Badator Bertsoa Bizi Gazte bideoklip lehiaketea

Bizkaie! 2019-02-21 08:45   Bertsolaritzea

Gazteen euskerearen erabilerea sustatzea da helburua.

Gazteen euskerazko sormena bultzatzea helburu dauen Bertsoa Bizi Gazte lehiaketea martxan dago. Arabako Bertsozale Alkartea da ekimenaren sustatzailea eta Arabako Foru Aldundia laguntzailea.

Arabako Foru Aldundiak eta Arabako Bertsozale alkarteak bart egin dabe Bertsoa Bizi Gazte bideoklip lehiaketearen aurkezpen soziala, Artium museoan, gazteen euskerazko sormena bultzatzea helburu dauen proiektuaren nondik norakoak zabaltzeko. Lehiaketearen oinarriak, sariak eta maiatzaren 11n Legution izango dan festa handiaren barri emon dabe gizartearen aurrean.

14-18 urte bitarteko gazteentzako proposamena da. Gitxienez hiru eta gehienez zortzi laguneko taldea osotu eta minutu biko bideoklipa bialdu beharko da maiatzaren 6a baino lehen. Gazteen euskerazko sormena lantzeko, aurretik 1.000 ikaslegaz egin dabe lanketa DBHko 19 ikastetxetan.


Zer da bertsoa bizi gazte?

Bertsoa Bizi Gazte 2016an Arabako Bertsozale Alkarteak abiarazotako egitasmoa da eta gazteen euskerearen erabilerea sustatzea dau helburu. Honetarako euskerazko sorkuntzea da ardatz nagusia, baina musikea, rapa edo ikus entzunezkoen arteko fusinoa lantzea da oinarri nagusia. Egitasmoak eragin eremu nagusi bi ditu, bata, hezkuntza arautuan; bertan, Arabako institutuetan (DBH 3-4 mailatan batez be) lau ordutako murgiltze saioak egiten ditugu, ondoren euren produkzinoak taularatzen dira bertso saio parte-hartzaile baten bitartez. 2017-2018 ikasturtean, 1000tik gora gazterengana heldu ginan Arabako eskualde ezbardinetara. Aisialdiaren eremuan, barriz, BBG lehiaketearen bidez, taldekako euskerazko sormena bultzatu asmoz ikus entzunezko lanak osotu zituen, bertso musikatuen arloa, zein abesti edo rap estiloetan. Behin bideoklip lanak jasota, lehiaketeak sare sozialetan boto bidezko ibilbidea izan eben eta azkenik Bertsoa Bizi Gazte Eguna antolatu genduan Legution maiatzaren 12an. Bertan, Arabako gazteak batu eta egun osoko egitaraua osotzeaz gan, sariak banatu, zuzeneko emonaldia egin eta gazteen arteko loturak sustatu asmoz, Arabako gazteen bertso txapelketako finala be egin genduan.

Igazko Bertsoa Bizi Gazte lehiaketea polito geratu zan, izan be, 13 taldek eginiko lanak aurkeztu zituen, Gasteiz, Gorbeialdea, Mendialdea, Aiaraldea, Lautada eta Arabar Errioxako taldeen bidez. Horrezaz gan, BBG egunean 100 gazte inguruk parte hartu eben. Eta irailan, asteburu pasa antolatu eben irabazleakaz.

Aurten, parte-hartzaile gehiago izatea eta hasitako bide honek jarraipen zabalagoa izatea dira asmoak.

2018-2019 ikasturtean, 1000tik gora gazterengana heltzea da asmoa. Murgiltze saioen bidez, igazko institutu gehienek emon deutse jarraipena ikasturte honetan (Gasteiz, Lautada, Mendialdea, Aiaraldea eta Gorbeialdean) eta aurten beste ikastetxeren batera be helduko dira, esaterako Gasteizko Lakua BHIra. Ganera, bideoklip lehiaketearen bidez partea hartzea bardinduko dalako esperantzea dago.

 

2019ko BBG lehiaketea:

Arabako gazteen euskarazko sorkuntza bultzatzea dau helburu lehiaketeak eta taldeka aurkeztu beharko ditue euren lanak (3-8 lagun). Gaiaren aukeraketea talde bakotxaren esku egongo da eta bertso musikatu, abestiei letrak aldatu edo RAP eran eta euskera hutsean egin beharko dabe lana. Maiatzaren 6rako aurkeztu beharko ditue lanak eta maiatzaren 11an BBG eguna antolatu dogu Legution, Legutioko udaletxearen babesagaz. Bertan, bideoklipak ikusi, bertsolari gazteen eskolarteko saioaz gozau, sariak emon, herri bazkaria...

Sariei jagokenean, aurten be 4 sari nagusi eskainiko baditugu be, bideoklip onenaren saria, originalena, webgunean boto gehien jasotakoa eta txalo metroaren saria, guztiek irailaren 6,7 eta 8an asteburu pasa bera izango dabe saritzat, hain zuzen, Eulaten (Nafarroan) kirol abentura, euskera eta sormenaz gozetako aukera parebakoa izango dabe saridunek, Urbasa natur parkean.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu