Euskaltzaindiak eta Bilboko Udalak alkarlanari eutsiko deutsie

Bizkaie! 2019-02-25 13:29   Euskerea berbagai

Orain dala hamar urte baino gehiagoko hitzarmena barritu dabe.

Juan Mari Aburto eta Andres Urrutia (argazkia: Bilboko Udala) | Ikusi handiago | Argazki originala

Andres Urrutia euskaltzainburua eta Juan Mari Aburto Bilboko alkatea udaletxean batu dira, Euskaltzaindiaren eta Udalaren arteko lankidetza-hitzarmen barria sinatzeko. Euskerearen transmisinoaren, erabilerearen eta kalidadearen alde egingo dabe alkarregaz, azken urteotan legez. Izan be, hamar urte baino gehiago dira erakunde bien arteko lehenengo akordioa sinatu ebela.

Juan Mari Aburtok azaldu dauenez, Udalaren ildo estrategikoak dira euskerea jagotea eta haren erabilera soziala bultzatzea, euskal literaturea sustatzea eta gizarteratzea, eta euskerearen transmisinoari laguntzea. Helburu horreek gogoan, hainbat jarduera zehatz aurreikusi ditue. Horretarako, 35.500 euroko laguntzinoa emongo deutso Udalak Akademiari.

Kulturea eta euskerea urian zabaltzeko ekitaldiak egiteko ardurea hartuko dau Euskaltzaindiak, eta Bilbon euskerearen alde lan egin daben persona esanguratsuen biografiak plazaratuko ditu. Aurten bertan, Xabier Kintanaren inguruko liburua aterako dabe erakunde biek alkarlanean. Astelehen Buruzuriak, musikea eta berbaldiak batzen dituan ekimena antolatzen segiduko dau Akademiak, Plaza Barrian daukan egoitzan.

Bestelako konpromisoak be hartzen ditu akordioak. Esate baterako, euskerearen normalizazinoan eta garapenean Bilboko Udalak beharren bat daukanean, Euskaltzaindiak aholkua emongo deutso. Plaza Barriko egoitzea kulturearen eta hizkuntzearen aldeko jarduerak antolatzeko lagako dau, ganera. Agerraldian gogoratu dabenez, Euskaltzaindiaren egoitza beti egon da Bilbon, 1919an sortu zanetik.

Bilboko Udalak euskereagaz erakusten dauen ardurea eredugarria da, adierazo dau Andres Urrutiak hitzarmena sinatzeko ekitaldian. Urteroko hitzarmena Euskaltzaindiarentzat estrategikoa dala ganeratu dau. Juan Mari Aburtok zoriondu egin dau Akademia, ehun urte bete ditualako, eta Udalak euskerearen erabilerea bultzatzen segiduko dauela agindu dau.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu