Xatiro: 'Piezak, abestiak gura ditu entzuleak, disko osoak baino'
2019-02-25 08:25 BarriketanXatiro, Bilboko rap abeslariak, Como Deadpool abestia aurkeztu dau oraintsu bideoklip baten laguntzaz, proiektu barriaren ibilbidea islatzen dauen abestia.
Unai Hernandez Unda (Bilbo 1983) Xatiro ezizenagaz, 2003. urtean hasi zan raparen munduan Kukutza III-ko ensaio lokaletan. 2004an, Kukutzan sortutako Fenomenos de la Naturaleza taldean sartu eta eurekaz batera hiru disko kaleratu zituan.
2012an, Arte Ederretan lizentziau eta taldea ixtea erabagi eban, bakarkako lehenengo lanari ekiteko. Proiektuari hasierea emon eta eta 2016an, Xatirokeriak lehenengo lana argitaratu eban. Lan hau, Aresan eta Ruben G. Mateos produktoreek gidatu eben.
1.- Xatiro izena nondik nora dator?
Satiratik dator Xatiro, irudi poetiko horretatik; satirea, sarkasmoa, umorea, ironia beti gustau izan jataz eta beti erabili dot; Fenomenos de la naturaleza taldea sortu genduanean be, Xatiro ezizena kantu baten sartu eta hortik aurrera erabagi neban neuk hartzea izen hori neure burua izentetako. Musika jartzaileok eta raperook beti erabilten dogu ezizen bat eta sano egokia begitandu jatan.
2.- Como Deadpool kantuaren bideoa aurkeztu dozu oraintsu komikiko personaia erabiliz. Zer esan gura dozu kantu honetan?
Sano gustetan jat eta sarritan jorratzen dodaz nire barruko gatazka eta gorabeherak eta kasu honetan, igesaldi bat ardatz hartuta harilkatzen dot kantua, egunerokotasunetik, mundu gris honetatik aldendu eta personaia behar nebanez, Marvel etxearen komikia Deadpool otu jatan. Historian, kotxe bat hartu eta hor noa nire burutazinoak zabaltzen.
3.- Zure proiektu barriaren ikur ete da Como Deadpool?
Kantu barriko protagonistea da Deadpool. Ruben G. Mateos produktore eta lagunak eta biok grabau genduan lehenengo abestia izan zan, etxean egin neban gitarreagaz eta ederra otu jatan. Mateosek apaindu, piano tarte batzuk sartu eta polito geratu da.
Hurrengo abestia be erabagita daukagu, euskeraz kantauko dot. Hori da asmoa, bat euskeraz eta bestea gaztelaniaz, hilero bat.
4.- Pop kulturea ardatz hartuta, zurea rapa da. Zeintzuk dira zure ereduak? Ze musika entzuten dozu?
Danetarik. Popa, filmeen mundua, soinu-bandak, komikiak asko gustetan jataz eta hor dago abiapuntua; film laburrak be egiten ditut eta bideoklipak be bai. Musikearen arloan, ez rapa bakarrik, akaso, gitxien entzuten dodana da; bestelako musika estilo batzuk be gustetan jataz, berbarako, pop-rock zale amorratua naz eta Erresuma Batuko popa, The Jam, punk legez hasi arren, asko entzuten dot, Josele Santiago be itzel gustetan jat, poesia hutsa da.
5.- Ze ekarpen egin eutsen diskoari Aresan eta Ruben G. Mateos produktoreek?
Handia. Nik gitarrea jo arren, akordeak izaten dira gehienbat eta produktoreak bai baina musikariak dira beste ezeren gainetik eta erakusten edo joten deutsezun guztia mimo handiz aztertu eta egokitzen dabe; norberaren izakerea eta jarrerea ikusita badakie nondik nora jo. Artistak dira.
6.- 2016an, Xatirokeriak diskoa, zure lehenengo lana aurkeztu zenduanetik, ez zara geldi egon. Zuzenekoetan entzuleek zelan hartzen zaitue?
Ondo, normal antzean. Entzule finkorik ez dago, leku bakotxean jarrera batekoa edo bestekoa topau zeinke baina, oro har, gustora nago agertu jatanagaz. Lagun eta hurrekoakaz batera, jenteak ondo pasetan dauela esango neuke, antzeztea asko gustetan jat eta beti saiatzen naz teatroa sortzen, ikuskizuna, ikusleei rapa baino zeozer gehiago emoten.
7.- Euskerea eta gaztelania nahastau zenduzan lehenengo diskoan. Zeinegaz zabiz erosoago?
Disko osoa euskeraz argitaratzea be ez dot baztertzen. Hasierako diskoa euskeraz egitea pentsau neban baina aspaldiko kantuak, gaztelaniazkoak ez nituan baztertu gura eta, azkenean, hizkuntza biak sartzea, besterik ez jatan okurridu. Zoritxarrez gure gizartean errealidadea da gaztelaniaz egitea, baita euskaldunok be.
8.- Lehenengo diskoan, Shintoma eta La Basu izan zenduzan kolaboratzaile. Scratch eta holakoetan dj edo musika jartzaileen laguntzinoa be izan dozu?
Gustora nabil kolaboratzaileakaz eta aurrerantzean be etorriko da zeozertxu. Ez dot larregi aurreratu gura ze zehaztasunen faltan eta, badakizu; edozelan be, hurrengo abestian, euskeraz izango dan abestian, Plentziako Salda Dago taldeko abeslariaren ahotsa entzungo da. Dance Hall-en dabil eta oso abeslari ona da.
9.- 2003an hasi zinan raparen munduan Kukutzan. Ordutik hona ze aldaketa igarri dozu musikan?
Musikearen konsumoan igarten da aldaketea. Orain musikea entuteko modua esklusiboagoa da, jenteak ez dau disko bat hasi eta amaitu entzuten, egun era fisikoan, kontzertuetan eta konsumiduten da musikea eta digitalean be asko entzuten dau jenteak. Ganera, diskoa osorik ez dabe entzuten, piezak, abestiak gura ditu entzuleak, disko osoak baino eta, ahal dala, ikusi egin gura dabe kantua, euskarri bisuala tarteko.
10.- Arte Eder ikasketak balio izan deutsue musikea jorratzeko?
Bai. Baina musikea jorratzeko baino maila artistikoan igarri dot, bideoklipak egiteko eta, arlo bisualean. Musikea aitagandik jaso dot, gitarrea joten dauelako etxean eta ama be artistatzat daukat, operea gustetan jako eta, beraz, nirea berez etorri da.
11.- Rap abeslariak eta poetak badabe zerikusirik? Zertan?
Bai. Baina arlo artistikoak nahastetea ez jat asko gustetan, bertsolaritzea be hor sartu izan dabe batzuk eta ez da komenidu ze bakotxaren berezitasunak gogoan hartu behar dira; sentimenduak, estetikea eta antzezkizunean be gorabeherak dagoz.
12.- Zein izango da zure jarduerea aurrerantzean?
Diskorik ez dot argitaratuko. Ruben G. Mateos produktoreagaz jarraituko dot eta kantu solteak plazaratzea da asmoa eta, ahal dala, euskarri bisualagaz, bideoklip edo liric bideoa tarteko dirala. Lehen be esan deutsut baina nabarmendu gura neuke, hurrengo kantua euskeraz izango dala.
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!