'Green book'

Karolina Almagia 2019-02-22 13:41   Zinema kritikak

Oscar sarietan, bost izentapen ditu (film, zuzendari, gidoi, aktore eta bigarren mailako aktorerik onenak).

- Iraupena: 130 min.

Herrialdea: AEB.

- Zuzendaria: Peter Farrelly

- Gidoia: Brian Hayes Currie, Peter Farrelly, Nick Vallelonga.

- Musikea: Kris Bowers.

- Aktoreak: Viggo Mortensen, Mahershala Ali, Iqbal Theba, Linda Cardellini, Ricky Muse, David Kallaway...
- Produktorea: Universal Pictures / Participant Media / DreamWorks SKG / Innisfree Pictures / Wessler Entertainment.

- Generoa: Benetazko jazoeretan oinarritutako komedia dramatikoa.

- Balorazinoa: 4/5


Oso noizean behin zorioneko pelikulak agertzen dira: publikoaren gustukoak, kritika onak jasoten dituenak eta sari guztiak eroaten dituenak eta hau da horreetako bat.

AEBetako hegoaldean, XX. mendean arrazismoa oso presente egoan ze beltzek hara bidaian joaten ziranean, green book izeneko bidaia-gida berezi bat eroaten eben; baltzek non gelditu lo egiteko eta ze jantoki edo tabernetara joan eitekezan arrisku barik agertzen zan.

Eta liburu berde hori eroan eben 50 hamarkadan pianista trebea Don Shirley-ek eta bere gidari italoamerikarra Tony Lip AEBetako Hegoaldetik gira bat egin behar izan ebenean.

Bada, istorio erreal hori kontetan deusku Peter Farrellyk (Algo pasa con Mary) film honetan eta horretarako Viggo Mortensen aktorearen interpretazino zoragarria darabil; normalean baino 20 kilo gehiagogaz, Mortensenek Mahershala aktore sariduna be txiki ixten dau.

Arrazismoz, laguntasunaz, bakardadeaz, tolerantziaz, hezkuntzaz... Hori dana dago filmaren oinarrian, beti be umorea ahaztu barik. Hau da, pentsau eragiten deutsu eta sano dibertigarria da. Zer gehiago eskatuko deutsagu? Akaso, beharbada apur bat on hutsegia izatea, batez be amaieran, aurreikusteko modukoa baita eta goxoegia nire gusturako.

Dana dala, akats hori parkatzen deutsagu, irribarre bategaz goazelako zinema-aretotik kanpora. Eta hori beti da eskertzekoa.

Azken buruan, astegoienean emongo dituen Oscar sarietan, bost izentapen ditu filmak (filmik onena, zuzendari onea, gidoirik onena, aktore onena eta bigarren mailako aktore onena).

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu