Darabilbok jarduera ugari dakarz euskeraz berba egin gura dabenentzako
2019-02-27 09:01 Euskerea berbagaiErabili Euskerea Bilbon lemapean, jarduerak taldeka egiten dira uriko auzoetan.
Bilboko Udalak, Bilboko Euskaltegien Sareagaz batera, aurten be euskeraz egiteko ekimen bat jarri dau abian: Darabilbo; kultureagaz eta denpora libreagaz zerikusia daben jarduerak eta tailerrak, doban eskaintzen diranak, denpora librean euskerea erabili daiten sustatzeko helduen artean.
Erabili Euskerea Bilbon lemapean, jarduerak taldeka egiten dira uriko auzoetan urte osoan zehar, garagarrila eta abuztua kenduta. Jarduera horreek ikasleentzat, ikasle ohientzat, euskerea hobetu gura dabenentzako eta, oro har, euskeraz dakiten eta denpora librean euskeraz bizi nahi dabenentzako dira.
Urte osoan tailerrak eta dobako ekitaldiak egingo dira, era askotakoak, Bilboko auzoetan, kulturaz eta denpora libreaz euskeraz gozetako aukerea emotearren. Euskerea ikasten dabizenantzat da, euskerea hobetu nahi dabenentzat, edo euskeraz bizi gura dabenentzat. Era bateko eta besteko jarduera eta tailerren artean eskaintzen dira bisita gidatuak Arte Eder Museora eta Guggenheimera, euskal jantzak, antzerkia, garagardao, ardao, kafe eta orioa probetako saioak, kultur ibilaldiak Bilbon han eta hemen, kultur jarduerak, sukaldaritzako tailerrak, esku-lanak, argazkigintzea, norberaren burua defendiuten ikasteko saioak eta teknologia barriak. Jarduera guztiak euskeraz egingo dira.
Martian gozogintza-tailerrak egingo dira, eztia probetea, gosari magikoak, Joseba Sarrionaindiaren lanaren Gure Oroitzapenak filma eta berbaldi-eztabaidea, Buruarinak familientzako tailerrak. Hainbat zozketa be egongo dira: Loraldia jaialdirako, Arriaga Antzokirako, Bilborockeko kontzertu baterako, Guggenheim Museorako eta Itsas Museorako.
Azken buruan, jarduera horreetan parte hartzeko, Darabilbo webgunean emon behar da izena, eta ezinbestekoa da 16 urte beteta izatea (familiako jardueretarako izan ezik) eta euskeraz ahoz komuniketako beste jakitea
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!