Suzanne Vega, Little Steven eta Anje Duhalde, Sondikan

Bizkaie! 2019-02-19 10:58   Musikea

IV. BBK Music Legends jaialdian joko dabe.

Suzanne Vega kontzertu baten | Ikusi handiago | Argazki originala

Kartel disdiratsua osotuten dabil BBK Music Legends jaialdia bere laugarren edizinorako. Lehendik be, The Beach Boys, Ben Harper eta abar baieztauta izan ditue antolatzaileek, eta orain beste musikari moltso esanguratsu baten barri emon dabe.

Alde batetik, Suzanne Vega izar kaliforniarra etorriko da Olako agertokira, disko barri eta guzti: Tales from the Realm of the Queen of Pentacles izen luzea jarri deutso azken lanari. Dana dala, beti-betiko abestiak be joko ditu Vegak.

Beste amerikar bat Steven Van Zandt izango da, Little Steven izen artistikoagaz ezagunagoa. Bruce Springteenen The E Street Band taldeko kidea eta rock&rollaren ordezkari ezaguna da, baina konpositorea, produktorea, irakaslea, historialaria, aktorea, zuzendaria... be bada. Sondikara Little Steven and The Disciples of Soul bandeagaz etorriko da.

Euskal ordezkariei jagokenez, Anje Duhalde be BBK Music Legends jaialdian izango da. Euskal Herrian ondo ezaguna da lapurtarraren ibilbide oparoa, euskerazko rock&rollaren aitzindari izan zanetik gaur arte. Errobi taldean lehenengo, bakarlari gero, erritmo biziko doinuak zein abesti tradizionalak daukaz errepertorioan, eta horreetako batzuk behin eta barriro abesten dira jai giroan eta bazkalosteetan.

Horreez gan, Kitty, Daisy & Lewis hirukote ingelesaren nahaste musikala entzun ahal izango da Olan, rockabilly, soul, blues, country eta abarregaz. Baita Mississippi Queen & The Wet Dogs be, Try me  izeneko lehenengo diskoa atera barri dauen bertoko bandea.

Betiko legez, Sondikako Ola auzoan jarriko daben agertokian egingo dabe BBK Music Legends jaialdiaren laugarren edizinoa. Bagilaren 14an eta 15ean izango dira kontzertuak. Egun biko bonoa 95 euroan dago salgai, eta egun bakarrekoa 55 euroan.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu