Euskaltzaindiak Iruñean egin dau Osoko Bilkurea
2019-02-22 14:46 Euskerea berbagaiNafarroako Gobernuagaz dauen lankidetzeari eutsiko deutso.
Mendeurrenaren ekitaldien barruan, Euskaltzaindiak Osoko Bilkurea egin dau Iruñeko Nafarroako Jauregian. Bisitaldia aprobetxauta, Uxue Barkos Nafarroako Gobernuko lehendakariak harrerea egin deutse Andres Urrutia euskaltzainburuari eta ganerako euskaltzainei.
Ehun urte bete ditu Euskaltzaindiak, eta ehun urteko hartu-emona izan dau Nafarroako lurraldeagaz eta agintariakaz. Uxue Barkosek azpimarratu dauenez, lankidetza konpromisoa barritu dabe. Mende bateko ibilbidean Euskaltzaindiak sarri egin ditu batzarrak Iruñean, Nafarroako Jauregian bertan be bai. Hango tronu aretoan egin deutse harrerea lehendakariak euskaltzainei. Barkosek adierazo dauenez, erakunde bien arteko alkarlanak gorabeherak izan ditu, historiaren beraren gorabeherak, baina esateko moduan gagoz azken urteotan egonkortasuna lortu dala.
Euskerearen alde lan garrantzitsua egiten dau Euskaltzaindiak, eta preminazkoa da ahalegin hori bistaratzea eta herritarrei erakustea, Barkosen ustez. Gobernua Akademiari laguntzeko prest dagola ganeratu dau.
Andres Urrutia euskaltzainburuak, bestetik, lankidetzarako gogo hori eskertu deutso Nafarroako Gobernuari. Nafarroako euskaltzainen eta herritarren ekarpena funtsezko zutabea da euskereari erabilera esparru bateratua emoteko orduan, gizartean hizkuntza bati jagokozan eginkizun guztiak bete daizan, Urrutiaren arabera.
Gaur-gaurkoz sarri esaten da euskerearen aldeko ekitaldietan berbetatik ekintzetara pasau behar dala. Horregaitik, Euskaltzaindiak berretsi egiten ditu bai sorreran eta bai bere ibilbidean izan dituan gidalerroak: euskerea indartzea, euskeraz berba egiten dabenen eskubideak jagotea, eta eretxien aniztasuna bateratzea, hizkuntzea indartzeko. Horreek berbak esan eta gero, euskaltzainburuak Nafarroako lehendakariari eskultura txiki bat emon deutso, Ramos Urangaren diseinu batean oinarritua.
Iruñean egindako Osoko Bilkuran, euskaltzainek santutegietako ohiko izenak berrikusteko proposamen baten eta hiztegiaren inguruko hainbat gairen ganean egin dabe berba. Mendeurreneko ekitaldien barruan, hau ez da Akademiak Nafarroako uriburuan egin dauen ekitaldi bakarra. Urtarrilaren 17an eta 18an, hizkuntza gitxituen oraina eta geroa aztertzeko nazinoarteko biltzarra egin eben.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!