Joan Baez eta Jamie Cullum, Donostiako 54. Jazzaldia zabaltzeko
2019-02-21 13:41 MusikeaHondartzan joko dabe, garagarrilaren 24an.
Donostiako Heineken Jazzaldiaren 54. edizinoa zabaltzeko, Jazz Band Ball dalakoa antolatu dabe, Zurriolako hondartzan eta inguruetako terrazetan. Dobako gaualdi horretako protagonista nagusiak Joan Baez eta Jamie Cullum musikari ezagunak izango dira, antolatzaileek jakitera emon dabenez.
Aurtengoa izango da Joan Baezen lehenengo bisitaldia Donostiara, eta beharbada azkena be bai, kantautore amerikarra agurreko birea egiten dabil eta. Izan be, mende erdi baino gehiagoko ibilbide musikala egin dau 78 urteko Joan Baezek. 1960ko hamarkadan egin zan ezagun, bere abesti aldarrikatzaileei esker, eta ahots sendo baina gozoak lagunduta.
Horren ostean be, pakearen, giza eskubideen, emakumeen bardintasunaren eta abarren aldeko burrukan segidu dau Baezek. Hasieran egiten eban musikeari eutsi deutso, baina kanpoko eraginei uko egin barik.
Jamie Cullum, ostera, gaur egungo jazzaren ordezkari nagusietako bat da. Hau bai, makina bat aldiz izan da Donostian, Jazzaldiaren hainbat edizinotan. Jazz-pop dalako estiloaren barruan Cullumek izan dauen garapena ezagutzen dabe, hortaz, euskal zaleek. Oraingoan, heldutasunera ailegau dan artistea entzun ahal izango dabe Zurriolan, Baezen emonaldiaren ostean. Bere ohiko bandeak lagunduta etorriko da Cullum, eta laster aterako dauen diskoko abestiren bat joko ete dauen zabaldu da.
Ganera, lehenengo eguneko artista biez gan, ordainpeko kontzertu nagusien egitaraua zein izango dan be aurreratu dabe. Joe Jackson, Sílvia Pérez Cruz, Toquinho, Martirio eta Atomic batuko jakez lehendik iragarritako izenei. Besteak beste, Diana Krall Donostian izango dala lehendik esanda egon da. Egitarau nagusiko sarrerak salgai dagoz dagoeneko.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!