XX. BilbaoPoesian, Dario Jaramillo, Paca Aguirre, Pere Gimferrer eta Nuno Judice izango dira

Bizkaie! 2019-02-25 08:20   Kulturea

Hitzordua martiaren 7an hasiko da.

Bilboko Udalak antolatutako BilbaoPoesiak maila handiko hogei egile inguru batuko ditu, besteak beste, Darío Jaramillo, Paca Aguirre, Pere Gimferrer edo Nuno Júdice, gure letrak ahaztu barik, José Fernández de la Sota, María Maizkurrena, Miren Agur Meabe, Beatriz Chivite edo Irati Iturritza.

Errezitaldiak, musikea, egileakaz topaketak eta Zazpi Kaleetako geltokian poesia hamarkada bi horreen erakusketa-laburpena jasoten dituan BilbaoPoesiaren hogeigarren edizinoaren programazino osoa gaur goizean aurkeztu dabe Bilboko Udaletxean, Nekane Alonso Kultura zinegotziak eta Begoña Moránek, BilbaoPoesiaren programatzaileak.

Jarduerak martiaren 7an hasiko dira, poesia garaikideko hiru egilek eskaniko daben errezitaldiagaz, Darío Jaramillo, Granadako Antonio Carvajal eta Madrilgo Antonio Lucas. Hiruren artean bat azpimarratu behar dogu, 2018an, García Lorca Nazinoarteko Poesia Sari garrantzitsua irabazi dauena: Darío Jaramillo poeta, eleberrigile eta saiakeragile kolonbiarra, Kolonbiako poesia erromantikoaren barritzaile nagusia eta XX. mendearen bigarren erdialdeko poeta onenetakoa.

Programazioak, azken urteetan literaturearen munduan erantzun handiko zenbait ahots gazte batuko dituan poesia errezitaldia jasoko dau martiaren 11n. Ia guztiak, 15. urteurrena beteten dauen La Bella Varsovia argitaletxeagaz egiten dabe lan. Ekitaldiak Cordobako Elena Medel eta María Sánchez, Madrilgo María Martínez Bautista, eta Irati Iturritza eta Beatriz Chivite (Blas de Otero Poesia Saria 2016) nafarrak batuko ditu. Danak be 80ko hamarkadako bigarren erdialdean edo 90ekoan jaiotakoak dira, eta emakume poeta belaunaldi barriaren ikur dira.

Egile gazte talde horren aurrean, martiaren 12ko errezitaldiak, Estaduko poesiaren ahots nagusietakoa jasoko dau, umetatik Madrilen bizi dan Alacanteko Francisca Aguirre, literatura eta kultura zirkulu guztietan Paca Aguirre izenez ezagutzen dana (Letren Sari Nazionala 2018). Beragaz batera, Guadalupe Grande alabea eta poetea, María Maizkurrena eta Nuno Júdice poeta, eleberrigile eta irakasle portugaldarra egongo dira.

Martiaren 13an, ibilbide luzeko bost idazle batuko dira Bidebarrietako Liburutegian: Felipe Benítez Reyes, literaturako ia genero guztiak hartzen dituan egilea da, eta oso sari garrantzitsuak irabazi ditu, Kritikearen Saria eta Literatura Sari Nazionala, besteak beste. Horrezaz gan, bertan egongo dira Lorenzo Oliván poeta kantabriarra (Kritikearen Saria 2014), Raquel Lanseros Cadizko poeta eta itzultzailea, egungo poesiak dauen ahots sarituenetakoa eta eta euskal poeta handi bi, José Fernández de la Sota eta Miren Agur Meabe.

Programazinoak hurrengo egunean, martiaren 14an, izango dau jarraipena, Elvira Sastre eta Benjamín Prado alkartuko dituan literatura topaketeagaz. Elvira Sastre ohiko egileetako bat da literatura ekitaldien zirkuituan, poesia zuzenagaz, eta aintzatespena eta ospea lortu ditu Interneten eta sare sozialen bitartez. 1992an jaiotako poeta segoviarrak, Internetek emakume idazle bati emoten deutsozan aukerak ikusita, Relocos y recuerdos bloga sortu eban, ohar koadernoa, bitakora eta irakurleakaz berba trukerako topaleku. Sastrek Biblioteca Breve saria irabazi dau ekitaldi horretan aurkeztuko dauen Días sin ti lehenengo eleberriagaz.

Programazinoa martiaren 15ean zarratuko da, Blas de Oteroren Eguna ospatzeko. Holan, bertan batuko dira Pere Gimferrer Letren Sari Nazionala, Guillermo Carnero, Vicente Molina Foix eta Jenaro Talens, Blas de Oterogaz hartu-emon zuzenak izan zituen belaunaldiko kideak. Topaketea gai horren ingurukoa izango da, eta 19:00etan hasiko da; sartzea doban da, leku guztiak bete arte.

Goitik behera literatureagaz lotutako programazinoaz gan, BilbaoPoesiak Xoel López Coruñako kantautorearen kontzertua dakar, zapatuan, martiaren 9an, arratsaldeko 20:00etan, Sueños y pan azken laneko abestiak eskainiz. Sarrerak (10 euro) salgai dagoz Power Records-en eta www.bilbaokultura.eus/bidebarrietakulturgunea webgunearen bitartez.

Beste alde batetik, martiaren 10ean, Bidebarrieta Kulturguneak Erre Arteka & Maskaradak produzidutako lan eszenikoa jasoko dau, Mario Benedettiren Buzón de tiempo antzezlanean oinarritutakoa. Ikuskizuna 19:00etan hasiko da.

BilbaoPoesiaren hogeigarren edizinoagaz bat etorriz Udalak urteotako atzera begirako erakusketea programau dau, hamarkada bi horreetan jaialditik igaro diran egile garrantzitsuenetako batzuen erretratu eta testuakaz, Adonis, Ángel González, José Manuel Caballero Bonald, María Victoria Atencia, Chantal Maillard edo Miren Agur Meabe, besteak beste. Panelak Bilboko Metroaren Zazpi Kaleetako geltokian egongo dira ikusgai, Unamuno plazako urteeran, martiaren 1etik 30era.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu