Diana Krall, Jamie Cullum eta Neneh Cherry, 54. Jazzaldian

Bizkaie! 2019-01-04 08:03   Musikea

Garagarrilean Donostiara etorriko diran artisten izenak emoten hasi dira antolatzaileak.

Garagarrilaren 24tik 28ra egingo dabe 54. Donostiako Heineken Jazzaldia, eta bertan egongo dan artisten zerrenda luzeko lehenengo izenak jakin eragin ditue antolatzaileek. Diana Krall, Jamie Cullum eta Neneh Cherry dira aitagarrienak. Joshua Redman eta Donny McCaslin saxofoi-joleak be Jazzaldian egongo dira, baita Maria Schneider be. Urrian iragarri eben John Zorn.

Diana Krall hirugarren aldiz izango da Donostian. 2013an eta 2016an etorri zan, eta 2019an, Joe Lovano, Robert Hurst eta Karriem Riggins egongo dira oholtzan abeslari eta pianista kanadarragaz. Jamie Cullum britainiarra eta Neneh Cherry suediarra be sarritan egonda dagoz Jazzaldian. Azken horrek Broken Politics disko barriko kantak aurkeztuko ditu.

Joshua Redman, aldiz, Still Dreaming disko barria aurkezten dabil azkenaldion. Ron Miles, Scott Colley eta Dave King izango ditu lagun Jazzaldian.

Donny McCaslin 2017an egon zan Donostian lehenengoz, eta publikoa harritu eban haren talentu freskoagaz. Urte bi geroago bueltauko da Jazzaldira. Maria Schneiderrek, ostera, aurten izango dau estreinekoa Donostian. Honeek artista biek egun berean joko dabe eta, amaieran, alkarregaz interpretauko ditue pieza batzuk.

54. Jazzaldiko sarrerak zezeilean ipiniko ditue salgai. Hurrengo asteetan, aurtengo edizinoan parte hartuko daben artista gehiagoren izenak iragarriko ditue antolatzaileek.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu