Tresna gehiago Getxon familietan euskerearen transmisinoa errazteko
2019-02-27 09:59 Euskerea berbagaiHizkuntza-ohituretan, giltza diran duda, bildur eta ardura asko izaten ditue gurasoek.
Udalerriko 10.000 familia inguruk jaso dabe etxean jaiobarri bat izan ondoren, Getxoko Udala orain 15 urtetik ondoetorria emoteko eta euskerearen transmisinoan gurasoen zeregina nabarmentzeko bialtzen dagoan oroigarria. Azken urteotan, Udalak Alkarbide (udal eta mankomunidadeetako euskera zerbitzuen bilguneagaz, BFAgaz, Eusko Jaurlaritzeagaz eta EUDELegaz lankidetzan) transmisinoa sustatzeko aurrera daroan Emon euskerea zuon seme-alabei. Emangiltza! izeneko kanpaineagaz bat egin dau; ekimen horrek barritutako webguneak (www.emangiltza.eus) familiei euskerea transmitiduteko eta gurasoen ardura, duda edota bildurrak urruntzeko gomendioak, aholkuak, tresnak eta baliabideak eskaintzen deutsee; Hizkuntza-ohituretan, giltza diran duda, bildur eta ardura asko izaten ditue gurasoek. Horregaitik uste dogu webgune barria oso aproposa dala, informazino ugari eskaintzen dauelako, azaldu dau Koldo Iturbek, Euskera zinegotziak.
Emangiltza webguneak, besteak beste, tresnak, olgetak, aholkuak eta testigantzak eskaintzen ditu, edadearen arabera sailkatuta. Zozketa batean parte hartzeko aukerea be badakar guneak. Ganera, webgunean dagoan inkestea beteten dabenen artean zozketa bat egingo da eta sariak dira EAEko Nekazalturismoko etxe batean lau lagunentzako egonaldia eta euskerazko olgeten hiru bilduma (100€-ko baliokoa).
Transmisinoa udal webgunean
Getxoko Udal webgunearen transmisinoari buruzko atalean, emangiltza webgunerako loturea izateaz gan, Getxoko baliabideen gida barria dago, familiei edukazino zein astialdiagaz lotutako baliabide barriakaz. Horrezaz gan, Sendi egitasmoa, Ku-ku berbakaz umeakaz berba egiten hasteko liburuxkea, umedun dagozan guraso gaientzako Emaiozu bizia argitalpena, eta Eskolaratzeari buruzko informazino baliogarria dauen Euskerea, gure etorkizuna gidea be agertzen dira.
Udalak 2019an be segiduko dau hilero jaiobarrien etxeetara karta bat bialtzen, Alkatearen gutunagaz, adur-zapi bategaz, Ku-ku liburuxkeagaz eta baliabideen gideagaz. 2018an, 575 bialketa egin ziran, eta 2003an hasi zanetik hona, 10.000 inguru.
Jarduerok eta etorkizunean gehitzen joango diranak Getxoko IV.ESEP, Euskerea Sustatzeko Ekintza Planak jasoten dauen familia transmisinoaren helburuari lotutakoak dira, eta horren barruan, instituzino eta eragileen artean alkarlana sustatzearen bidean, lan egiten segiduko dau Udalak, batez be, umedun dagozan familiei sensibilizazino saioak atontzeko lanetan, beste eragile batzuekaz batera. Eragile horreen artean, EGIZU euskera alkartea lan nabarmena egiten dabil, konpartidutako ekintzak antolatzen, horreetako batzuk SENDI programearen barruan (2018an, 80tik gora jarduera, 900 bat parte-hartzailegaz).
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!