Sormenaren bidea hasteko prest dago Loraldia

Dabi Piedra 2019-02-26 13:35   Kulturea

Martiaren 12an hasita, 200 artista baino gehiagok hartuko dabe parte.

Antolatzaileak, artistak eta erakundeetako ordezkariak, Loraldiaren tranbiaren aurrean | Ikusi handiago | Argazki originala

Iraganeko euskal kulturatik gaur egungo artistetara, sormenaren bidaiea egiten dau urtero Bilboko Loraldia Festibalak, adierazpide guztiak hartzen dituan sentikarien bidetik. Aurtengo edizinoa aurkezteko, hortaz, ezin aproposagoa izan da antolatzaileek egindako agerraldia: Tranbiara igon, eta Loraldian egongo diran artista batzuek lagunduta emon ditue azalpenak, Atxuritik La Casillarako bidaian.

Agerraldi berezi horretan, Maite Larbururen biolinak, Aukeran konpainiaren jantzeak eta Hibairen musikeak girotu dabe tranbia, Ane Pikaza aktoreak eta Imanol Agirre Loraldiko arduradunak azalpenak emon dituen bitartean. Bosgarren edizinoa izango dan honetan, 200 artista baino gehiagok hartuko dabe parte 30 bat ikuskizunetan, martiaren 12tik apirilaren 7ra. Bilboko hainbat leku ezagunetan izango dira saioak, museo, antzoki, taberna, denda zein kaleetan.

Loraldiaren helburu estrategikoa bertoko sortzaileen lana bultzatzea eta euskal kulturea eta hizkuntzea plazara ateratzea da. Horretarako, produkzino propioak antolatzen ditu, baita beste erakunde batzukaz alkarlanean sortutako ekimenak be.

Sentikaririk barritzaileenak batzen ahalegintzen dira Loraldikoak, festibala abangoardiaren erakusgarri dan ezkero. Halandabe, begiradea iraganean, euskal kulturearen zuztarretan daukie. Xabier Leteren esanak gogoan hartuta, iturri zaharretik ur barria edaten dabela azaldu dau Ane Pikazak. Aurtengo edizinoan, Juan Sebastian Elkano itsasgizon getariarra gogoratuko dabe modu berezian. Loraldia legez, barritzailea, ausarta eta leiala izan zan, adierazo dau Pikazak, beragaz batera, XVI. mendeko Euskal Herri itsastarra berbiztuko dogu.

Martiaren 22an Euskalduna Jauregian aurkeztuko dan Mundubira. Elkano, Primus antzezlanak agertuko dau ondoen Elkanoren eta Loraldiaren arteko loturea. Patxo Telleriaren gidoia dauen ikuskizun horretan, Elkanoren eta beragaz munduari birea emon eutsan beste marinel baten arteko alkarrizketea da ardatza.

Horrezaz gan, Teatro Eguna egingo dabe hilaren 27an, Aizpea Goenaga, Olatz Beobide eta La Cuerda konpainia protagonista dirala. Jaialdiaren lehenengo eguna, baina, literatureari eskainiko deutsie. Martiaren 12an, Iñigo Aranbarrik Joseba Sarrionandiaren obrearen ganean egingo dau berba, eta hil horren 15ean, Kalaportu estreinauko dabe, hori be Iurretako idazlearen ingurukoa. Joxan Artze gogoratzea, ostera, Txakur Gorria kolektiboaren ardurea izango da (20an), eta Munduko Poesia Kaierak egitasmoaren txandea 23an helduko da. Verdes liburudendeari omenaldia egingo deutsie, 24an.

Musikearen atalean, lehen aitatutako Maite Larburuk joko dau martiaren 28an Azkuna Zentroan, eta Hibaik 31n Euskaldunan. Ganera, Lurpekariak, Belatza, Aneguria eta abar egongo dira oholtzan. Jantzaren arloan, Aukeran taldeak Biz Hitza aurkeztuko dau, eta errefuxiatuen egoerea salatzen dauen Basoa be aitagarria da.

Hori guztia eta gehiago, hiru aste pasautxuko egitarauan disfrutau ahal izango da, Sentikariz blai lelopean. Eusko Jaurlaritzako Kultura zuzendari Aitziber Atorrasagastik adierazo dauenez, bidaia poetikoa egiteko gonbidapena da Loraldia. Bizkaiko Foru Aldundiaren izenean, Lorea Bilbao Kultura diputaduak alkarlanaren garrantzia azpimarratu dau.

Egitarau osoa, hemen.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu