kalera. Ondoren, ofizioka eta nor da nor jokoan be ibili ziran.

Buruz burukora Ander Anakabe eta Unai Mendiburu heldu ziran. Kartzelakoa komunean jesarrita kantau eben, eta, ondoren, segidilla luzeak egitea agindu eutsen antolatzaileek. Saio guztian erakutsitako argitasunari eutsi eutsan Mendiburuk, eta merezita irabazi eban. Bederatzi bertsolarietatik bera izan zan idea zorrotzenak atera zituana, eta bertso dotoreenak bota zituana, saio zoro haretan bertsotan fin egitea gatxa izan zan arren. Bizkaiko Txapelketako esperientziak patxadea emon deutso Mendibururi, antza.

Aitatzekoa da lehiaketea hasi aurretik bertsolariek binaka botatako agur luzeak be. Jantzita eroien mozorroagaz lotutako bertsoak eta saioko beste bertsolarientzako adar joteak eten bakoak izan ziran, publikoa barre algaraka jarri arte. Doinu arruntak ez eze, kanta ezagunetako zatiak be moldatu zituen ariketa honetan. Mendiburu eta Anakabe nabarmendu ziran horretan be, guardia zibil jantzita, baina ganerakoen lana be irudimen handikoa izan zan.

Unai Mendiburu irabazleaz eta Ander Anakabe bigarrenaz gan, honeek izan ziran beste finalistak: Paule Loizaga, Urko Arregi, Aissa Intxausti, Kerman Diaz, Asier Alcedo, Iraitz Mateo eta Ander Ucelay.

Bertso Errondako finalistak, aurkezleak eta antolatzaileak

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu